Mendoza jauna, ez zaitez kikildu

Eneko Yurramendi Aleman
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hispanitatea ospatzera behartzen gintuen oporralditxoaren atarian izan nuen Imanol Haranbururi Hizkuntz Eskoletako Bulegoko Buru izateko eman berri zitzaion izendapena bertan behera uzteko agintzen zuen zure erabaki «pertsonalaren» berri. Emandako arrazoia: iraganean ETArekin izan zuen harremanak «mesfidantza» eragiten zizula.

Bada agintean daudenei zor omen zaien ehun eguneko «konfiantza» emanez, pozik jaso izan nituen zuganako lankideen artean entzundako iruzkinak: iazko ekaina arte irakaskuntzan jardun izanak gure kidegoarengan murrizketa aldi luze honek sortu dituen gabezien ezagutza zuzenaren jabe izango zinela, Lan Eskaintza Publikorako deialdia luzatzekotan zinela, behin-behinekotasun gorrian bizi diren gure lankideen lanbaldintzetan egonkortasun maila handituz; gelako ikasle kopurua zertxobait murriztearen alde pausoak ematekoa zinela; gure lan ordutegia murrizketa aurreko garaietara hurbiltzeko asmoa zenuela... Hau da, azken urteetanNafar Gobernuak garatu dituen politika murriztaileekiko benetako aldaketa burutuko zenuela.

Afiliatua naizen sindikatuarekiko konpromisoak deituta, lau urtez aritu nintzen UPNko eta CDNko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin talkan, inolako normalkuntza politikarik erdietsi ezinean. Urte horietan hainbat goi eta erdi mailako arduradun ezagutu nituen, kontseilari aldaketen gainetik bere karguan jarraitzen zuten izen eta abizenak. Haietariko hainbat zuk ere bere horretan berretsi dituzu, bakarren bat ardura handiagoekin saritu ere bai, nafar jendartean sumatzen zen benetako aldaketa nahia, eta administrazioaren haize berritzearen beharra zapuztuz.

Guardia Zibilak landu, zure aurreko Hezkuntza Kontseilariak babestu, eta hainbat egunkarik argitaratu zuten D ereduko irakasle gaizto batzuen zerrendan zerrendaburu aurkeztu ninduten. Garai hartan ez nuen niganako eraso pertsonaltzat hartu «anakletokeria» hori, gaixoturiko ildo polizial baten, maila eskaseko kontseilari baten eta ildo editoriala ederki gizendu zezaketen komunikabide batzuen enegarren lotsagabekeriatzat baizik.

Baina Nafarroa Garaiko egoera politikoa aldatu da, hala omen; Erregimena erori da, hala omen; beraz inkisizio kutsuko jarrera hauek ez lukete berriz gertatu behar. Nafarroako Gobernu berria babesten duten indar politikoek, bere garaian, ez zuten begi onez ikusi iragan edo hautu politiko batean koka zitezkeen irakasleekiko jazarpena. Pentsa daiteke, beraz, ez liratekeela ados egonen Haranburu jaunaren izendapena bertan behera uzteko hartu duzun erabakiarekin, bere «iragana» aipatu baituzu arrazoi gisa, profesional mailako argudio falta agerian utziaz.

Ez da harritzekoa, Mendoza jauna,ez baitzenuke topatuko ImanolHaranbururen gaitasuna zalantzan jarriko lukeen argudiorik ez Iruñekoez Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialetan.

Harro esan dezaket Imanol Haranburu ezagutzen dudala. Bere lankideek bezalaxe, badut bere profesionaltasun eta seriotasunaren berri. Ezaguna da Iruñeko eta Tuterako Hizkuntz Eskoletan bere zuzendaritza eta dinamizaziorako gaitasuna. Eta zure kargugabetze erabakia ez da bidezkoa izan, ulertezina eta justifikaezina izan da.

Hausnartu benetan erabaki honen zuzentasunaz, Mendoza jauna; izan ausarta, ez zaitez kikildu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.