Musikaria

Merezi ote bakarrik egoteak?

2024ko martxoaren 1a
15:30
Entzun

Jose Luis Abalosen afera dakarkizuet platerera, egoera politikotik at, gizatiar egoera eta psikosoziala ere tartean dagoelarik. Zeinek duen pisu gehiago, interpretazioen araberakoa delakoan nago.

«Bakarrik nago inoren sostengurik gabe» dio berak, eta «norbere alderdian» eta oposizioan ere gaitzetsia sentituz, baina bere burua erruduntzat hartzen ez duenez, ez du bere alderdiak eskatu diona egin; politika solas-lekuetan eta tertuliakideetan ardura politikoa duela aurpegiratzen diote, eta honetan datza eztabaida: norbanakoaren erantzukizunean edota alderdiarekikoan.

Iritziak iritzi, erantzukizun pertsonala edota giza erantzukizuna ardura politikoen gainetik jartzen dut, zeren, halako gertaeretan, buruz buruko portaera etikoa sartzen baita. Koherentzia pertsonalaz eta koherentzia politikoaz ari gara. Eta konbikzioak nahasten direnez, galderak barra-barra datozkigu eta zalantzak argitu beharreko bidean jartzen gara. Akusazio pertsonala datorkionean, nor bere erabakiaren aurrean, alderdiarena jarri behar ote du ba? Eta hau guztia, bere esanetan, errugabe sentitzen dela badio.

Zezena adarretatik hartu eta erronka bere gain hartzen du, alderdikide gehienen kontra bada ere. Abalosek, bere irizpide propioak hartu eta diputatu akta utzi gabe, bakarrean jarraitzea erabaki du, agian geroan ere bakarrik jarraitzeko, baina hori geroak esango du. Isiltzea eta besteen eskuetan eta iritzietan jartzea amore ematea delakoan eta politikoki hilobiratu nahi dutelakoan dago. Haren buruan sartzea ez da erraza, baina bertan azterketa sakona egiteko besteko kontakizuna dugulakoan nago.

Agian, Kafkaren metamorfosiaren nobelaren antzeko baten aurrean gaude, non norberarenganako edo taldearenganako ekarpena baloratu behar ote den. Abalosen kasua, Kafkarena bezalaxe, oraingoz, grabetzat hartzen diren ondorioak izango dituen gizakiaren konfrontazioaren alegorian sartu daiteke. Errugabetasuna frogatu beharko du eta, Kafkaren nobelaren antzera, honen portaera, bere alderdi sozialistari ulergaitza egiten zaiona eta karramarroa legez baztertua utzi izango dutena.

Guztiak, bai «bereak» zein aurkariak, diren hori, beren alderdiei die zor eta ez du inoren gupidarik jasoko; beraz, nolanahi ere, erruduntzat hartuko dute. Egoerak estuasuna eta pasa beharreko zama dakarkie eta, jakina, gatazka sortzen du. «Bereek», aldi batez eta gauzak argitu arte, dagoen lekutik urruntzea nahiago dute, eta aurkariek, gupida gabe korpus sozialistei erasotzeko eta sokatik tiratzeko, beren taldean izan dituzten jazoera larriak ahaztuz, arrazoi ezin hobea aurkitu dute: «Bestearen begian edozein haga ikusi eta norberenean ez ikusiarena eginez». 

Eta gertaera politikoen miseria eta kaskarkeriaren aurrean eta egiaztatzen duten modu zikinen eta maltzurren aurrean, aurpegia emateak ondratzen du. Beraz, Abalosek eskarmentua du eta badaki non dagoen, jakitun da zalantzan jarriko dutela batzuek eta besteek. Arrisku guztien aurrean bakarrik dago. Pitxer handi batean jarriko duten karramarroaren antzera dugu, eta behin baino gehiagotan bere buruari galdetu beharko dio: «Merezi ote bakarrik egoteak, geroan ere bakarrik egoteko?». Baina jakin badaki alderdiaren gerizpean edota besteen arrastrean baino, bakarrean errazago aireratu eta liberatuko dela.

Karramarroak, pitxer sakonetik ateratzeko, bakarrean badago, aukera gehiago du. Hala ere, koldarkeriagatik batez ere, besteen onespena aditzera ematea, gehienek egiten duten apustua da, eta halako erronkak bere aldekoen eta aurkarien kontra jarriz, norbere gain hartzeak, nire onespena eta begiramena dute, zeren Abalosek argi dio errugabea dela. Denborak eta justiziaren erabakiak esango du gaur eskatzen duen ohorea egia den eta ontzat hartua izango den. Nobel saria jaso zuen Jacinto Benaventek, bere Intereses creados liburuan, zera dio: «Akats batengatik batzuk minduta ateratzen dira, baina besteek bizitza galtzen dute».

Gardentasuna exijitzen da eta Abalosek erasoari aurre egiten dio. Badira bere errugabetasuna agerrarazteko eta akusazioengatik babesteko bozgorailua dutenak, baina zenbat ote dira aukerarik ez dutenak?

Erabaki zaila eta nekeza hartu du, bakarrekikoa eta inoren babesik gabekoa. Oraingoz ez dauka beraren gaineko akusaziorik. Bere ondoan eta agindupean hartu izan dituen eta guztion argitan dagoen gizakien jokabide gogaikarria du. Lagunarte eskasak aukeratzeak eta haietaz fidatzeak ez dio leporatzen erruduna izatea, baina politikoki giro itogarria bizi beharko du, eta Kafkaren prozesuan bezalaxe, berak jakin gabeko delitua bada, justiziak erabaki beharko du afera honen jatorria eta izaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.