Memoriari atea ireki: egia, aitortza eta erreparazioa

Bakartxo Ruiz Asun Fernandez de, Garaialde
2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Atea ireki egin da. Urteotan itxi nahi izan den eta ezkutatu nahi izan den errealitatearen atea ireki da.

Dena lotuta, eta ongi lotuta, hura mantentzeko ezinbestekoa zen Estatuak baliatutako indarkeria ezabatzen zuen errelatoa eraikitzea eta hamarkadaz hamarkada mantentzea.

Baina ezkutuan mantendu nahi izan duten egia bat bada. Estatuak eskura dituen aparatu ezberdinak erabiliz, indarkeria eta errepresioa modu sistematikoan erabili du; frankismo garaian, trantsizioa deitzen duten garaian baita gerora ere. Biktima anitz utzi dituen indarkeria, egia ukatu eta beren giza eskubideak urratu zaizkienak.

Berandu bada ere, urratsa eman da Nafarroako Parlamentuan. Urratsa, Estatuaren indarkeriak eragindako biktimen errekonozimendu eta erreparazioaren bidean. Bazen garaia instituzioen aldetik urratsak emateko. Urratsak, egia ezagutu eta aitortzeko, urteotako inpunitatea eta bidegabekeriak erreparatzeko.

Legearen tramitazioaren baitan agerikoa izan da beste talde batzuekiko ikuspegi ezberdinak izan ditugula formei eta mamiari dagokienez. Hasteko, gaia behar bezala jorratzeko tarte eta baldintza nahikorik ez da izan. Nahiko genukeen hauteskunde girotik aldendu eta eztabaida sakonagoa egin ahal izana eta pertsona nahiz eragile gehiagoren ekarpena jaso izana, urte luzez eremu honetan lanean ari direnak. Hasieratik, legeari buruzko lanketa etorkizunari begirako ardurak eta biktimen senideekiko errespetuak eta sentsibilitateak gidatu behar zutela argi izan dugu.

Gauzak honela egindako lansaioen irakurketa baikorra egiten dugu. Bazen garaia orain arte ahotsik izan ez duten pertsona eta eragileak entzuteko, beren errelatoa eta sufrimendua ukatu zaienei. Espero dugu tabu hau gainditu izana bizikidetzan eta normalizazio politiko eta sozialean sakontzeko baliagarria izatea.

Era berean, azpimarratu nahi dugu ikuspegi ezberdinen gainetik, ahaleginak egin ditugula proposamen bateratuak egiteko. Hasiera hasieratik gure jarrera eraikitzailea izan da, akordioak lortzeko asmoz. Ildo honetan, agerikoa da PSNk oztopatu duela legea argiagoa eta sakonagoa izan zedin.

EH Bildutik bi helburu izan ditugu jatorrizko testuari ekarpenak egiteko unean; lehena, testua integratzaileagoa izatea, aurreko azalpenak egiten zuen planteamendua gaindituz. Eta bigarrena, legearen alderdi batzuei berme eta zehaztasun handiagoa ematea. Ekarpen horietako batzuk testuan jaso dira.

Emaitza ikusita, jatorrizko testua hobetu egin dela uste dugu, legearen hainbat alderdirekin ados egon ez arren, edo gure proposamena bestelakoa izan arren. Izan ere, legea hobea izan zitekeen.

Hobea izango zen, esate baterako, gauza bakoitzari bere izenez deitu izan balitzaio. «Funtzionario publikoek» eragindako indarkeriaz hitz egin baino, «Estatuko Segurtasun Indarretako kideak» aipatu izan balitu. Edo «Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea» baino, «Ikerketa Batzordea» izendatzea.

Hobea izango zen, memoriaren alorrean aritzen diren mugimendu sozialen parte hartzea bermatzeko tresna eraginkorrak ezarri izan balira. Eta Batzordeko kideak hautatzeko prozedura demokratikoagoa ezarri izan balitz.

Hala eta guztiz ere, muga horien gainetik, emaitza txukuna dela uste dugu. Espero dugu lege hau tresna eraginkorra izatea egia, errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko. Eta batez ere, bizikidetzan aurrera egiteko urratsa izan dadila nahi dugu. Urratsa baita, eta ez helmuga. Aurrera begira badago zer egin. Eztabaidak haratago joan behar du.

Eztabaida sozialak aurrera egingo du, zalantzarik gabe, eta instituzioetara ere iritsi beharko du. Lege honekin ere ez dira gatazkaren ondorio guztiak biltzen, ez aitortzen. Hortxe ditugu, esaterako, espetxe politika bidegabeak ekarritako ondorioak eta utzitako biktimak. Espetxe barruan zein errepideetan. Horretaz ere inoiz aitortzarik eta erreparaziorik egin beharko du Estatuak.

Legea tresna den heinean, esparru askotan lan egiten jarraitu beharko dugu. Tortura eta tratu txarren aitortzan eta prebentzioan, esate baterako. Hamarnaka auzipetu, tratu txarrak salatuta. Inongo ikerketarik abian jarri gabe. Inongo baliabiderik jarri gabe egoera horiek saihesteko. Horri heldu egin behar zaio.

Onartu berri den lege honek izandako tortura kasuak ikertzeko bidea irekitzen du eta «Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordearen» lanaren atal garrantzitsua izango da.Eztabaidak integrala behar du, ordea, prebentzio neurrietatik abiatuta, tratu txar edo tortura salaketen aurrean prozedura zehatzak artikulatzeraino. Eta eztabaida horretan polizia eredua bera aztertu beharko da, Arartekoaren eskumenak, eta beste... Lege honetan atal soil izan baino, berariazko lanketa sakona merezi duen gaia dela deritzogu.

Atea ireki dela uste dugu, zinez, baina zirrikitu hori zabaldu dadin lan egin beharko dugu denok. Eztabaida politikoa ezezik, soziala ere badelako. Instituzioetan baino, kalean mantendu behar dugulako egiaren, errekonozimenduaren eta erreparazioaren aldarrikapena. Ezinbestekoa baita normalizazio politiko eta sozialean aurrera egiteko, eta pertsona guztien giza eskubideak defendatuko dituen jendartea eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.