NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiak 1975eko urriaren 16ko aholku-irizpenean argi utzi zuen XIX. mendeko azken urteetan, Mendebaldeko Saharako kolonizazioa hasi zenean, lurraldea ez zela terra nullius —jabetzarik gabea— eta hango biztanleek ez zutela inolako subiranotasun loturarik, ez Marokorekin ez Mauritaniarekin ere. Argi utzi zuen, halaber, bere ustez egon ziren basailutza-harremanek ezin zutela, inolaz ere, saharar herriaren autodeterminaziorako eskubidea baldintzatu. Irizpena bat zetorren ordura arte espainiar gobernuak NBEko erakunde politikoetan behin eta berriz aldarrikatu zuen jarrerarekin. Beraz, ez Marokok eta ez Mauritaniak ez zuten inolako jabetza juridikorik lurralde horretan.
Ustekabean, Madrilen 1975eko azaroaren 14an sinatu zituzten hitzarmenenen ondorioz, espainiar gobernuak lurraldea 1976ko otsailaren 28a baino lehen uztea erabaki zuen eta behin-behineko administrazioa osatu zuen Marokoko eta Mauritaniako bi gobernuekin batera, aurreko administrazio koloniala ordezkatzeko.
Asko dira Madrilgo Hitzarmen hirukoitz horiek baliogabetzeko arrazoiak. Mauritaniaren eta Marokoren kasuetan, Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez zuen zalantza izpirik utzi. bestalde, hitzarmenak baliogabeak dira bere objektuagatik (urratzen dutelako ius cogens mailakoa den determinazio librerako eskubidea), bere edukiagatik (herriari galdeketa dela eta) eta bere ondorioengatik (nazioarteko legediaren urraketa iraunkorra, Lurralde ez Autonomoaren okupazio militarra eta saharar herriak dauzkan baliabide naturalen eskubide finkoaren urratzea). Espainiak Mendebaldeko Sahara uzterakoan Lurralde-administrazio bat ezarri behar zen, baina ez Marokorekin eta Mauritaniarekin hitzartutakoa, bi estatu haien partez lurraldearen okupazio militarra ekarri zuena, Nazio Batuen Erakundekoa baizik.
Nazioarteko betebehar bat urratzen dute, herrien determinazio librearena. «Indarrez kolonialki menderatzea» legez kontrakoa da. Estatuek nazioartearen aurrean erantzun behar izaten dute modu horretako urraketen aurrean, eta NBEren Nazioarteko Zuzenbide Batzordearen arabera, «nazioarteko krimen» gisa hartu beharko genuke. Mendebaldeko Sahararen inguruan 1975eko azaroaren 14az geroztik Marokoko eta Mauritaniako gobernuen ekintza guztiak «nazioarteko krimentzat» hartu behar dira; baita Marokok 1979tik aurrera bere kabuz egindako guztiak ere, lurraldea banatu eta indar militarrez okupatzeagatik. Izan ere, egintza haiek lurralde horretan mendeko kolonia berri bat —eta krudelago bat— ezartzearen parekoak dira.
Hans Corellek ere, NBEren aholkulari juridikoak, Hitzarmen Hirukoitzaren baliogabetzea onartu zuen bere 2002ko urtarrilaren 29ko irizpenean: «Madrilgo Hitzarmenak ez zuen lurralde-subiranotasuna transferitu eta ez zien sinatzaileei administrazio-potentziaren izaera eman, izaera hura Espainiak ezin baitzuen berak bakarrik alde bakarrez transferitu». Are gehiago, irizpen honek gogorarazi zuen «Maroko ez dela agertzen NBEko Lurralde Ez Autonomoen zerrendan lurralde horren administrazio-potentzia gisa».
Bere aldetik, NBEko Deskolonizazio Batzordeak esaten du Espainiak Mendebaldeko Sahararekiko mantentzen duen egoera 1975eko azaroaren 14aren aurreko berbera dela. Hau da, Nazio Batuentzat, Espainiak, de iure, Mendebaldeko Saharako administrazio-potentzia izaten jarraitzen du, Maroko potentzia okupatzailetzat hartuz. Deskolonizazio prozesua itxiko lukeen kontsulta egiten ez den bitartean, Espainiak ezin du lurralde hartan gertatzen denarekin ez ikusiarena egin eta ezin ditu bere erantzukizun historikoak ahaztu. Barne-zuzenbideari dagokionez, iritzi bera eduki du Auzitegi Nazionaleko Zigor Mahaiko osoko bilkurak 2014ko uztailaren 14ko autoan, non adierazten baitu «ados dagoela Fiskaltzarekin Espainiak, de facto ez bada ere, de iure, jarraitzen duela izaten lurraldearen administrazio-potentzia eta, beraz, deskolonizazio epea bukatu arte, Nazio Batuen Kartaren 73 eta 74 atalek ezartzen dituzten obligazioak bete behar ditu...».
Aurreko guztia kontuan izanda, berretsi behar da Madrilgo Hitzarmena erabat baliogabea dela zuzenbidearen ikuspegitik eta Espainiak jarraitzen duela Mendebaldeko Saharako administrazio-potentzia izaten «saharar herria adierazi arte modu balioztatu batean». Hortaz, Diputatuen Kongresuak, batzorde berezi bat sortuz, informazio zehatza eta osoa eskatu beharko luke Madrilgo Hitzarmen horren inguruko egitateak argitzeko. Eta egitateak zehaztu ondoren, aurretik adierazi ditugun baieztapenak berretsiz gero, akordio bat izenpetu beharko luke zeinetan adierazi beharko lukeen Espainiaren iritziz Madrilen 1975eko azaroaren 14an egindako Printzipioen Deklarazioa erabat baliogabea dela nazioartean indarrean dagoen legediaren arabera eta, beraz, gobernuak, beti eta edozein baldintzatan, Mendebaldeko Saharari dagokion nazioarteko politika akordio berri horrekin bat etorriz egin beharko duela. Orain arteko Espainiako gobernuen jarrera ez da onargarria, Madrilgo Hitzarmenak balioestea inplikatzen baitu, baliogabeak izan arren.
Mendebaldeko Saharako nazioarteko bidegabekeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu