Zergatik hartzen dugu parte kolektiboetan? Parte hartze horrek, zer eskaintzen digu? Eta zer ebatsi? Nola sentiarazten gaitu? Nola uztartu talde-funtzionamenduak behar duen konpromisoanorbanakoaren egoera aldakorra kontuan hartzea eta zaintzearekin? Nola bermatu militantziaren aniztasunak kolektibotasunari uko egin gabe? Nola antolatu parte hartze modu ezberdinen arteko harremana? Nola mantendu izaera ireki eta malgua jende gehiagorekin konektatu ahal izateko?
Gehientsuenei galdera ezagunak egingo zaizkizue. Izan ere, kalean bolo-bolo dabiltzan galdera andana hauen soka hartu eta geuk ere bertan korapilatzeari ekin genion orain dela urte pare bat. Asmoa galdera mordoari erantzun borobilak bilatzea baino, guztion artean gai honen muinean dauden korapiloak identifikatzea eta ariketa sortzaile baten bidez, gogoeta prozesu emankor horretan bide ezberdinak jorratzeko modua bilatzea izan da hasiera-hasieratik.
Irtenbide magikoetatik urrunduz, herri antolakuntzak eta gutako bakoitzak gure esperientzia eta eskarmentu militantean pilatutako bizipen, sentimendu eta ezagutza partekatu eta egungo erronkei eutsi ahal izatea zein denok gustuz ekin ahal izatea dugu xede. Haustura baino bilakaera itxura duen prozesu horri etsipen, inertzia eta ukaziotik baino, erreflexibotasun kritikotik, ilusiotik eta ulermenetik heltzeko gogoak bultzatzen gaitu.
Herri mugimenduek osatzen duten aniztasuna ez da makala, eta herrigintzan dihardugun kideona zeresanik ez. Hortaz, homogeneotasuna eta uniformetasuna ezin bidelagun izan. Prozesu hau anitza eta bakoitzak beretik egin beharrekoa dela uste dugu, indibidualki zein, bereziki, kolektiboki. Joxemi Zumalabe Fundazioaren asmo xumea, denon artean bidai horretan laguntzeko tresnak erditzea baino ez da.
Zergatik ekin genion eraldaketa sozial eta politikoaren konpromiso kolektiboari? Zergatik gutako bakoitza noizbait aldendu gara? Zeintzuk dira bizitako une goxoak? Zeintzuk gazi eta arantzadunak? Geure buruari galdera hauek luzatuz, 150 kidetik gora parte hartu duten saioak antolatzen hasi ginen. Pausuz pausu, indartu eta saihestu nahiko genukeena identifikatzeari ekin genion. Eta oraingoan, borondatea nahiko ez dela sinesturik, mantendu beharrekoari eusteko eta baztertu beharrekoa alboratzeko beharrezkoak ditugun tresnak asmatzeari ekin nahi diogu, ariketa sortzaile kolektiboaren bidez.
Saio horietan guztietan agertutako hausnarketa, barre, jolas eta minetatik atera ditugun ondorioak konpartitu asmo dugu, datorren irailaren 28an Donostiako Zurriola Ikastolan, goizeko 9:30etik hasita egun osoko Kontraste Tailerra izan nahi duen horretan. Baita, eskuratu eta sortu beharreko tresnei heldu, prozesu honen guztiaren emaitza izan nahi duen Tresna Kutxa osatu aldera.
Helburua, ordea, ez da kontsentsua bilatzea, hau ez baitugu herri mugimenduen gogoeta xerkatzen. Ikuspegi ezberdinak jasotzea dugu xedea, aniztasunaren horren bila gabiltza; talkak, kezkak, alternatiba posibleak… Gure nahia ekarpenak jasotzea da.
Hausnarketa honen indarra iritzi ezberdinen agerpenean datza. Aniztasun eta homogeneizazio ezak bideratuko baitu sortu nahi ditugun tresna horien baliagarritasun eta eraginkortasuna. Modu horretan bakarrik lortu ahalko baita kolektibo bakoitzak tresna kutxa hau bere irizpide, behar eta nahien arabera erabiltzea.
Hala ere ukaezina dugu eta argitara ekarri nahi dugu, gure aldetik bederen gogoeta honen zerbitzura ipini izanaren arrazoia ez dela neutroa. Izan baditugu ideologiak zeharkatutako helburu eta ikuskerak. Aktibismo politikoa kuantitatiboki zein kualitatiboki indartzea... errespetuan, eraginkortasunean, alaitasunean, duintasunean. Zapalkuntza anitzak oinarri eta euskarri dituen jendarte ordenu honen iraulketa ariketa zaila zein ederra dugu. Jazarpena gordina den moduan, bizitzaren birsortze prozesuak erdigunean kokatuz, elkarbizitza eta ingurunearekiko errespetuz, bestelako jendartea sortzeko paradak ilusioz betetzen gaitu. Herri antolakuntzan sinesten dugu, eta erasoen aurrean herri barrikadak eratzeak hunkitzen gaituen moduan, beste herri antolakuntza eredu eta pertsona askeak gaurdanik bizitzen hastearen grinak biderkatzen gaitu.
Bide horretan, herrigintzan dihardugun herri mugimenduak, jendez eta pertsonez elikatzen garen izate biziak gara. Beraz, konpromiso pertsonala sustatzen duen talde funtzionamendu egoki zein eraginkorra topatzea, barne horizontaltasuna bermatzea, kolektiboen arteko harremanak eta lan egiteko moduak zaintzea, beste lengoaia batzuei leku egitea ezin dira bigarren mailako eremua izan.
Praktikarik gabeko gogoeta hankamotz egiten zaigun moduan, gogoeta gabeko praktikak baditu bere arriskuak. Irailaren 28koa, biak uztartu eta elkar elikatzen jarraitzeko gonbita duzue. Praktikak eman digun jakintzatik, berau birpentsatuz eta osotuz, oraina eta etorkizuna askapen hariz josteko.
Militantzia ereduak: aldaketa garaian ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu