Merkataritza askearen izenean

2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Uda hasi berria zela, Europar Batasunak (EB) eta Mercosurrek hogei urteko negoziaketen ondorioz erdietsitako merkataritza askeko itunaren inguruko adostasuna ezagutzerat eman zen. Behin-betiko testua lantzearen zain, Europar Batzordeak kaleraturiko akordioaren laburpenak eztabaida handia piztu du bai Europako zenbait herrialdetan bai Atlantikoz bertzaldean ere. Espainia balizko gobernu berri baten osaketarekin entretenitua zen bitartean, kezka zabaldu da nabarmenki Frantzia, Irlanda, Finlandia eta Alemaniako sektore ezberdinen artean. Bi hitzetan, akordioak aurreikusten ditu bi bloke erregionalen arteko inportazioen gaineko muga-zergen %90 baino gehiagoren desagerpena hamar urteko epean, behiki edo azukre hegoamerikarra bezalako zenbait produkturen inportazio kuotak handitzea eta Mercosurreko herrialdeetako kontratazio publikoak Europako enpresei guztiz irekitzea, Europako jatorrizko izendapendun produktuak babestuz.

Horrenbertze urteren ondoren akordioa orain lortzea posiblea izan bada, Trumpen oldarraldi protekzionistak eta Txinaren erantzunak nazioarteko aldeaniztasuna arriskuan jartzen duten honetan, Mercosurreko herrialde nagusien buru agintari neoliberalak eta Europako Batzorde globalista kointziditu direlako izan da.Merkataritza askearen izenean, tokian tokiko zenbait sektore bazterrean utzi edo zuzenean desagertzera kondenatzeko prest dirudite erregio biek. Onurak orokortuak balira bezala aurkeztu nahi badituzte ere, irabazle argiak Europako industria eta Hego Konoaren lehen sektorea dira. Izan ere, EBk nagusiki ibilgailuak, makineria eta produktu kimiko eta farmazeutikoak bezalako balio erantsi handiko salgai gehiago esportatu ahal izanen ditu; Mercorsurrek mineralak, soja, behikia eta nekazal produktuak aiseago saldu ahal izanen dizkio Europari.

Txanponaren bertze aldean, dagoeneko zailtasun ugari dituen europar nekazal sektorea: akordio honen ondorioz ekoizteko lan eta osasun-baldintza berdinak bete behar ez dituzten lehiakide hegoamerikarren produktu gehiago eta merkeagoei aitzin egin behar izanen diete. EBk deklaraturiko asmoa estandar europarren betetzea segurtatzea bada ere, gaur-gaurkoz ez dago horretarako lege-tresna ezta kontrol eraginkor nahikorik ere ez. Zein izanen da orduan produktuen kalitatearen gainean kontsumitzaileok izanen dugun bermea? Zein izanen da landa eremuak bizirik mantentzen dituzten langileen etorkizuna? Konpentsazio neurriak ezarri ahal izanen lirateke, baina horrek ez luke funtsean konponduko lehen sektoreari eta Batasuneko eremu periferiko handiei eragindako kaltea. Bertze galtzaile handia MERCOSURreko industria-sektorea da; muga-zergarik gabeko industria-produktu europarren sarrerak bertako industria gehiena suntsituko du, lehenago izandako esperientziek erakusten digutenez. Beraz, berriz ere lehengaien ekoizpen eta esportazioan zentraturiko eredu ekonomikoa bultzatzen da itunarekin, garapen ekonomiko integral eta orekaturako bidea moztuz eta neokolonialismo ariketa argian zentru industriala-nekazal periferia mundu eskema erreproduzituz.

Ingurumen-kezka handia ere sortu da. G7ko egunetan hedabideen azalak irabazi zituzten Amazoniako kontrol gabeko suteek parada eman zioten Macroni Bolsonaro presidente brasildarra estutzen saiatzeko, baina hipokresi handia mozorrotzen du bere jarrerak. Izan ere, Amazonian ez ezik, agronegozioaren logika produktibistaren eraginez MERCOSURreko bertze zonalde ezberdin aunitzetan ere handituz doa ingurumen-degradazioa, baina hori ez du ekuazioan sartzen Frantziako presidenteak. Gaur den egunean bi bloke erregionalen arteko elkartrukeetan ingurumen-inpaktuaren faktorea alboratzen da: errate baterako, Europako abereak elikatzeko ezinbertzekoa den sojagehiena transgenikoa, gaineraArgentina, Paraguai eta Brasilgo deforestazio arrazoi nagusietako bat da, abeltzaintza, meatzaritza eta basogintzarekin batera. Akordioak bultzatuko lukeen lehengai horien produkzioaren areagotzeak ingurumen-kaltea handitzea ekarriko luke, dudarik gabe. Orduan nola kontrolatu gaur ere kontrolatzen ez dena? Horren aitzinean, itunak MERCOSURreko herrialdeak Pariseko Akordioarekin, eta zehazki, oihan-galtzearen aurkako borrokarekin engaiatzerat behartzen baditu ere, ez da aurreikusten inolako zehapenik konpromisoak betetzen ez badituzte. Berme gutxi, beraz: engaiamendua borondate politiko hutseko afera izanik, unean uneko koiunturaren menpekoa da.

Bertzalde, elkartrukeen areagotze nabarmenak garraioaren, eta ondorioz, hark sorturiko negutegi efektuko isurketen handitzea eraginen du. Zein zentzu du haragi gehiago inportatzeak Europan bertan produzitzen ahal bada? Zein zentzu dute hori bezalako elkartrukeek teorikoki aldaketa klimatikoaren kontra borrokatu nahi bada?

Hauek bezalako bertze hainbat sakoneko eztabaidagai mahaigaineratzen ditu merkataritza askeko itun honek, bi erregioetan aldaketa politikoak suertatzen ari diren testuinguruan egin ere. Indarrean sartzeko, akordioak Europarlamentuaren onarpena eta ondotik Estatu kide guztiena behar ditu. Azken hauteskundeen emaitzek Estrasburgoko ganbara zatikatuagoa eragin dutenez, pentsatzekoa da itunaren onarpena lehen baino dezente zailago bilakatuko dela. Estatuen parlamentuetan ere batez ere nekazal sektore garrantzitsua eta ingurumen-sentsibilitate handia duten herrialdeetaneztabaida biziak espero izatekoak dira, eta ez dago segurtatuta guztiek onartuko dutenik. Baliteke itsasoz bertzaldean ere onarpenerako zailtasunak agertzea: urriaren amaieran presidentetza hauteskundeak izanen dira Uruguain eta Argentinan. Azken herri honetan aurreikusten denez Fernandez-Fernandez formulak irabaziz gero, gobernu berriak akordioa guztiz baztertzen ez badu, gutxienez berrikuspen inportantea exijituko du.

Gauzak horrela, itun honen iragarpena prozesu baten amaiera baino ibilbide baten hasiera da; areago, gertutik jarraitu beharreko ibilbide arriskutsua, lehen begiratuan iruditu litekeena baino ondorio larriagoak ekar liezazkigukeelako - betiere merkataritza askearen izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.