Garikoitz Goikoetxea.

Migrazioak eta euskara

2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ez ikusia egin ohi zaio askotan, gai deserosoa delako agian, baina errealitatea da: migrazioaren eragina nabaria da Euskal Herrian, eta horrek ondorioak ditu euskara indarberritzeko prozesuan. Aurreikuspen demografikoen arabera, migrazioak areagotu egingo dira hurrengo urteetan, eta, beraz, erronka mahai gainean dago: nola uztartu migrazioek dakartzaten aldaketak eta euskararen normalizazio-prozesua. Orain arte baino sendotasun handiagoz heldu beharreko gaia da.

Egitate bat: migrazioek, lehen kolpean behintzat, ez-euskaldunen zakua handitzea dakarte, eta euskararen aurrerabidea mantsotu dezakete. Adibide argia da Ipar Euskal Herria: azken inkesten arabera, eten egin da euskaldunen kopuruaren galera, baina biztanlerian gero eta pisu txikiagoa dute elebidunek, migrazio-mugimenduen bidez urterik urte ari baita erdaldunen kopurua hazten.

Beste egitate bat: gauzak dauden-daudenean, migratzaile gehienek ez dute euskara ikasiko. Batetik, ez dutelako premiarik: Euskal Herri gehienean eroso bizi daiteke euskaraz jakin gabe, baina ez gaztelania edo frantsesa jakin gabe; euskara jakiteko behar handiagoa sumatzen duten lekuetan, arnasguneetan, adibidez, nabarmen handiagoa da etorkinen euskaltegiratze-tasa. Bestetik, euskara ikasteko nahia izanda ere, traba handiak dauzkatelako: dirua, laneko ordutegiak, kontziliazioa, eskaintzaren berri ez izatea... Badago zertan eragin oztopo horiek kentzeko bidean: euskara ikasteko borondatea duenari bidea erraztu behar baitzaio, ez trabatu. Alde horretatik, presazkoa da dirulaguntzek dituzten zurruntasunak eta atzerapenak zuzentzea.

Baina migratzaile gehienek euskara ez ikasteak ez du esan nahi ez dezaketenik ezer egin eta euskararen normalizazio-prozesutik kanpo utzi behar direnik. Inola ere ez. Kontuan hartu behar da aldagai bat: migrazioaren eragina jaiotzetan nabari da bereziki. Hara: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %8k dute Espainiako nazionalitatea ez beste bat; ordea, jaiotako umeen %27k dute beste nazionalitate bateko ama. Lehentasunezkoa da, beraz, belaunaldi berriei begira jartzea, errotari eragiten hastea. Zeren izan dezagun argi: esan eta esan ari gara eskolak bakarrik ezin dituela belaunaldi berriak euskaldundu, eta, kasu askotan, zeregin hori are nekezagoa da jatorri atzerritarreko ikasleekin. Baliabide eta tresna gehiago behar du eskolak, baina handik harago ere eragin behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da guraso migratzaileengana iristea.

Iristea, jakin dezaten zein garrantzitsua den beren seme-alabei etxeko hizkuntza transmititzea. Guraso migratzaile batzuek kontrako hautua egiten baitute, hobe behar asmoz: beren hizkuntza baztertu, eta dakiten gaztelania edo frantsesa —maiz, kaskarra— transmititu. Jokabide horrek, hizkuntza-aniztasunaren ikuspegitik dakarren galeraz gain, areagotu egiten du gaztelaniaren edo frantsesaren gailentasuna, eta ondorio kaltegarri bat ere izan dezake: umeen lehen hizkuntza, gainerako hizkuntzak ikasteko oinarri izango dena, ondo ez finkatzea, jasotako hizkuntza hala moduzkoa izanda.

Iristea, jakin dezaten hizkuntza-jarrerak etxean jasotzen direla hein handian, eta, horrenbestez, berebiziko garrantzia duela gurasoen jokabideak, baita euskaraz jakin gabe ere: mezu positiboak ematea, euskara ikasteko bidean egindako urratsak goraipatzea, euskararekin interesa azaltzea...

Iristea, jakin dezaten eginez ikasten dela euskaraz: kontua ez dela ikastea eta gero erabiltzea. Hori izan ohi da guraso askoren nahia: «Ikas dezala, eta gero ikusiko du erabili nahi duen ala ez». Ez: edo erabiliz ikasiko du hizkuntza egoki, edo ez du erabiltzeko adina ikasiko. Horrenbestez, etxean euskararik ez daukaten umeentzat funtsezkoa da euskaraz aritzeko eremuak edukitzea, eskolako hormetatik kanpo egiteko aukera izatea. Behin eta berriro nabarmentzen da aisialdia eremu garrantzitsua dela gaztetxoen erabilera bultzatzeko, baina jatorri atzerritarreko umeen parte-hartzea nolakoa da jarduera horietan? Gizarte-kohesioan hutsune handia da hori, eta zuzen-zuzenean eragiten dio euskararen normalizazio-prozesuari ere. Presazkoa da horri heltzea.

Jomuga horietara heltzeko, ezinbestekoa da migratzaileek kontakizun bat jasotzea: jakitea zertan eta zergatik ari garen euskara sustatu nahian. Kontatu egin behar da: kontatu behar da hemen badela hizkuntza gutxiagotu bat, urteetan zapaldua eta berreskuratzeko bidean dena; kontatu behar da euskara sustatzearen aldeko adostasun soziala gero eta handiagoa dela; kontatu behar da hezkuntza dela prozesu horren zutabeetako bat, eta euskarazko murgiltzea dela biderik eraginkorrena. Kontatu egin behar da: Euskal Herrira iritsi denak, oro har, ez baitauka horren berri.

Eta, kontatu ez ezik, entzun ere egin behar da: abegi ona agertu, haien egonezinak eta kezkak jaso. Bai baitugu ateak eta begiak irekitzeko premia. Euskararako ateak ez zabaltzea da, esate baterako, azal kolore batzuetako herritarrei sistematikoki erdaraz egitea, nahiz eta leku askotan adin batetik beherako herritar gehienek euskaraz jakin; edo abegi ona ez egitea da azal kolore batzuetako herritarrei, areago umeei, era honetakoak esatea: «Zu ez zara hemengoa. Izatez nongoa zara?».

Erronka handia da, eta ezinbesteko du elkarrizketa. Abiapunturako leku aproposa izan daitezke hezkuntza-komunitateak: askotariko gurasoen bilgune dira, euskara langai dute, eta belaunaldi berriak helburu. Baina eskolak ezin du dena egin hemen ere: herri osoaren erronka da migrazioa eta euskara uztartzeko bideak jostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.