Orain hamarraldi zenbait, martxa baten lehen notek oroitarazi ziguten batek goserik dirauen artean ez garela gu ase izango. Hala batu zituen kantu batek injustizia guztien artean injustuena den goseari aurre egiteko beharra eta inor atzean utziko ez duen herria eraikitzeko anbizioa.
Ez alferrik. Garai bertsuan, eskubide eta betebehar berak izango zituzten herritarrez osaturiko Euskal Herri askea eraikitzeko herri ametsa zabaltzen ari zen gure herrian. Amets hark, besteak beste, orduan gurera kopuru esanguratsuan (20-30 urtetan 600.000 lagun, garai hartan 1.500.000 biztanle zituen Euskal Herrira) etorritako migrazioaren erronkari heltzeko printzipio politiko argi bat izan zuen oinarri: Euskal Herrian lan egin eta bizi den oro da euskal herritarra. Hala, borondate hutsean oinarritutako euskal herritartasunaren kontzepzio demokratikoa finkatu zen. Eta subjektu eraldatzailearen definizio iraultzailea egin zen: Euskal Herri Langilea. Finean, euskal herritar oro Euskal Herri aske eta justua eraikitzeko subjektu historiko bilakatu zuen, eta, bide batez, migrazioari lotutako ildo ireki bat garatzeko oinarria jarri. Zeinak, gabeziak gabezia, zerumuga eraldatzaile bat eskaini zion herri honi.
Hainbat hamarraldi geroago, gurera datorren migrazio berriak ispilu beraren aurrean jarri gaitu berriz. Beste ezaugarri batzuk izan arren, erronka bera dugu: migrazio fluxuen zein jatorri eta kultur aniztasunaren kudeaketa demokratiko eta aurrerazalea egin, herritar horien guztien harrera bermatu, eta haiek libre eta berdinen Euskal Errepublika bat eraikitzeko egitasmora batzea.
Erronka horri baikorki erantzun nahi badiogu, lehen egitekoa da eskuin muturrak, mundu osoan, eta baita gurean ere, eraiki asmo duen markoa eraistea. Ezker zein eskuin hedatzen ari diren ikuspegi erreakzionarioei konplexurik gabe aurre egitea. Eta ideia horiek zentimetro bakar bat ere aurrera egin ez dezaten eremu guztietan borrokatzea.
Zenbaitek hala saldu nahi badu ere, migratzaileen gehien-gehienak ez du sekula inolako deliturik egin, ezta egingo ere; eta gainerako gutxiengo txikiak ez ditu egiten delituak migratzaile izateagatik, bestelako arrazoiengatik baizik. Izan ere, pobrezia da delinkuentzia sortzen duena, ez migrazioa. Eta pobrezia sistema kapitalistak, politika neoliberalek eta eskuinaren politikek sortzen dute. Horregatik, ezin dugu ontzat eman delinkuentzia eta migrazioa lotzen dituen diskurtsoa, ezta segurtasunaren aitzakian kolektibo oso bat estigmatizatzea ere. Zoritxarrez, horretaz badakigu zerbait euskaldunok. Hamarraldi luzez biolento gisa aurkeztu gaituzten horiek dira orain migratzaileak delinkuentetzat aurkezten dituztenak. Eta, jakina, euskaldunok, izatez, biolentoak ez garen gisan, migratzaileak ez dira, izatez, delinkuenteak.
Abiapuntu hori argi izanik, instituzioek izan badiren segurtasun arazoei aurre egin behar diete; jarrera antisozialak borrokatu, eta segurtasuna bermatu. Jakinik segurtasuna osoki eta iraunkorki bermatzeak bizitzaren duintasuna osoki eta iraunkorki bermatzea exijitzen duela. Ez baitago segurtasunik justizia sozialik gabe, ezta justizia sozialik ere berdintasunik gabe.
Bigarren egitekoa, funtsezkoena, migrazioaren erronkari eredu propio bat eraikiz heltzea da. Estaturik ez duen nazio ukatu eta zatitu baten kasuan, kolosala da erronka; nahitaez burujabetza eta botere politikoa eskuratzea eskatzen du. Burujabetza eta botere politikoa behar ditugu, lehenik, migratzeko edonork duen eskubidea oinarri (egun kapitalismoak inposatutako beharra ere bada), migratu orori harrera egiteko ardura gure gain hartzeko. Bigarrenik, herritar guztiok eskubide, betebehar eta aukera berak izan ditzagun, guztion inklusio sozioekonomikoa bermatu, eta ezberdintasun sozialak eta pobrezia amaitzeko. Eta hirugarrenik, migrazio fluxuak zein jatorri eta kultur aniztasuna kudeatzeko eredu propio, demokratiko eta aurrerazalea garatzeko. Zeinak, bidenabar, gure herriaren errealitate propioaren (hizkuntza eta kultura minorizatuak, ehun ekonomiko espezifikoa...) arabera eraikia izan beharko duen, neurri zehatzekin. Eta noski, espainiar eta frantziar estatuetako migrazio politika arrazistek ez bezala, ikuspegi antirrazista izan beharko duen.
Jar dezagun gauza bakoitza bere lekuan: migrazioa ez da, izatez, arazo bat. Migrazioak ez du, berez, jendartea desorekatzen. Jendarteak errealitate horri ematen dion erantzuna da, kasuan, desorekak eta arazoak sor ditzakeena. Edo kontrara, ongi kudeatuz gero, kohesioa indar dezakeena. Esan bezala, migrazioa erronka da. Garai historiko honetan dugun erronka nagusienetarikoa. Baina gaude, erronka den modu berean, aukera ere badela. Modu eraginkor batean heltzen asmatuz gero, gure gaitasun publiko eta komunitario guztiak aktibatuz gero, nazio askapeneko prozesuan zein herri eraikuntzan funtsezkoak diren esparruetan (euskalduntzean edo hezkuntzan, kasurako) aurrera urrats kualitatiboak egin baititzakegu ikuspegi emantzipatzailetik. Eta hori gaurdanik egin behar da, ezin dugu burujabetza eta botere politikoa eskuratzeko zain egon. Gainera, badakigu egiten; iraganean eginak gara, baldintza txarragoetan eginak ere.
Herri bat ez da soilik une jakin batean den hori. Herri bat zerbait bada, etorkizunean izan nahi duen horren ametsa da. Izan nahi duen horren ametsa, eta hura betetzeko egiten duen bidea. Guk inor atzean utziko ez duen Euskal Herri askea dugu amets. Inor inon goserik den artean, ase sentituko ez dena.