Mendebaldeko Saharako baliabideen ustiapena eta EB

Juan Soroeta Liceras
2018ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
POLISARIO Fronteak aurkeztutako deuseztatzeko errekurtso bati erantzuna emanez, 2016ko abenduan Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) Maroko eta Europar Batasunaren arteko nekazaritza eta arrantza gaiei buruzko Merkataritza Askearen Akordioak ez zuela nazioarteko zuzenbidea urratzen erabaki zuen. Dena den, era berean, akordioa ez zela Mendebaldeko Saharan aplikagarria azpimarratu zuen, lurralde hau ez delako Marokoaren parte. Batzordeak eta Kontseiluak, baina baita zenbait estatukidek ere (bereziki, Frantziak eta Espainiak) eragindako presio izugarrien ondorioz, EBJAk baieztatu zuen akordioa deuseza izango zela soilik, esanbidez, hau da, modu espresuan, Mendebaldeko Saharan aplikagarria zela ezarriko balu. Egia da akordioak ez zuela halakorik esaten, baina auzitegiaren aurrean Batzordeak eta Kontseiluak aitortu zuten lurralde sahararrean aplikatzen ari zela...

2018ko otsailaren 7an, EBJAk Maroko eta Europar Batasunaren arteko Arrantzako Akordioaren legaltasunari buruzko epai bat argitaratu du. Berriro ere, Europako instituzioen eta estatu batzuen presioek eragina izan dute erabakian. Nahiz eta akordio hau eta 1986tik sinatutakoak Mendebaldeko Sahararen itsasoan aplikatu egin direla jakin, auzitegiak argudio berdina errepikatu du: Mendebaldeko Saharako jurisdikziopeko urak ez daude Marokoko subiranotasunaren pean; beraz, ez dira akordioaren parte eta, ondorioz, akordioa ez da Saharako uretan aplikagarria. Gogoratu behar da Auzitegiko Abokatu Nagusiak esandakoa: akordioaren arabera gauzatzen den arrantza-kopuruaren %95a Mendebaldeko Saharako uretan harrapatzen da.

1975ean, Nazioarteko Justizia Auzitegiak (NBEren botere judizialak) argi utzi zuen Mendebaldeko Sahara ez zela Marokoko lurraldearen parte. Baina ia 43 urte pasa eta gero, Europako auzitegiek gauza bera aldarrikatzea funtsezkoa da gatazkaren etorkizunari begira, hemendik aurrera Europar Batasunak, bere estatukideek eta enpresa europarrek ezingo dituztelako sahararren baliabide naturalak ustiatu, ez bada POLISARIO Frontearen baimenarekin. Lurraldeko baliabide naturalen ustiapena legezkoa izan dadin, Europar Batasunak bide bakarra dauka: POLISARIO Frontearekin negoziatzea. Argi dago erakunde europarra ez dagoela horretarako prest, baina askapeneko mugimendu nazional sahararrak adierazi duenez, bere baimenik gabe baliabide naturalen ustiapenarekin jarraitzen bada, enpresa, estatu edo nazioarteko erakunde erantzuleen kontra berehala aurkeztuko ditu demandak, oraingoan, dagozkion kalte-ordainak erreklamatzeko helburuarekin. Horren ondorioz, 2016tik ehun enpresa baino gehiagok alde egin dute lurraldetik. Adibide ezin hobea daukagu gertatzen ari dena hobeto ulertzeko Transavia, aire-konpainia holandarraren kasuan. Honek duela urte gutxi martxan jarri zituen hegaldi zuzenak Parisetik Dajlara (lurralde okupatuetako hiri bat), bertako turismoa (bereziki surfa) sustatzeko. Epaia argitaratu zen unean, POLISARIO Fronteak jakinarazi zion 400.000 eurotako kalte-ordaina eskatuko ziola auzitegietan ez bazituen hegaldiak berehala eteten. Joan den astetik hegaldi horiek behin betiko eten dira!

Beste alde batetik, gogoratu behar da, Espainiako gobernu guztiek ukatu arren, nazioarteko zuzenbidearen arabera, baina baita zuzenbide espainiarraren arabera ere, Espainia Mendebaldeko Saharako potentzia administratzailea dela,2014ko Auzitegi Nazionaleko bi autok baieztatu zuten bezala, bestalde. Beraz, obligazioa dauka sahararren autodeterminazio eskubidea sustatzeko, eta lurraldeko baliabide naturalen legez kontrako ustiapena saihesteko. Zoritxarrez, erakusten duen jarrera epelarekin («neutraltasun aktiboa», errefuxiatuei emandako laguntza humanitarioa...), Marokok aurrera daraman okupazioa lagundu eta indartu egiten du. Espainiarekin batera (Arrantza Akordioaren onuradun nagusia Espainia da) Europar Batasuna, akordioak sinatuz eta aplikatuz, lurraldearen anexioa ontzat ematen ari da, era honetan, nazioarteko zuzenbidea urratuz.

Su-etena aldarrikatu zenetik (1991), sahararrek duten arma bakarra zuzenbidea da. Zorionez, POLISARIO Fronteak auzitegietara jotzea erabaki du, eta lehenengo aldiz, EBJAko epaien ondorioz, badaude itxaropenerako arrazoiak. Europar Batasunak eta Espainiak gero eta arazo gehiago izango dute Marokorekin dituzten harreman pribilegiatuak mantendu eta handitu ahal izateko. Sahararrak horren jakitun dira. Momentu aproposa da, beraz, ahal den moduan erreferendumaren erreibindikazioa berreskuratzeko. Errolda 2000. urtean bukatu zuen NBEak. Dena prest dago, beraz, deskolonizazio prozesuari bukaera emateko. Gauza bakarra falta da: Segurtasun Kontseiluak ebazpen bat onartzea erreferenduma eta bere emaitzak bi alderdiei betearaziko dizkiela ezarriz. Badakigu Frantziaren betoak blokeatzen duela aukera hori. Baina azken bi urteetan gauzak asko aldatu dira. Europar Batasunak badaki, baina POLISARIO Fronteak ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.