Gure mugagabeko esker ona adierazi nahi diegu Mirentxin-eko gidari boluntarioei, sakabanatzearen espetxe urrunetara egindako bisitaldietan euskal preso politikoen senitarteko eta lagunak 22 urtetan zehar eraman eta ekarri baitituzte. Beren azken bidaiarako garaia heldu den une honetan egiten dugu hori, adierazpenik ankerrenean ulertutako urruntzearen amaieraren unean; hain zuzen ere, Andaluziako eta Levanteko espetxeak euskal presoentzat itxi dituztenean.
Presoen senitartekoei laguntzeko lanean ekarpen handia egin du Mirentxinek, senitartekoei aholkularitza eta sorospena ematearekin batera, horixe izan baita Etxerat elkartearen izate-arrazoia. Duela hiru hamarkada baino gehiago euskal presoen urruntzea eta sakabanatzea hasi zenetik, modu esponentzialean gehitu dira maite ditugun senide eta lagunekiko lotura afektiboari eusteko eta familia lotura mantendu ahal izateko zailtasunak eta arriskuak. Orduan jarri zuen Etxerat-ek abian presoen familiakoak Andaluziara asteburuero eramaten zituen autobusa.
Mirentxinen ekimena 2000. urtean sortu zen, pertsona talde txiki baten bultzadaz; pertsona horiek beren denbora eskaintzea erabaki zuten, espetxeetako bisitaldiak egitera euskal preso politikoen senitarteko eta lagunak eramateko. Ekimen hori bataiatzeko Mungiako emakume baten izena aukeratu zuten; urte haietan, Andaluzian preso zegoen bikotekidea bisitatzera familiaren lagun batekin joaten zen beti Mirentxin Aurrekoetxea.
Mirentxin kolektibo independente bat izan da, eta Etxerat-etik egin dugun ekarpen bakarra honako hau izan da: Espainiako eta Frantziako errepideetan zehar espetxeetara joan-etorria egin eta presoak bisitatzeko astero apuntatzen ziren senitarteko eta lagunen arabera bidaiak koordinatzea.
Mirentxineko boluntarioen lehen taldea Durangon sortu zen, eta hilabete gutxi batzuetan Bilboko beste talde bat elkartu zitzaion. Nahi zuten bakarra hau zen: maite zituzten pertsonak ikusteko ehunka kilometroko bidaiak egin beharra izatearen ikuspegia ez zedila hain gogorra izan. Boluntarioek furgonetak gidatzen zituzten, bisitaldiek sortzen duten urduritasunaz gain senitartekoek ez zezaten eduki ibilgailua gidatu beharrik, baldintza horietan distantzia luze horiek egiteko.
Poliki-poliki gizon eta emakume boluntarioak biltzen joan ziren eta herri eta eskualdeetan talde gehiago osatu ziren. Hasieran furgonetak alokatu egiten ziren, joan-etorriak egiteko; baina, ezarian-ezarian furgonetak eskuratzen joan ziren. Lehena, Belgikan eskuratutako bigarren eskuko ibilgailu bat izan zen. Azken bi hamarkada luzeetan hamalau furgoneta baliatu dira Mirentxinen, eta ehunka boluntario izan dira 30 espetxe baino gehiagotara presoen lagunak eta senitartekoak eraman dituztenak.
Eta zailtasunak? Ezin konta ahala zailtasun izan ditugu denbora honetan guztian: errepideetako kontroletatik, mehatxuetatik, sabotajeetatik eratorriak; istripuetatik eratorriak (oso gutxi, eta zorionez, arinak); meteorologiatik edo ibilbideei berei zegozkien zirkunstantzietatik eratorriak.
Ezerk ez du geldiarazi Mirentxineko lankideen laguntza desinteresatua; soilik elkartasunezko konbikzioek bultzatuta jokatu dute. Hamarkadatan luzatu den ziklo baten amaierari aurre egiten ari gara; urte horietan zehar senitartekoen errealitate korapilatsua eramanerrazagoa egiteko gai izan dira, modu eredugarrian jokatuz.
Pandemiaren eta komunikazioetarako itxita egon diren espetxeen azken etapa hau oso konplexua izan da, eta Andaluziako eta Levanteko espetxeak euskal presoentzat ixtearekin bat etorri da. Testuinguru horretan, Euskal Herriaren inguruko espetxeetarako bidaiak neurri-neurrira antolatu dira, senitartekoek etengabeko laguntza izango dutela premisatzat hartuta.
Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara senitartekoei bidaietan laguntzen jarraituko dute, tokian-tokian planteatzen diren premien arabera. Hori da haien konpromisoa. Gure aldetik, preso guztiak Euskal Herrira ahal denik eta azkarren ekarriak izan daitezen lanean ari garen artean, horrenbesteko emankortasuna eta elkartasuna agertu duen ziklo honen amaierak gogoetarako leiho bat irekitzen duela uste dugu; gure senitarteko presoekiko eta gu geurekiko lan boluntarioak eta elkartasunezko lanak duen garrantziari buruzko gogoeta.
Mila esker, Mirentxin!
Ezina, ekinez egina.
Mila esker, Mirentxin! Azken bidaiara arte!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu