Min eta poz

Joxe Lizarralde
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Ez da erraza bi sentimendu hauek elkarrekin lotzea, baina halaxe gertatu izan zait egun hauetan Joan Mariren heriotzaren kariaz.

Mina eta pena, alde batetik: gizon handi bat galdu dugulako eta pairatu dituen sarraski eta ankerkeriak jasan beharra izan duelako, hezur-muineraino erasan arte jasan ere.

Atxagak aipatzen zituen bi lekuak datozkit gogora: alegia, Joan Marik bi leku irabazi dituela Arantzazun, bata eskola hartan koskortutako anaia berezien Goi Aretoan, Salbatore Mitxelena, Gandiaga eta Villasanterekin batera, eta bestea elizako frontisean, Oteizak egin zuen Pieta-ren baitan. «Irudi horren baitan ere badago orain Joan Mari Torrealdai, ez bakarrik santutegiko Goi Aretoan».

Alabaina, min hori ez da min etsia, zeren gure lagunak urte luzetan egin duen lan eskergak min oro gainditzeko bertutea baitu. Hala zioen haren alaba Garazik hileta egunean: «Bakean joan dela esan du eta harro dagoela».

Horregatik, hain zuzen, minarekin batera poza eta mira sentitu dut. Nola ez poztu halako gizon bat ezagutu izanaz? Nola ez poztu haren lanaren balioa eta kalitatea ikusita? Eta nola ez mira sentitu hark euskararen alde egin duen guztia gogoan hartuz, Jakin aldizkaria, Anaitasuna,Egunkaria eta, horiekin batera, beste arlo askotan ondu duen altxor aberatsa begi bistan dugularik?

Dena den, haren euskalgintzako lanak eta ekimenak txalotu eta goraipatu ondoren, haren gizatasuna eta izaera bereziki nabarmentzekoak dira. Eta horrekin batera, jende desberdina elkartzeko zuen gaitasuna, talde lana bultzatzeko trebezia eta, nola ez, haren dotorezia eta irribarrea geratuko zaizkigu askori barruan itsatsita. Izan ere, ez dira ohikoak gure artean halako gizonak. Bazuen zerbait berezia, gogoan iltzatuta geratzen zaizun zerbait. Eta bazuen halako aura bat, harremanetarako eta gauzak egiteko estilo bat, sarritan eskas sumatzen dena gure herrian.

Hain zuzen, horri esker atera zituen aurrera eta gauzatu hainbat ekimen eta proiektu berritzaile. Harritzekoa ere bada begiestea zenbaterainoko ekarpena egin dion Euskal Herriari, hasi gerraondoko basamortu hartatik eta gaurdaino. «Ezina ekinez egina».

Eta hori guztia bere mendizaletasuna albora utzi gabe. Ikuskatu dudan bideo batean ageri denez, maite zituen zinez gure mendiak, etabistan da bere ibilaldietan naturarekin biziki gozatzen zuela, bertatik bizitzeko indarra jasoko balu bezala. Agian, bazen hor zerbait izkutua (halako sen mistiko bat?), berarentzat bizigarri zena eta inor gutxik aipatu duena. Adierazgarria da, ildo horretan, azken besarkadan bere mendi-lagunari esan ziona: «Mikel, libre sentitzen nauk». Eta aipa dezagun, baita ere,haren seme Manexek aitortzen zuena, bere aitari idatzi zion agurrean: «Asko irakatsi didazu mendiaz, zure bizitzaren parte zen mendia, eta niri afizio hori maitatzen irakatsi didazu».Dudarik gabe, merezi luke gure Joan Marik halako biografia bat, edota bere ibilbideari buruzko saiakera moduko bat, esate baterako, berriki Xabier Leteri buruz egin denaren antzeko zerbait. Esan gabe doa bestelako azterketa eta ikerketak egiteko aukera ere ematen dutela haren bizitzak eta obrak.

Min eta poz. Lagun bat galtzearen mina eta, bestalde, haren pertsonari darion bizipozaeta baikortasuna. Biak dabiltza nahasian ene baitan, baina esango nuke haren gizatasun handia eta dotorea ageri dela gailen barne gatazka horretan.

Azkenean, agur gogoangarria eginez joan zaigu lagun ahaztezina, Usurbilgo ospakizunean utzi zigun diosala: «Bakean joan naiz, familiaz inguratuta, bizitzak eman didan guztiari eskertuta. Harro nago eraiki dudanaz».Eta bere emazteari adierazten dion esker ona ere aintzat hartzekoa da: «Azken urteetan nire ondoan tinko eta gogor eutsi dion emakume ausarta. Bera gabe nola jarraitu aurrera... Nire ardatza. Bizitza zor dizut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.