Mendea bete da Armeniako genozidioa gertatu zenetik

Jon Iñarritu eta Urko Aiartza
2015eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Gaur bete dira 100 urte Armeniako Genozidioa hasi zutenetik. Gazte Turkiarrak izeneko alderdi politikoak planifikatu, antolatu eta gauzatu zuen triskantza; horren ondorioz, milioi bat armeniar baino gehiago desagerrarazi zituzten Otomandar Inperiotik. XIX. mendearen bukaeran armeniarren masakre hamidiarrak delakoak izan baziren ere, Gazte Turkiarrek egindako krimena XX. mendeko lehen genozidioa izan zela esaten da. Mende bat beranduago, horren ondorengo estatuak, Turkiako Errepublikak, ez ditu gertatutakoak aitortzen. Baina ez hori bakarrik: krimen hori aitortzea casus belli gisa hartzen du, eta munduan zehar dituen bazkide politikoei eta komertzialei presioa eta mehatxua egiten die, haiek ere aitor ez dezaten.

1915eko apirilaren 24an, Otomandar Inperioko agintariek armeniarren komunitateko 235 kide atxilotu zituzten Istanbulen. Hortik aurrera, yaur edo desleialak atxilotzeko eta kanporatzeko aginduak bata bestearen atzean etorri ziren. Horren ostean, gizonezkoen exekuzioak hasi ziren, eta emakumeak, edadeko pertsonak eta haurrak deportatzen hasi ziren; Ekialdeko Anatoliako inguru idorretik eta oinez bidali zituzten, eta han gosea, egarria eta gaixotasuna topatu zituzten. 1915. eta 1923. urteen artean izan ziren gertaera horiek, eta gutxi gorabehera bi milioi pertsona hil zirela uste da; armeniarrak izan ziren gehienak, baina asiriarrak eta greziar pontikoak ere izan ziren tartean.

Baina Turkiak genozidioa ukatzen jarraitzen du. Gertatutakoaren inguruan zalantzarik ba ote dago? Bat bera ere ez, eta horren frogak asko dira: garai hartako atzerriko diplomazialarien eta kazetarien testigantzak; idatziak eta argazkiak; hobiak; gerraostean Turkiako epaitegiek beraiek hainbat Gazte Turkiar heriotza zigorrera kondenatu zituzten egindako sarraskiengatik, eta froga gisa Turkiako militarrek, Erresuma Batuak, Alemaniak edo AEBk bilatutako frogak erabili zituzten. Izandako heriotzak planifikatu gabeak direla dio Turkiak, eta Lehen Mundu Gerrako garai nahasietan etnien artean izandako borroken ondorio direla argudiatzen du. Armeniako biktimen senideei doluminak eman dizkiete Turkiako agintariek, baina genozidio hitza erabiltzeari uko egiten diote.

Joan den apirilaren 16an Le Monde egunkariak Qu'est-ce qu'un 'génocide?' izenburuko artikuluan esaten zuen bezala, historia hurbilean gertatutako masakre handiak izendatzeko termino hori erabiltzeak eztabaida sutsuak eragiten ditu. Urrutira joan gabe, Espainiako estatuan —munduan bigarren herrialdea da hobi komunen kopuruan— termino hori politikoki erabiltzeko ahalegina egiten da, baina ez diktadura frankistari buruz hitz egiteko, baizik eta azken hamarkadetan izan den indarkeria politikoari erreferentzia egiteko. Arduragabekeria handiz jokatzen dute, eta zeharka bada ere, Holokaustoan, Kanbodian, Burundin, Ruandan, Guatemalan, Amerikako konkistan eta Armeniako genozidioan izandako milioika pertsonen masakreari garrantzia kentzen diote. Era berean, beste estatu batzuek ukatu edo erlatibizatu egiten dituzte armeniarren aurkakoa bezalako sarraskiak, interes politikoak edo ekonomikoak lehenetsita.

Baina, zer da genozidio bat? Rafael Lemkinek sortu zuen terminoa, definizio honekin: «Talde nazionalen bizitzarako funtsezkoak diren elementuak suntsitzeko ekintza koordinatuak abian jartzea, horiek ezerezteko helburuarekin». Gaur egun, Genozidio Delituen Prebentziorako eta Zigorrerako Hitzarmenak (1948) eta Nazioarteko Zigor Epaitegiko Erromako Estatutuak (1998) definizio bera dute delitu horrentzat: «Genozidiotzat hartuko da jarraian izendatutako edozein ekintza, nazio, etnia, arraza edo erlijio talde bat erabat edo modu partzialean suntsitzeko helburuarekin egiten bada: taldeko kideen heriotza; taldeko kideei eraso fisiko edo psikologiko larriak eragitea; taldeko kideak berariaz egoera latzak bizitzera behartzea eta, horren ondorioz, kideen suntsitze fisikoa eragitea; talde barruan jaiotzak izatea ekiditeko neurriak hartzea; haurrak talde batetik bestera eramatea». Hau da, Otomandar Inperioan armeniarren aurka egin zirenak jasota daude definizio horretan.

Legealdi honen hasieran, Amaiurrek ekinbide bat aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan, gizateriaren aurkako krimen hori aitortzeko eskatuz. Baina estatuko bi indar politiko handiek nahiago izan zuten Turkia ez haserrearazi. Gaur egun, estatu askok aitortzen dute Armeniako Genozidioa. Era berean, Europa Kontseiluak, Europako Parlamentuak eta Nazio Batuen Erakundeak garai hartan armeniarrek pairatutakoa sarraskia izan zela jasotzen dute beren ebazpenetan. Zeren zain dago Espainiako Erreinua?

Horregatik guztiarengatik, EH Bildutik gure elkartasuna adierazi nahi diegu armeniarrei, Armenian bertan bizi direnei eta diasporan bizi direnei. EH Bildutik uste dugu krimen hori ez ahazteko eta Turkiako eta Armeniako estatuen arteko harremana oraindik ere gaiztoa izatea eragiten duten gaur egun oraindik ere zabalik dauden zauriak ixteko beharrezkoa dela parlamentu guztiek gizateriaren aurkako krimen hori aitortzea, Gasteizko eta Iruñeko parlamentuek egina duten gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.