Mesedez, ez mutilatu Xabier

Sebastian Gartzia Trujillo
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Xabier Lete hamar urte hil zela-eta, zenbait liburu argitaratu etaemankizun antolatuak izan dira. Ederrak gehienak. Dena dela, hutsune bat antzeman dut aipatu lan eta emankizun askotan: Xabierren kristau sinesmenari buruzko isiltasuna. Lanik gehienek (salbuespenak salbuespen, A. Lertxundiren edo J. K. Igerabideren artikuluak, kasu) ez dute Xabierren kristautasuna lantzen edo ez dute behar beste sakontzen eta, noizbait, gutxietsi-edo egiten dute. Baina isiltze horrek mutilatu egiten du Xabierren lekukotza eta oztopatzen haren literatura-lanen interpretazio zuzena. Xabier osatugabe bat azaltzen digute.

Xabier materialista izan zen, urte askoan agnostikoa eta Elizaren sakramentuetatik alde egin zuen: «Nik hamazazpi urtez gero zalantza handiak nituenerlijioarekin; neure buruari esaten nion jadanik ez nintzela katolikoa; kristaua nintzela soilik...» Xabierrek materialismo eta agnostizismoan iraun zuen urteetan bertso ederrak idatzi zituen: Izarren hautsa, kasu, euskal literaturaren olerkirik ederrenetakoa. Baina Xabierrek, fedea galduta ere, ez zuen inoiz bere burua ateotzat jo. Urte horietan barrena, Xabierrek ez zien inoiz giza eta jainko-misterioei buruzko galderei uko egin. Eta horixe da (Xabierrek dixit)erlijiosoa izateko modu bat: «Erlijioa, misterioaren atarirantz begiratuz bizitzea da… Ni agnostiko nintzanean, urte batzuez gustura ibili nintzen harro eta libre, erlijioaren gauza horiek mesprezatuz. Halere, zenbait esparrutan eta zenbait gunetan emozioa senti nezakeen, harridura, lilura, Leireko monastegian, adibidez, monjeek konpletak eta salbea abesten zituztenean. Behin, oroitzen naiz 'Hemen zerbait berezia dago' neure buruari esanez atera nintzela elizatik. Paisaiak ere asko laguntzen zuen, hango isiltasunak, haizearen xistuak, Aragoiko mendien urdin-koloreak».

Argitu nahi dut materialista izateak ez dakarrela berez kristau sinestuna ez izatea: «Materialista izaten segitzen dut, eta uste dut hori kontziliatu daitekeela, edo uztartu daitekeela, nahi baldin bada, sinesmen edo fede batekin».

1989tik aurrera, Xabier, 45 urte zituela, sinesmenarekin berraurkitu zen: «Baina hogei uste pasa ondoren, bere gaixoaldi oso larri baten denboran, Lurdes eta ni errezatzen hasi ginen berriro, bakoitza bere aldetik. Pixka bat hobeagotzen hasi nintzanean, hilzorian egon ondoren, Lurdesek esan zidan egun haietan otoitz egin bagenuen ez zela bidezkoa gero mutu gelditzea. Arrazoi osoa eman nion. Eta horrela hasi ginen berriro elizkizunetara hurbiltzen eta fededun bezala bizitzen… Otoitz egiten duena ez ote da sinestuna?… Azken urte hauetako zenbait elkarrizketatan erlijioaz eta, batez ere, fedeaz mintzatu izan naiz… ni sinestun bezala agertzen naiz. Ni sinestuna naiz, nere modura. Ez dakit modu hori erabat ortodoxoa den, nik ezetz uste dut. Baina hori beste arazoa da. Sinesmenaren berraurkitzea ez zitzaion Xabierri itzuli arrazoi hutsaren bidez, otoitzaren bidez baizik: Jainkoarenganantz joan nahi duenak —zioen Areopagoko Donisiok—, lehenago otoitz egin behar du, eta Xabierrek: Arrazoiarekin sinestea asko kostatzen zait ia beti (horretan ez naiz batere 'volteriano'), baina otoitzaren agonia horretan bizi naiz aspalditik, eta uste dut hori, neurri batean, Jainkotik hurbil bizitzea dela… Otoitz egiten duena ez ote da sinestuna?».

Sinesmena errekuperatuz gero, Xabierrek honako liburuok argitaratu zituen, zeinetan erlijiozkotasunak protagonismo handia bereganatzen zuen: Biziaren ikurrak (1992): «Zenbat aldiz, Jauna, gau beltzak didan estali...»; Zentzu antzaldatuen poemategia (1992): «Zenbat gogaituten zaitudan, Jauna...»; Egunsentiaren esku izoztuak (2008): «Jaso nazazu, maitea, azken egunean,... ni ere erruki handian salbatua izan nadin, salbatuak elkarrekin eta maitasunean glorifikatuak betirako.» Zelan interpretatu liburu mamitsu horiek Xabierren kristau sinesmena kontuan hartu gabe? Euskaldunen zorionerako, Xabierren sinesmena euskal literatura egina da (nola Joan Gurutzeko edo Leongo Frai Luisena Espainiako Literaturan eta R. M. Rilkerena Alemaniakoan...).

Xabier 'bere modura' izana zen kristaua, esan nahi ez duena kristaua zela bere nahieraren arabera. Xabierrek, kristau sinesmenaren forma esklerotizatutakoez landa, azalarazi zizkigun kristau sinesmenaren ezaugarrik adierazgarrienetakoak:

1. Errukia dela kristau sinesmenaren benetako legamia eta ez, umezaroan erakutsi zioten bezala, bekatua edo legea: Jesusen nahiago dut errukia sakrifizioak baino hura Xabierrek maisuki gaurkotu zigun: «Kristautasunaren barruan erlijio praktikaren atal nagusia da errukia, eta errukia, besterik beste, gure naturaren jakituriatik letorke... Nik uste dut Mendiko Irakaspen edo Predikua irakurri beharko genukeela berriro (Mateoren ebanjelioan), bestearekiko erruki adeitsuaz jabetzeko. Nazareteko Jesus errukitsua izan zen».

2. Kristauok espero dugun berpiztea ez zaigu gertatuko arima 'espiritua' delako. Xabierren sinesmen-esperientzia fidagarriagoa zaigu Platonena baino: «Ni ziur nago Jainkoak ezin dezakeela nahi beregan sinesten duten maitale leialak elkarrengandik malapartatuak izatea... Nik agian, neronen esperientziari begiratuz, honela oihukatuko nioke Jainkoari: Jauna, erruki zaitez gutaz, eta elkar mundu honetan maite izan dugunok ez gaitzazu heriotzaren orduan eta heriotzaren bitartez bereizi; elkar maite izan dugunok elkar maitatzen jarraitu nahi baitugu eternitate osoan».

3. Xabier ez zen markarik gabeko sinestuna. Kristaua zen: «Nazareteko Jesus erabat funtsezkoa da gizadiaren historian antzinako gizarteetan ohiturak ez ziren baloreak—errukia, barkamena, pobreziaren goraipamena...— lehen tokian jarri zituelako.

Ondo iruditzen zait Xabier Leteren literatura-ekarpenak gorestea... baina kristau sinesmenean Xabierren emariak isilean uzten baditugu, guztion kalterako dela deritzot. Zurrunbilo irensle horretan gabiltzala uste dut. Pena da, C. P. Cavafis-ek esan baitzuenez: «Poeten begirada zorrotzagoa baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.