Idazlea

Mintza daitezela periferiak!

Idoia Rodriguez Mondragon
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaztarotik maiz lagunekin Euskal Herria zeharkatu dut besta ezberdinetara joateko. Donibane Lohizunetik Itsasura, Baionara, Donaixtira, Donapaleura, Pagolara, Kanbora joateko ohitura ukan dugu. Baita ere Donostiara, Hernanira, Lekeitiora, Gasteizera, Iruñera… Euskal Herrian ibili gara eta ezin dut kontatu zenbat ordu lo alkoholizatu egin ditugun gaztetxeetako aparkalekuetan.

Baina niretzat Euskal Herrian murgiltzea normala izan baldin bada, maiz topatu ditudan pertsona batzuek muga baten menpe bizi ginela oroitarazi didate. 

Behin baino gehiagotan, lagunen artean euskaraz mintzatzen ginen bitartean edo tabernan manatzen genuelarik, hegoaldeko norbait guregana etortzen zen gu zoriontzeko: 

—O, Iparraldekoak zarete! Euskaraz ari zarete! 

Guk, aldi guztiz, irriño trabatu batekin erantzuten genuen:

—Bai, bai… 

Beti harrigarria iruditu zait horrelako oharrak entzutea. Noski, badakit nire parekoa pozten dela ohartzen delarik muga politikotik gaindi jende batzuk euskaldunak direla baina ez ote daki Euskal Herri osoan euskaldunak badirela?

—Zein azentu polita duzuen! Zerbait esaten ahal duzue? –segitu zuen pertsona berak. 

—Euuuuu… zer? 

—A! Eu esaten duzu! Ü-ü ere egiten ote duzu? 

Nahikoa. Ez. Hori zuberotarra da eta zure ezjakintasuna ez didazu inposatzen ahal. Hegoaldekoak gure tabernetara heldu direlarik holako oharrik egiten ahal dizkiegu? Ez zait iruditzen. Nahiz eta ahanzten gaituzuen, zuek bezain euskaldunak gara. 

Beste elkarrizketa mota bat jasan behar izan dut, bortitzagoa, minberatsuagoa, agresiboagoa, baina ohikoa. Hori adierazteko, herriko besta girora itzul gaitezen, berritz ere kalakan ari garela irudikatu dezagun, ezezagun bat guregana heldu delarik:

—A, zuek euskaldun frantsesak zarete, ezta? 

Horrelako oharrek nire barnean den dragoia bat-batean esnatzeko gaitasuna du.

—Euskaldun frantsesak? Zu euskaldun espainola zaren bezainbat… 

Momentu honetan, nire parekoa gorritzen da, hura euskalduna dela argudiatzen du bi kalimotxo xurrupen artean, baina gu frantsesak garela mantenduz. 

Nola tipo horri esplikatu behar ote diot frantses lurraldean ahantziak diren hiru porroskak euskaldunak direla? Nola esplikatu behar ote diot ez dugula erabaki arau desberdinak ukaitea gure lurraldean?  Nola esplikatu behar ote diot muga politikoa barnatu duela eta hori psikologikoa egin duela? Nola jende horiei esplikatu jarrera etnozentrista dutela? Odei raplariak bere kantuan dioen bezala, «ahazten ditugu bazterrak eta hegiak. Zer ote gira gu, ttikiak ttikiegiak?».

Zinez alienagarria da. Ni, alde batetik, iparraldeko euskalduna izanez (baina buraso frantsesekin), nire inguruko frantsesek haurtzarotik ulertarazi didate euskalduna izatea oso ongi dela baina ez duela ezertarako balio. «Euskaraz idazten duzu? Baina zertarako? Zure mezuak ez zenituzke frantsesez zabaldu nahi eraginkorragoa izateko?». Bestalde, Euskal Herri mailan euskaldunen artean murgiltzen naizelarik, Hegoaldeko pertsonek nire hizkera eta erreferentzia kulturalak ez direla egokiak ulertarazten didate. «Ezin ote duzu euskara batua erabili?». Frantsesentzat euskaldunegia eta euskaldunentzat frantsesegia. «Ongi dakigu Euskal Herriaz mintzo zaizkigu, zazpietatik hiru ahantzirik».

Noiz onartuko ote dugu gure Euskal Herri mikroskopikoan zentrismo arazo handi bat dugula? Iparraldekoak ez gara Euskal Herriaren folklorea. Ez gara Ezpeletako biperra, ez gara maskarada bakarrik, ez gara zuen senide elbarrituak. Askoz gehiago gara eta Euskal Herriaren aniztasuna kontuan hartzeko momentua da. 

Amorratzen nau laneko bilkuretan nire hitzak aldatu behar izateak EAEko batek nire diskurtsoa ulertzeko hark ez duelarik indar hori egiten. Amorratzen nau idazle bezala «Iparraldeko» (eta neska) idazlea bezala ikusia izateak eta ez Euskal Herrikoa. Ez da inoiz nahikoa izanen. Espainiak eta Frantziak beren mespretxua erakusten diguten maneran, erdiguneak bazterrak, periferiak ikusezin bilakarazten ditu. «Zergatik ditugu erdigunean begiak?».

Ohartarazi behar ote dut 2020tik gaur arte Euskadi sarietan Iparraldeko pertsona batek baizik sari bat ukan duela, itzulpengintzan? Badakizue noiz Hegoaldekoa ez den idazle batek euskarazko prestigioko literatura saria irabazi duen azken aldiko? 2011n. 

Zergatik hori? Gu ez  garelako idazteko gai? Gure idazteko kalitatea, euskara maila, erreferentziak ez direlako egokiak? Apalegiak direlako? Edo zentroak ez gaituelako sekula integratzen? Ez bagara instituzioetan entzunak, nola egin gure errealitatea ezagutua izan dadin? Nola egin Euskal Herriko euskaldun guztiak kontuan hartuak izateko? 

Beharbada kuota artifizialak sortu beharko genituzkeela. Hori egiten da diskriminazioak bizitzen dituztenak ikusiak izateko, ez? Komunikabideetan, politikan, kulturan, gure ereduak berrikusi behar ditugu eta betebeharrez bazterreko ikuspegiei tokia utzi beharko da, integratze prozesua normalizatu arte. Bai, perspektiba tristea… Baina ez badigute hitza ematen, guk, baztertuok, gure bideak sortzen segituko dugu.  

«Mintza daitezela periferiak!».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.