Metropoli egiturak

2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Gaur egun, hirigune eta gune metropolitanoaen garrantzia euren ahalmen ekonomikoaren arabera neurtzen da. Ingurua menderatzeko bideak ekonomikoak dira: inbertsioak hartu, eskulana eta talentua erakarri, botere guneak sortu... Horregatik, hiri batentzako ezinbestekoa da beharrezko azpiegitura ekonomikoak edukitzea. Finantza merkatuek ezinbesteko papera jokatzen dute ekonomian. Enpresa eta entitate ekonomikoentzako finantzaketa aukera eskaintzen du. Likidezia lortzeko bide zuzena, bai enpresaren jabetzaren zati bat eskainiz, baita zor baldintzak plazaratuz ere.

Jakin behar dugu zenbateko kapital kopurua mugitzen ari den finantza merkatuetan: World Federation of Exchanges erakundearen datuen arabera, 2020ko abenduan New Yorkeko bi burtsek (NYSE eta NASDAQ) 38,5 bilioi dolar hartzen zituzten; Japoniako burtsak, 6,1 bilioi dolar; Londreseko burtsak, 3,2 bilioi dolar; Euronextek (Paris, Amsterdam eta Brusela), 4,2 bilioi dolar; eta Espainiako burtsak (BME), 600.000 milioi dolar. Ondorioztatu daitekeenez, munduko kapital gehienaren trafikoa burtsan gertatzen da. Eta, normala denez, metropoli garrantzitsuenek nahi dute kapital trafiko hori hartzea. Ekonomia sortzen dute euren inguruan. Diruak dirua erakartzen du, izan ere, eta, horrekin batera, aberastasuna.

Kuriositate moduan, Espainian ezarritako lehenengo burtsa Jose? Bonaparteri zor zaio, Madrilgo San Felipe el Real komentuan.

Espainiako burtsa sistema BMEk kudeatzen du. Bigarren mailako lau burtsak osatzen dute: Bartzelona, Bilbo, Madril eta Valentzia. BMEk bere egoitza Madrilen dauka. Bere ezartze dataren arabera (1890), Bilboko burtsa Espainiako bigarren burtsa zaharrena da, baina nabaria da egungo egoera ez dela garai batean edukitako indar horren parekoa. Bilbo finantza gune garrantzitsua zen Espainia mailan, baina denborarekin behera egin du nagusitasun horrek, hiritik zenbait finantza entitateren egoitzak irtetean antzeman zena.

Joera argia da: digitalizazioaren helduerarekin zerbitzuen garrantzia handitu da ekonomian, eta horrekin ekonomia aktore garrantzitsuenen profila aldatu da. Honek, enpresa, kapital eta botere ekonomiko metaketa sustatu du gune ekonomiko garrantzitsuenetan, gainontzeko area ekonomikoen kaltetan. XX. mendeko azken laurdenean hasitako eta gaur egun arte luzatutako prozesu batean, lau burtsa horien bateratze prozesuak Madril indartu du de facto-ko Espainiako burtsarako sarrera moduan, Bartzelona eta Bilboren kaltetan, bereziki.

Zentzu horretan, ekonomia eragile diren lehen mailako azpiegiturak indartu behar diren moduan (aireportu edo portuak, sozietate zibiletik sortutako erakunde ekonomikoak, unibertsitatea...), geroz eta garrantzitsuagoak diren finantza merkatuek eskaintzen dituzten aukerei heltzeko beharrezkoak diren azpiegiturak ere sustatu behar dira.

Berri onena zera da: Bilbok badauka oinarri hori. Six operadore suitzarrak BMEren kontrola hartu zuenean, bere konpromisoetako bat Bilboko burtsa beste hamar urtetarako irekia mantentzea izan zen. Horrez gain, CNMVk (Espainiako baloreen merkatuak eta haien jarduera ikuskatzeko erakunde arduradunak) adierazi zuen Bilbon egoitza bat irekitzeko intentzioa (Madrilen eta Bartzelonan jadanik dituenaz aparte). Asmoa, Bilbok finantza gune moduan garatzeko borondate hori babestea omen da.

Pandemia honek eragindako krisiak onartzen badu, datozen urteek berebiziko garrantzia izango dute Bilborentzat garapen ekonomikoaren ikuspuntutik. Europako funtsek sustatuko dituzten lurralde mailako proiektuak daude, eta horiek epe ertainean enpresa horientzako izan behar duten bultzada. Instituzioak sakonean saiatzen ari dira enpresek egoitzak hemen irekitzeko baldintzaerakargarriak ezartzeko. Ekintzailetza zentroak hartuko dituen start-up-en proiektuen garapenak ere, epe luzean, finantzaketa eskatuko du. Kapital eta finantzaketa mugimendu horren beroan, Burtsak bere aukera baliatu behar du.

Izatez, Bilboko burtsak paper garrantzitsu bat joka dezake finantza gune horren garapenean parte hartuko duten aktore eta proiektu horien aldean kokatuz, eta proiektuentzako finantzaketa lortzeko esparru aproposa eta tresna gisa aurkeztuz.

Inbertsio aukera erakargarri ugari daude Espainiako burtsan Ibex indizetik harago. Testuinguru horretan, ezinbestekoa da Espainiako burtsa sisteman operatzeko sarrera ate alternatibo eraginkorraren aurkezpen txartela lortzea. Metropoliek egiturak behar dituzte, gainean ditugun garai berri hauetan metropoli izaera mantentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.