Jose Mari Esparza Zabalegi.

Migrazioa? Ez, mila esker

2022ko urriaren 25a
00:00
Entzun

Duela ez asko, nire herriko ezkerreko hauteskunde-ekitaldi batean, emakume batek hitza eskatu eta galdera bat utzi zuen airean: «Zer eginen dugu migrazioarekin?». Ene ustez, gela osoa deseroso jarri zen bere eserlekuetan, politikoki zuzena ez zen galdera baten aitzinean. Nehork erantzun ez zionez, emakumeak jarraitu zuen azaltzen bizitza osoan ezkerrari botoa eman ziola, horren aldarrikapenen alde egonik; etxez etxeko garbiketan lan egin zuela beti eta, ia erretiroaren atarian, soldata erdiaren truke lan egin behar zuela edo bere lana etorkinek eginen zutela. Emakumeak ez zuen erantzun egokirik izan, eta bakarrik eta gaizki ikusia geratu zen, herrialde honetan konplexurik gabe gai honetaz mintzatzea eragozten duen tabuaren biktima. Politikoki zuzena dena hipokrisiaren gerizan dago.

Ikusi gehiago:Migrazioa? Nahierara

Argiki erran dezagun: migrazio masiboa gaitz bat da, hutsik geratzen diren herriak hipotekatzen dituelarik; migrazioa jasotzen duten herriak oztopatzen eta desartikulatzen ditu, batez ere euskaldunak bezala bere migrazio-politikak erabakitzeko botererik ez dutenak; beren etxeak uzten dituzten pariak esklabo bihurtzen ditu; tokiko langileak desarmatzen ditu, beren gizarte-konkistak arriskuan jarriz. Munduko mapa gainean zoriontsu, aberatsenek barre egiten dute gure kontura, eta beren baliabide mediatikoekin moralina merke bat eta katekesi sasi-humanista bat txertatzen dizkigute, sasi-progresista guztiek migrazio masiboa txalotu dezagun mana berri baten gisan, eta ez minbizi baten gisan, planetaren jabeek maltzurki sartu digutena.

Berriro ere gogora dezagun SESB hondoratzeak munduko gehiengoarentzat ekarri zuen porrot handia. Eta ez sobietarra izan zelako jarraitu beharreko eredua, baizik eta Gerra Hotza deiturikoan langile mugimendua neutralizatzeko aberatsek, batez ere Europan, Altzairuzko Errezelaren abantailak pobreen eskuetan utzi behar izan zituztelako: zortzi orduko lanaldia, erretiroa, oporrak, aisialdia, emakumeen eskubideak, haurtzaindegiak, osasuna eta hezkuntza, langabeziari laguntza, etxebizitza... Ongizate-estatua izan zen, sozialdemokrazia, Europako sindikalismoaren gorakada, zeina, horren borrokei meriturik kendu gabe ere, anaia sobietarraren erreferentzia beldurgarririk gabe hain urrutira iritsiko ez zena.

Harresia erorita, kapitalistak putreen gisan oldartu zitzaizkion Sobietar Batasunari, eta bere lorpenak haginkadaz banatu zituzten. Nagusitasuna lorturik, zerendako mantendu Mendebaldean eskulana garestitu eta diru metaketa oztopatzen zuten eskubideak? Konponbidea erraza izan zen: zenbait gerra sorrarazi Afrikan eta Ekialde Hurbilean, aldi berean baliabide naturalak eta eskulan merkea lapurtzeko. XXI. mendeko esklaboak, gainera, beraiek etortzen dira, beltzez beteriko itsasontzien beharrik gabe. 2015ean, Merkel kantzilerrak Siriako milioi bat errefuxiatu hartzea erabaki zuen, Siriako Gobernuaren protesten gainetik, jende hori Mendebaldeak suntsitutako herrialdea altxatzeko behar baitzuen. Inor horren tentela al da Merkelek horrela elkartasunagatik jokatu zuela pentsatzeko? Alemaniako korporazio handiek tresna ezin hobea zuten kostuak murrizteko, eta, bide batez, baliabide naturaletan aberatsak ziren nazioen gizarte eta lan-sarea suntsitzen zuen Europak.

Migrazio basati hori, etorri berria esplotatuz eta bertakoa gehiago estutuz enpresa etekinak bultzatzen dituena, guztiz bateragarria da Melillako itsas mugak edo hesiak ixtearekin: kanpoan geratzen diren milioiak dira prekaritatearen erakusleihorik onena, eta burua makurtzen ez badugu gainerakooi etorriko zaigunaren ispilu. Belaunaldiz belaunaldi, etorri berriak bigarren mailako herritar izango dira, gizarte-bazterketaren mugan dauden marjinaltasunaren poltsak, delinkuentziak eta kulturen talkak utzitako ondorioekin. Eskuin muturreko alderdiak arduratuko dira hori mantentzeaz, gorrotoa eta arrotzaren beldurra sustatuz, eta poliziak eta lege murriztaileak areagotuz. Voxek, kapital handiaren polizia-txakurrak, migratzaileak behar ditu bere nagusiak adina gizentzeko.

Ondikoz, euskal ezkerra, eta orokorrean gure Euskal Herri eskuzabala, munduko nagusien politika kriminal horren konplize bilakatu gara. Arreta handiagoa jarri dugu etorri berriei ongietorria ematen eta Mediterraneoko bidegurutzean izan dituzten gorabeherengatik protesta egiten, jatorrian gaizkiari aurre egiten baino.

Ikusi gehiago:Immigrazioaren aurkako politika ezkerretik?

Etortzen den orori duintasunez kasu egin behar bazaio ere —ezin bestela!—, askoz gehiago saiatu behar gara etortzera beharturik izan ez dadin. Errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideen defentsa erradikalak migrazioa geldiarazteko borrokarekin bat etorri behar du. Elkartasunak hasi behar du antiinperialismotik, gerren arbuiotik, beste herrialde batzuen baliabideak ez lapurtzetik, guztion artean ordainduz, gure zergekin, nazio horien berreraikuntza. Elkartasuna gauzatzeko modu asko daude, eliteek bultzatzen duten migrazioa sustatzen ez dutenak. Horregatik salatu behar ditugu gure burgesia nazionalak, gezurretan ari direnak eskulana inportatzeko beharraz hitz egiten dutenean, hemen langabezia eta emigrazioa izaten jarraitzen dugularik. Beren burua defendatzeko tradizio soziala eta baliabide sindikal eta politikoak dituen euskal gizartea prekarizatu eta desegin, besterik ez dute nahi. Horrela, etorkina, guztietan zapalduena, haien tresnarik onena bilakatzen da. Hedabide handiek elkartasunezko aldarrikapenak zabalduko dituzte, eta horren atzean estrategia bakarra dago: herriak esklabo bihurtzea. Eliza, bere ustezko karitatearekin, beste manporrero bat da. Zenbait GKEri buruz, hobe ez mintzatu. Eta ezkertiarrok, migrazio-tabuen eta politikoki zuzena denaren artean harrapaturik, boteretsuaren morroiak bilakatu gara. Nafarroan, gaur egun, hiru jaiotzatik bat ama migratzaile batena da. Bihar gehiengoa izango dira. Bonba atzeratu bat. «Nik nire etxeko leihoak irekiko ditut haizeak sar daitezen, baina ez dut utziko harresiak botatzen», Gandhik errana.

Beharrik, itxaropen izpiak, egon, badaude. Alemanian eta Suedian ezkerreko alderdiak migrazio masiboaren aitzinean duten okerreko jarrera birplanteatzen ari dira. Migrazioaren aurkako politika ezkerretik, internazionalismotik eta herrien arteko elkartasunetik egin daiteke, eta egin behar da. Aski da Anaia Handiaren erabaki barbaroak etikaz, karitatez edo elkartasunez margotzeaz.

Ezkerretik horri guztiari buruz argi mintzatzen hasten bagara, zirrikitu gutiago utziko dizkiegu eskuinari eta Voxeko horiei. Eta, dudarik gabe, gehiago konbentzituko dugu nire herrikidea, ez baitu zertan orain lehengoaren erdia irabazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.