Mintza gaitezen faxismoaz

2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Heinz Dieterich eta Noam Chomsky idazle eta analista handiek Hablemos de terrorismo liburua idatzi zuten 1998an, benetako terrorismoaren berri emateko, eta, horrela, botereak zein komunikabideek hitz hari ematen zioten erabilera intentzionatu eta okerra agerian uzteko. Oraingo honetan, nire asmoa ere benetako faxismoari buruz zerbait idazten saiatzea litzateke.

Izan ere, asko amorratzen naute jarrera faxistek zein halakoak dituzten pertsonek. Gero eta zailagoa egiten zait haien jarreren aurrean isilik edo geldi geratzea: eurena besteei inposatu behar triste hori, gainontzekoak baino gehiago izatearen ustea, errespetu falta, indarkeriaren erabilera, mehatxuak... Eurekiko desberdina (eta ia beti ahulagoa) den ororen aurka jo behar hori: homosexualak, emakumeak, beste arrazak, pobrezian bizi direnak, beste hizkuntzak, desgaitasunen bat dutenak, etxegabeak, gainontzeko erlijioak, gizenak, betaurrekodunak... edota besterik gabe irri eginez zoriontsu bizi dena... Guztiak daude (gaude) euren jomugan, denak izan daitezke (gaitezke) euren biktima. Gero eta adibide gehiago daude, gero eta gertuago.

Batzuk, faxismoaren mugimendua nolabait justifikatu nahian, iraganeko kontu eta terminoak direla esan ohi dute. Zoritxarrez, iraganaz gain, oraina ere baduen arazo larri baten aurrean gaudela iruditzen zait niri.

Faxismo historikoa. Badira oraindik euren iragan hurbil faxistarekin eten ezin duten herrialde/gobernuak. Edota eten nahi ez dutenak. Zerrenda luzea osa genezake: Espainiako Estatua, Italia, Alemania, Austria, Hungaria, Polonia edota Israel bera (faxismoaren biktima nagusietako bat izatetik, faxismoaren adibide gorenetako bat izatera iritsi dena)...

Espainiako estatuaren kasuan, ebidentea da oraindik ere frankismoarekin eten ez duten botere egituren menpe dagoela, liburuetan frankismoa aspaldi bukatu zela saltzen diguten arren. Frankismoko erantzuleetako inor ez da epaitua izan, ez da barkamen eskakizunik egon, eta lehen boterea zutenen jarraitzaileak daude aginduak ematen. Egun batetik bestera, frankista izatetik demokrata izatera pasatakoak, beste ezertxo aldatu gabe. Antzeko kasua da Italiarena edota eskuin muturra gobernuan dagoen Europa erdialdeko beste hainbat herrialderena ere. Ezin gutxietsi daiteke arazoaren dimentsioa.

Ezkutuko faxismoa. Ageriko kasu horiez gain, bada hamarkada luzez erregimen faxistak sustatzen edo laguntzen diharduen potentzia erraldoi bat ere. Demokraziaren izen eta banderapean beti, noski. Bai, AEBez mintzo naiz. Eurek babestutako estatu kolpe zein diktadura faxisten edota diseinaturiko eta piztutako gerren eta inbasioen zerrenda amaigabea da.

Zibilizazioaren, askatasunaren eta demokraziaren ikur bezala kontsideratuak, praktikan, une oro euren interes ekonomikoak jarraituz, behar den guztietan faxismoa hauspotuz, indartuz... Zenbat milioi errugaberen hilketaren erantzule dira? Noiz epaituko ditu norbaitek halako sarraskiak? Non dago nazioarteko komunitatea? Zergatik ixten ditugu begiak batzuen erasoen aurrean eta alerta piztu beste batzuenen aurrean? Nolatan dute boteretsu gutxi batzuek hainbesteko inpunitatea?

'Etxeko' faxismoa. «Giza Eskubideek etxetik hasi beharko lukete» esaldia aipatzen zigun Eduardo Galeanok El libro de los abrazos maisulanean. Eta faxismoarekin ere gauza bera gertatzen da: jarrera faxistak etxetik bertatik hasten dira. Eta etxea esatean, etxea bera, ikastetxea, herriko frontoia, lagunartea, lantokia... esan nahi dut.

Izan ere, jarrera faxistak aipatzean, urruneko zerbait irudikatzen dugu, svastika ikurrak dituen kaskamotz ultraeskuindar talde bat edota pelikuletan ikusitako historiako hainbat gertaera... Zoritxarrez, baina, guk uste baino askoz gertuago ikusi ahal dugu faxismoaren itzala, guk nahi baino gertuagoko jendearen eskutik, ezkutuan edo eremu pribatuan izan arren. Oso gaztetatik suertatu izan zait halakoekin topo egitea. Gure herrian bertan. Eta aurten jazotako hainbat gertakari direla medio, oraindik ere errotuta jarraitzen dute batzuengan antzeko jarrerek.

Zure irribarre bat ikuste hutsak barrua jaten dietenak; euren helburua lortzeko gainontzekoak zapaltzeko prest daudenak; inbidiaren menpe bizi direnak; Bizi eta utzi bizitzen leloa alderantziz aplikatzen dutenak, desberdina den oro umiliatzen dutenak, gehiengoa baliatuz tropelaren babesean gutxiengoaren aurka egiten dutenak...

Adin desberdinetako herritarrengan suma daitezke halako jokabideak. Erabiltzen dugun hiztegian ere antzeman daitezkeenak, normaltasun puntu bat hartzeraino: marikoia, bollera, marimatxo, matxupitxu, moro, beltz puta, perroflauta, guarra, muerto de hambre...

Aurre egin behar zaio. Gizarte bezala, horixe da gerta dakigukeen okerrena: jarrera faxistak pixkanaka bertan sustraitzea, zeharka bada ere onartuz joatea, nolabait justifikatzea. Gure arbasoek gogor borrokatu zuten faxismoaren aurka, askok guda-zelaietan. Gu ezin gara hain eroso erori orain. Ezin gara ezer pasatuko ez balitz bezala geratu. Jarrera faxistak ezin ditugu normaltzat jo. Faxismoaren aurrean ezer ez egitea ez da konponbidea. Halako ekintzei aurre egin behar zaie. Eta, ildo horretan, argi dago lan handia dugula aurretik. Eta lan zaila, albo-kalteak ekarri ohi dituelako eta nortasun handia izatea eskatzen duelako. Baina ez dago beste biderik.

Behingoagatik, begiak estaltzeari utzi, etxeko ispiluaren aurrean jarri, eta mintza gaitezen faxismoaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.