Ha bebido usted algo del minibar? Eta esaldi hori euskaraz sekula entzungo ez duzula jakin», entzun genion behin Harkaitz Canori Euskadi Irratian errezitatutako poema luze bezain eder batean. Zenbat aldiz pentsatu ote duzu Loiun lurreratu berri zarenean pilotuak euskaraz noiz esango ote duen hegazkineko mikrofonotik: «Hogeita bat gradu Bilbon, giro atsegina eta hego haizea, mila esker, jaun-andreok, gurekin bidaiatzeagatik». Zenbat aldiz pentsatu ote duzu Iruñeko jatetxe dotorean zergatik daukaten karta ingelesez eta gazteleraz, edo frantsesez, eta inoiz euskara ikusiz gero, eskerrak eman beharraren sentipen arraroa zabaltzen den zugan. Zenbat aldiz pentsatu ote duzu inoiz Euskal Herria estatua balitz, ea beste herrialdeetako enbaxadoreek ikasiko ote zuten euskaraz, eta haien diplomazialari trajea josten duen sastreari enkarguak euskaraz egingo ote zizkioten. Zure buruan dabil hotelen, auto dotoreen, hegaldien, diplomazialarien eta puntako jatetxeen mundua zail dela ezkontzen euskararekin, luxuaren lurrinetan usain mikatza daukala gure hizkuntzak.
Abuztuko eguzkiak eguna berotu ahala, goizeko kafea hartzen ari zara La1ko albistegia jarria duen itsasaldeko taberna garestian. Bertan bizi zaren arren, ez duzu inor ezagutzen. Euskara Espainiako Kongresura, euskara Europara, irakurri duzu. Ez dakizu ondo zer sentitzen duzun, aldi berean poz moduko bat, aldi berean mesfidantza, aitortza iruzurti bat izango balitz bezala. Pentsatzen hasi zara nor izango ote den itzultzaile abenturazalea Madrilgo Kongresuan eta Senatuan; jarriko ote dituzten diputatuek kaskoak itzulpena entzuteko diputatu euskaldunen bat euskaraz hasiko balitz, edo nor saiatuko den zerbait ulertzen mugikorra poltsikotik atera aurretik.
Atera zara tabernatik. Nazioarteko turistei ongietourria eginda, jendez lepo dagoen Gipuzkoa kostaldeko herrian hasi zara pasieran. Euskarazko elkarrizketak zenbatzeko ariketaren jolasa egingo duzula erabaki duzu. Hamarretik bat lehenengoan, hurrengoa entzuteko beste hamabi pasa dira. Zeure buruari galdetzen diozu ea turista horiek denak bertara iristeko erabili dituzten hegazkin, tren, hotel edo taxietan entzun ote duten euskarazko berbarik. Ea zergatik brandy-ak eta tabakoaren keak lagundutako egongela dotoreetan ez den existitzen elkarrizketarik euskaraz. Ea Agatha Christiek Donostiako hotel batean girotutako erailketa kontatu beharko balu, sartuko ote zukeen pertsonaia euskaldunik, eta hala balitz, zein pertsonaia izango litzatekeen: abokatu ilustrea? Idazle bohemioa agian? Politikaria? Ala sukaldaria?
Tabernako kafeak suspertutako poz arraro txiki hori abuztuko berotan lurrundu zaizu errealitatera itzuli orduko. Pentsatu duzu euskara lagun eskasa dela masa turismoarentzat, merkataritzarentzat, enpresentzat, autobideen, aireportuen eta superportuen munduarentzat. Ondo olioztatutako modernitate kapitalistaren makina erraldoiarentzat. Pentsatu duzu, aurrera egingo badu, turista gutxiagoko, aireportu, gasolindegi, autobide eta hotel gutxiagoko mundu batean egingo duela aurrera. Herrian bizi den munduan. Kanpotik bisitan datorrenari bertakoa erakutsi eta azaltzeko denbora, tokia eta gogoa izango duen mundu sozialean. Zibilizazio alternatiba batean, finean.
Izerditan zaude, herri barrurantz egin duzu. Auzoko tabernara zoaz garagardo batekin freskatu asmotan. Bruno zerbitzaria agurtu duzu, eskumuinak emateko etxean. Han ere telebista jarria dute, El Niño-ri eta ozeanoaren tenperaturari buruz ari dira. Biak lotzen dituzu, euskararen eta planetaren biziraupena. Planetaren lehortzea euskararena ere badela sinetsita zaude, ez dakizu ondo zergatik, baina eskutik helduta sartzen dira zure burura. Pentsatu duzu agian Espainiako hurrengo Klima Aldaketaren kontrako legea euskaraz eztabaidatuko dutela Kongresuan, eta katalanez Europan. Beharbada onartuko dute legearen bigarren puntuan, Madrilgo hoteletan minibarretako edariak euskaraz eskatu eta zerbitzatu beharko direla.
Minibar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu