Oso berea zuen esaldia zendu berria den Inazio Agirre lagun euskaltzale ezin finagoak: «Egiten ditugun ustezko maximoak ere minimoen azpitik daude beti!». Esaldi zorrotz zehatza, buruz bezain bihotzez esana. Ene, gure artean balego oraindik. Batere zaila asmatzen ez zer esango lukeen. Eta gauza bera harako beste euskalari-euskaltzale-Euskaltzain (nahiz eta ofizialki ez Oso) Erraldoi hark, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik. Ez lirateke isilik geratuko, ez horixe. Ni neu egunotan geratu naizen bezala. Mutu, lur jota. Dolina karstikoa sentitu bainaiz, orogenesia guztia derrepente orografia amildua besterik ez nire baitan, alegia. Eta ez naiz izan bakarra, ziur. Balde bete ur hotz zeritzon, esate baterako, lehengo igandeko bere Larrepetit-en Iñigo Aranbarrik gertatu berri zaigunari, hitzez hitz «bai jauna»-ka berretsiko nukeen artikulu gogoangarri askoan. Zer izango, eta Kultura. Non izango, eta Donostian. Nork esango, eta gure alkateak (bai: gure, gure, gure…)… Nola leike, baina? Nola da posible?...
Tira, saia nadin shock egoera gordina gainditzen. Zauria garbitzen-edo. Areago ez zornatzen, bederen. Zer gertatzen da, azken finean? Bada, era askotara deskriba liteke gure patua, baina funtsean honelaxe, nik uste: ez garela zinez eta benetan jabetzen zeinen ahulak garen. Iruditzen zaigu ghettotik atereak garela honezkero, eta firin-faran ibil gaitezkeela bulebarrean barrena iji eta aja. Eta ez da egia. Txukundu dugu ghettoa, zarpiatu eta margotu ditugu fatxadak, gure bebarruetako tailerrak ere politto ari dira lanean. Baina ghettoa beti ghetto. Ezin gara euskaraz bizi. Bulebarrean ez behintzat. Eta ez Bruselak aintzakotzat hartzen ez gaituelako. Bulebarreko jende gehienak baizik. Dura lex sed lex. Minority Report. Reality Show…: nahi duzun metafora erabil dezakezu, euskaldun euskaltzale patukide horrek, aspaldiko nahiz egungo latinean. Kontua, nolanahi ere, behin eta berriro, berriro eta behin, betikoa baita, betikoa baitugu: jende basa omen garelakoa, Aymeric Picaudek behiala esan eta Iñigo Aranbarrik berriki oroitarazi digunez. Hots, «los últimos españoles sin romanizar», Américo Castroren —oroimenak huts egiten ez badit— definizioaz. Euskara, gehienez ere, bitxi arkeologiko bat dela. Eta abar, eta abar. Ez noa, dena den, erretolika neo-unamuniano zaharrotan aztarrikatzera. Nik uste nuen, besteak beste Joxe Azurmendiren liburuak irakurrita, askatuak ginela, behingoz, gutxiagotasun-konplexuotatik eta numantinismo-sindromeetatik euskaldunok. Baina oker nengoen, nonbait. Kolonizatuaren mentalitateak bizi-bizirik dirau gure inkontziente mnemo-teknikoan, eta tarteka, ttak, bere hankatxoa erakusten digu biluzik. Tarteka? Tarteka balitz sikiera, gaitz erdi. Ez. Egunero. Eta erabaki-gune eta —une erabakigarrienetan, are nabarmenago. Ahulak baikara. Ez dugu benetan sinesten noiznahi arrandiatsuki aldarrikatu ohi duguna. Euskara dela munduari —eta Europari, of course: badakizu, ingelesez jakin beharra dago…—, ba horixe: euskara dela munduari egin diezaiokegun opari ederrena. Eta opari bakarra, esango nuke atrebentzia lasaian. Zeren… zer dugu, bada, berezirik guk? Europako folklorerik ikusgarriena? Mokadurik dastagarrienak? Eskultore, pintore, zinegile, musikaririk onenak? Baita zera ere. «Euskara guk dugu, gu gara euskaldunak», Gabriel Arestik duela mende-erdi pasatxo jadanik esana. Gezurra dirudi oraindik, 2014. urtean, gure nortasun banakakoaren eta elkarrekikoaren tasun funtsezko bakarraren inguruan honela jardun beharrak. Ezin konta-ahala testigantzatan makina bat euskaldun berrik (eta denok gara euskaldun berri) aldez eta moldez aitortu dutena oraindik publikoki aitortzeko lotsa izateak. Ezin dela euskal kultura bizi euskara bizi gabe. Ez dagoela herri hau ulertzerik euskaraz (eta euskaratik) ulertu gabe. 3D-dun film bat dela Euskal Herria, eta euskara betaurreko ezinbesteko, sakonean ere nahi badugu ikusi, ezagutu, ikertu. Eta ikusarazi, eta ezagutarazi, eta ikerrarazi, jakina. Garbi behar luke, baina…
Ez dakit zer gertatuko den geurtz, eta bi urte barru. Zorterik onena opa diot Donostia 2016 ontziari: iritsi dadila portura, onik eta osorik. Baina orain arteko dranbaladek goganbeharra besterik sortzen ez niri. Betiko desarrazoiarengatik sortu ere: sunitak eta xiitak elkarrenganatuko gaituen kristaurik ez dagoelako gure Irakundeetan. Txillardegi ere pentsa zeinen itsuki eta otsoki tratatu duten (demagun xiitek, metaforikoki): ez kalerik, ez plazarik, ez liburutegirik, ezta Lasala plazako lehoitxoaren idulkian jarritako testu-xaflarik ere, raus, fuera dena, Txillardegi sunita baitzen (metaforikoki, derradan berriro). Hiriburutzaren gai honetan ere berdintsu, funtsean: lemazain aparta zen, ba, aurrekoa, Itziar Nogeras; behartu zuten, ordea, kareletik salto egitera, nazkaren nazkaz. Eta, kasu honetan, sunitek, horra. Hala nola gehienbat sunitek izendatu duten oraingoa ere, itxura guztien arabera. Norena da errua? Izendatzaileena, noski. Ez izendatuarena. Izan ere, azken honi buruz, zer esan? Ezer askorik ez, hauxe gehienaz ere: euskararekin delikatua izango dela agian (baldinbetan!), baina urtebete eskasean euskararekin elikatua ez, hori ezinezkoa baita, munduko pertsonarik argiena eta onginahitsuena izanda ere. Hala ere, bihotzez: zorte on. Euskalduna naizelako, eta donostiarra, gainera. Ez ahal da, horratik, dena Aste Nagusiko su artifizialezko saio izozkiduna izatera mugatuko. Horretan bai, iaioak baikara kaxkarinok: voyeur inpenitente, hamaika musika-hamabostaldi eta zinemaldiren irensle, uniforme napoleonikoz mozorroturiko desfile ezer-ez-eta-festa burrunbatsuetako danbor-jole… Baina kultura, susmoa dut, hori baino gehixeago da, ezta?, edo gehixeago zen, ala?
«Minimoen azpitik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu