Meritua ala hizkuntza gaitasuna Osakidetzan

2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko herrialde guztietan, hizkuntza ofizialak ezagutzea nahitaezko betekizuna da lanbide sanitarioetan aritzeko. Herrialde horietara lanera doazen profesional guztiek behar besteko hizkuntza gaitasuna izan behar dute lekuko hizkuntza batean edo hizkuntzetan. Hala exijitzen du 2005eko Lanbide-Gaitasunaren Europako zuzentarauak.

Euskal Herriaren hegoaldean bi hizkuntza ofizial ditugu, baina gure arloan lan egin nahi duen profesional batentzat, mediku atzerritar batentzat, betekizun bakarra gaztelania jakitea da. Euskara ezagutzearen betekizuna ez zaio inori exijitzen, ezta gehiengo euskalduna dagoen lekuetan aritzeko ere. Horren arduradunak gobernu eta parlamentu autonomikoak dira, egun batez erabaki baitzuten euskara ezagutzea meritu bat dela soilik, puntu batzuk ematen dituena edozein lanpostutara sartzeko, baita hizkuntza-eskakizunik gabekoetara sartzeko ere.

Antolamendu Sanitarioaren Legearekin, 1997an, euskal botere publikoek euskal hiritarrekin zuten konpromisoa ezarri nahi izan zuten, osasuna babestu eta zaintzeko eskubideak begiratzeko eta errespetatzeko. Lege horren 28. artikuluak dio Euskara meritu kontsideratuko dela, kontuan izan gabe langile sanitarioarekin dagoen komunikazioa funtsezkoa dela artatzearen kalitatea eta pazientearen segurtasuna garantizatzeko.

Europan, erakunde publikoez gain, Elkargo Profesionalek ere exijitzen dute gaitasun linguistikoaren betekizuna betetzea. Hego Euskal Herrian gaztelania bakarrik exijitzen dute, nahiz eta euskara aitortua dagoen hizkuntza ofizial gisa Espainiako Konstituzioan, EAEko Estatutuan, Amejoramendu Legean, 1982ko Euskararen Normalizazio Legean eta 1986ko Baskuentzearen Legean. Ondorioz, osasun arloan Euskara erabiltzeko arazoak ez datoz kanpotik, ez ditu Madrilek jartzen, esan ohi denez; herrialdearen barneko aurkakotasuna da, gure erakundeena, geure parlamentuena eta hauen legeena, borondate politikorik ezarena.

Europako Erkidegoetako Justizia Auzitegiak epaitu aurreko erabaki bat hartu zuen —Estatu kide batek Europako Erkidegoko Zuzenbidea urratzeagatik duen erantzukizunari buruz, eta, odontologo aritzeko baimena harrera-herrialdeko hizkuntza ezagutzearen mende jartzeari buruz—. Horixe baitzen , hain zuzen ere, jatorri turkiarreko Salomone Haim odontologoaren kasua, Alemanian lan egin nahi zuenarena. 2000ko uztailaren 4an Auzitegiak erabaki zuen Estatu kide bateko erakunde eskudunek exijitu egin dezaketela estatu kide horretan lanbidean aritzeko behar den hizkuntza-ezagutza baimena eman ahal izateko.

Gure herrialdean, ez diegu behar besteko arreta ematen pazienteei, sufritu zutenei, sufritzen dutenei eta euren sanitarioekin komunikatu ezin dutenei, euren hizkuntza ezagutzen ez dutelako. Paziente horiek oinarrizko eskubideak ukatu zaizkion biktimak izan ziren eta dira; baina hainbestekoa da gure alienazioa, inork ez duela haientzat ordaina, justizia eta egia eskatzen. Inork ez die barkamenik eskatzen eta ez die aitortzarik eskaintzen. Eta are larriagoa, gure parlamentu autonomikoetan zona euskaldunean hizkuntza gaitasuna sanitarioei exijitzea, derrigorrezko izatetik urrun, meritutzat hartzen da oraindik ere.

Orain urtebete eskari bat egin genuen Europako Parlamentuan, Osasunbideak ez dituelako Baztanera eta Xaretara mediku elebidunak bidaltzen. Onargarritzat hartu ostean, Vassiliou andreak, Batzordearen izenean, erantzuna eman zigun, oraindik orain Izaskun Bilbao eurodiputatuari eman diotena bera, Nafarroako Euskara Kultur Elkargoaren aldeko agerpen batean. Gogorarazten digute hizkuntza aniztasunerako errespetua Europako Batasuneko funtsezko balio bat dela, baina Estatu kideak direla erantzule nagusiak hizkuntza politikan erabakiak hartzeko; eskumen hori Euskadiko Autonomia Erkidegora transferituta dago.

Zona euskaldunean lanbidean aritu garenok badakigu ongi pazienteekiko komunikazio arazo horiek zer eragin izan duten haiengan, zer nolako lasaitasuna hartzen duten beren minak adierazi ditzaketenean, zeintzuk diren pazientearen segurtasunean eta tratamenduarekiko atxikimenduan eta prebentzioan inkomunikazioak eragiten dituen arazoak. Hala zioen epai batean Knapman epaileak Erresuma Batuan: «Hutsegite medikoak edo arreta sanitarioan gertatutako atzerapen justifikatu gabekoak hizkuntza behar beste ezagutzen ez delako sortutako zailtasunek eragin badituzte, zabarkeria medikotzat hartzen dira».

Legealdia bukatzear dago, eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoko gehiengoa nazionalista izanik, nago iritsi dela unea gure parlamentariak gogo biziz saia daitezen hainbeste urtean komunitate euskaldunari egin zaion kaltea ordaintzen, legea eginez honelako eran —Europan bezalaxe—, pentsatu eta onar dezaten gaitasun linguistikoa exijitzea herritar euskaldunak artatu behar dituzten profesionalei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.