Menpekotasunari bai, subiranotasunari ez

2012ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Abertzale sentitzen garenok argi eta garbi eduki behar dugu nondik gatozen, zer izan ginen (Europako nazio libre eta subirano bat), zer egin ziguten eta egun nola gauden. Beraz, independentzia geure herriak eta euskarak bizirik irauteko duen bide bakarra da. Ez dago erdibiderik. Eskubide historikoak aldarrikatzen ditugunean, zer esan nahi du horrek? Independentzia eskubidea. Gure lurra defendatzeko eskubide osoa daukagu. Geure duintasuna eta etorkizuna dago jokoan.

Independentzia hitzak madarikatutako hitza dirudi. Berau aldarrikatzen dugunean espainiarrek gu iraintzea «normala» iruditzen zait. Baina euskal alderdi abertzalea izan eta, egun, hitz horri iheska aritzeak eta aipatu ere ez nahi izateak, dena adierazten du horrek. Agortuta dagoen egungo eredu autonomikoaren aldeko apustua egiten jarraitzeak, gaurko eredu sozio-ekonomiko bera onartzeak, bi diskurtsotan beti aritzeak (urtean behingo subiranotasuna, eta beste egun denak Madrilen gustukoak)ez gaitu gauden zulo beltzetik aterako.

Egun, gure herria larrialdi egoeran dago: langabezia, suntsipen handiko murrizketa ekonomikoak, gizarte ongizatearen desegitea, pobrezia eta baliabide eskasian dauden familien ugaritzea, terrorismo finantzarioa, hipoteken legea eta etxeen desjabetzea, kapital ihesak, iruzur fiskalak, ustelkeriak, euskal preso eta iheslarien egoera, jazarpen polizialak... Menpekotasunean bizi beharraren ondorioak dira, subiranotasunik eza.

Hain urruti ez dagoen iraganera joz, honako hau aurkitu dut paperetan. Donostiako Urumea frontoian (1935-11-24), EAJ-PNVk egin zuen mitinari buruz aritu ziren Madrileko Diputatuen Kongresuan. Hogeita zazpi diputatu monarkikoek sinatutako mozio bat erregistratu zuten, bertan eztabaidatu eta «epaiketa-salaketa» bat izan zedin Urumeako hizlarien aurka.

Idatziaren lehen zerrendaburua zen Jose Calvo Sotelok hartu zuen hitza. Espainiaren batasunaren apologia sutsua egin ostean, errepublikano diputatuek ere txalotu egin zuten. Urumeako mitinean, jeltzale hizlariek (Diputatuak Madrilen) esandako hitzak ekarri zituen gogora; subertsioa, separatismoa, irainak, Espainiari gorrotoa eta abar zirela esanez, beraz, delituak.

Erreplikarako txanda eman ziotenean, Telesforo Monzon, hizlarien tribunatik, (laburbilduz) honela mintzatu zen, gaztelaniaz: «[...] Leiala eta oso zintzoa izango naiz zuokin, jaunokin, badelako garaia han esaten duguna hemen esateko [...]. Diputatu jaunok, beldurtu egiten zarete hitz egiten dugulako nazioaz, aberriaz, subiranismoaz [...]. Gure naziorako Konstituzio politiko bat egituratu nahi dugu [...]. Badago Espainiako historiaren zati bat non gure herria libre eta burujabea zen [...]. Ulertu ahal izateko, gatazkak konpondu ahal izateko, lehenik eta behin, ez da aurreiritzietan sinistu behar, arazoei aurre egin behar zaie, eta ez guri segika ibili [...]». Jose Antonio Agirreri txanda heldu zitzaionean, horrek honako hauek esan zituen: «[...] Euskal nazionalista naiz, eta, beraz, euskal naziotasuna aldarrikatzen dut. Euskal naziotasuna, Euskadi, zeinak bere helburuen gainean subiranotasun osoa duen [...]». Manuel Irujok ere hitz bertsuak erabili zituen: «[...] Historiatik datorkigun subiranotasuna baino ez dugu nahi [...]».

Gaur egungo EAJ-PNVk diskurtso haien sintonia galdua du aspalditik. Zergatik ote da? Ezker abertzaleari arrazoia ematea esan nahiko lukeelako neurri handi batean, eta bestalde, ordea, beste interes batzuek dutelako lehentasuna, eta ez herritarrek. Denok dakigu PPren gobernua presazko dekretuak eta legeak egiteko produkzio handiko makina dela, eta horrela gabiltza, ezertarako ahalmenik gabe, erkidegoari dagozkion sosen kudeaketa izan ezik, eta berauek ere kontuz. Jelkideen helburua Ajuria Enea berreskuratzea izan da beti, eta iritsi dira. Erronka handia dute: langabezia, subiranotasuna, politika sozialak, herriarekiko hurbiltasuna, bakea, presoak…

Abertzaletasun erromantikoa ote zen ba EAJ-PNVren 1935eko Urumeako mitin hura? Ez, inola ere ez, benetan sentitu eta defendatzen zuena baizik. Gaur, ordea, menpekotasuna beste barik onartuz eroso bizitzea da helburua, subiranotasunak behar lukeen bultzadari ateak ixtea, independentziaren eztabaidari eta herri borrokari bizkarra ematea. Jaunok, nik egiten dudan argazkian horrela ikusten zaituztet. Mesedez, politika «elitista» egiteari utzi, herrira jaitsi, eta, behingoz bada ere, apurtxo bat busti.

Euskal Herriaren gaur egungo larrialdi egoera honi buelta emateko, herria errebelatu behar da. Herriaren presioari, masen mugimenduari eta desobedientziari ekinez aldaketak etorriko dira. Etorkizunaren giltza herri antolaketak du, eta ez mehatxu ukituak dituen egungo marko juridiko-politikoak. Gure helburua independentzia da, geure eskubide historikoa delako. Oztopoz betetako bidea izango da, badakigu, baina ez ezinezkoa, begiratu bestela azken urteotako Europako maparen aldaketa. Euskal Herria jasaten ari den menpekotasunak eta subiranotasunik ezak bizitza garratza ekarri digu, eta areagotuz doa. Noiz arte? Zein da bidea? Gure eskuetan dago. Eroso bizitzearen apustua egitea, soilik dauden arazoei hor konpon egin, edo errebelatu. Lehengoan, Gernikan, lehendakari agintea hartzeko egin zen zeremonia politikoan Urkullu jaunak zin egiteko formulan erabilitako hitzak bere osotasunean erreparatzen baditugu, hau esaten zen: menpekotasunari bai, subiranotasunari ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.