EHUko irakaslea eta ikertzailea

Metabertsoa: Errealitate Birtualaren paradisua edo arrisku digitalen gordelekua?

Patricia Barron San Blas
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Teknologiaren aurrerapenak gure bizitzako alderdi guztietan eragina du, eta metabertsoa horren adibide argia da. Plataforma birtual honek jokoetatik hasi eta negozio-inguruneetara arteko erabilerak ditu, eta esperientzia digital sakonago eta interaktiboago bat eskaintzen du. Hala ere, errealitate birtualaren promesek galdera ugari piztu dituzte, segurtasun digitaletik hasi eta lege-esparruaren sendotasuneraino. Nork babesten du erabiltzaileen segurtasuna? Ba al dago etika argirik espazio birtual horretan? Eta nola bermatu daiteke justizia digitalaren aplikazioa? Metabertsoak eskaintzen dituen aukerak izugarriak diren arren, arriskuak eta erronkak ere handiak dira.

Hiperkonektibitatearen arriskuak

Metabertsoaren funtzionamendua hiperkonektibitatean eta datuen bilketa masiboan oinarritzen da. Plataforma horietan erabiltzaileei buruzko informazioa etengabe biltzen da, eta horrek segurtasun eta pribatutasun arazo larriak sor ditzake. Izan ere, giza eskubideak urratzeko arriskua dago, erabiltzaileek kontrolik gabeko jarraipenari aurre egin behar baitiote. Gainera, algoritmoen erabilera masiboak diskriminazio digitala eragin dezake, eduki eta aukera pertsonalizatuak erabiltzaileen joeren arabera moldatuz, sarritan kalterako.

Ildo horretan, enpresa batzuek –algoritmo sofistikatuen bidez– erabiltzaileen interakzioak etengabe aztertzen dituzte haien joerak eta lehentasunak ezagutzeko. Prozedura hau merkataritzarako aukera baliotsua izan daitekeen arren, arriskutsua da oso datuen erabilera okerra gertatzen bada; hots, informazio hori beste enpresa batzuei saldu ahal zaie edo manipulazio psikologikorako erabili daiteke, erabiltzaileak erosketa jakin bat egitera bultzatuz, kasurako. Hau da, mekanismo kontrolen falta dela eta, erabiltzaileek ez dute euren datuen gaineko kontrolik, eta azpiko mekanismo automatizatuek haien esperientzia digitala manipula dezakete, baimenik gabe. Hala, datuen lapurreta kasuak gero eta ohikoagoak dira, eta zibererasoak ere areagotu egin dira. Adibidez, metabertsoan hainbat kasu izan dira non erabiltzaile batzuek haien abatarren bidez beste pertsonak engainatu dituzten informazio pertsonala eskuratzeko. Adingabeak, batez ere, arrisku handian daude grooming kasuak ugaritu direlako; hau da, helduak haur eta nerabeekin konfiantza sortzen saiatzen dira haien konfiantza eskuratzeko eta gero manipulatzeko.

Jabetza intelektuala eta jurisdikzio arazoak

Jabetza intelektualaren inguruko arazo berriak ere sortu dituzte ingurune birtualek; alegia, metabertsoan sortutako edukiak (adibidez, artelan digitalak edo abatar pertsonalizatuak) norenak izan behar diren eta nola babestu behar diren zalantzan dago. Azkenaldian, NFT teknologiaren bidez erabiltzaile asko obra digitalak –pinturak eta eskulturak, kasurako– saltzen aritu dira metabertsoan, baina salerosketa horietan jabetza intelektualaren inguruko eskubideak ez daude argi definituta. Honek auzi legalak sor ditzake; izan ere, erabiltzaile gehienek ez dute argi zein legedi aplikatzen den, fisikoa edo digitala? Ba al da legedi fisitalik? Adibide praktiko bat aipatzearren: erabiltzaile fisiko batek beste baten edukia kopiatzen badu eta hori NFT bihurtzen badu, noski, sortzaile originalaren baimenik gabe; jurisdikzio fisikoa (pertsonarekiko) edo birtuala (erasoarekiko) aplikatu beharko litzateke?

Gainera, metabertsoan ekonomia propioa garatzen ari da, non moneta birtualak eta aktibo digitalen transakzioak gero eta ohikoagoak diren. Horrek iruzurrak eta dirua zuritzeko jarduerak areagotzeko aukera dakar, eta gobernuek oraindik ez dute araudi argirik ezarri ingurune digitala zentzu horretan kontrolatzeko; dudarik gabe, delitugileei aukera gehiago ematen diena erregulazio eskasaren aurrean jarduteko.

Egoera konplexu horrek erakusten du metabertsoaren garapenak ez duela soilik aurrerapen teknologikoa suposatzen, baizik eta lege-esparru sendo eta global baten beharra ere baduela. Gobernuek eta erakundeek elkarrekin lan egin behar dute erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko eta ingurune digital arduratsua sortzeko.

Ondorioak eta etorkizuneko erronkak

Metabertsoan, segurtasun eta justizia digitala bermatzea erronka izugarria izango da, baina ahalegin kolektibo baten bidez, ingurune birtual arduratsu eta inklusibo bat lor daiteke. Ezinbestekoak dira araudi sendoagoak, enpresen erantzukizuna, erabiltzaileen heziketa digitala eta nazioarteko lankidetza. Etorkizunean, ingurune birtual horrek gizartean eragin positiboa izan dezan, teknologiaren garapenak etika eta segurtasuna lehenetsi beharko ditu. Euskadin, adibidez, 2030erako Agendarekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak digitalizazio inklusiboaren aldeko neurriak sustatu ditu, teknologiaren bidez aukera berdintasuna bermatzeko. Halako ekimenek argi uzten dute teknologiak eragin sozial positiboa izan dezakeela, baina horretarako beharrezkoa da planifikazio egokia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.