Orain arte, euskal diasporaren historia kolonialaXVI, XVII eta XVIII. mendeetakoa klase menderatzaileen historiaren aldera bat izan da, hein handi batean, faktikoa eta militarra, hau da, begirada aristokratiko bat, boteretsuen dokumentuetan oinarritua, helburutzat zeukana Amerikaren konkistan eta kolonizazioan parte hartu zuten euskaldunak ikusgai jartzea. Gisa horretan, kontakizun historiko bat osatu zen, jatorriaren inguruko mitologia bat, garaileekin identifikatua, eta garaile horiek, hain zuzen, Espainiako inperialismoaren zerbitzura zeuden mertzenarioak ziren, indigenen genozidioaren erantzuleak.
Historialari gutxi lotu zaizkio zapalduen, gizartean ia ikusezinak direnen berri emateko lan zailari, eta gutxik aditu diote pergaminoetan eta paperetan mutu dirauen gehiengo horri. Bereziki deigarria da ikustea zer-nolako indarra duen paradigma positibistak gure historiografian, anakronismo epistemologiko bat baita; hau da, harrigarria da egun, XXI. mende betean, euskal diasporaren historiografia positibista, inperialista eta espainiazale hori hegemonikoa izatea oraindik ere. Eta, gainera, bakanak dira kontakizun hori ezbaian paratzen duten ikerketa kritiko, zientifiko eta akademikoak, nahiz eta, partez behintzat, diskurtso negazionista bat izan, euskaldunek inperioaren konkista prozesuan izandako erantzukizuna lorpen gisa ikusaraziz eta aldarrikatuz kamuflatua.
Negazionismo hori Euskal Herriaren historian ere bada, eta eragina du hartan, isilarazi egin baitu euskal herritarrek oraindik ere jasaten duten menderakuntza historikoa. Beharrezkoa da azpimarratzea horrek ondorio lazgarriak ekarri dituela: Euskal Herrian/ Nafarroan atzerriko menderakuntza indartu eta zilegitu izana, bereziki, historiografia horrek naturalizatu eta normalizatu egin baitu menderakuntza. Hala, bide ematen zaio menderakuntza materialari, estrukturalari, gainegituran dagoen zilegitzeak eta kolonizazioak zentzua ematen baitiote.
Antzematen da berandu jaso zirela askotariko diziplinetako XX. mendearen bigarren erdiko teoriak, zeinek ekarpen garrantzitsuak egin baitzizkioten historiografiari: hala nola Britainia Handiko marxismoa (Thompson, Hobsbawm), Edward Saiden ikerketa kulturalak, eta Walter Benjaminen, Gramsciren, Foucaulten, Bourdieuren, De Cerauren, Noraren, Halbawchen, eta La Capraren ekarpenak. Munduko edozein unibertsitatetan ikerketa historiko bat egiteko orduan, ezin da alde batera utzi horietako bakar bat ere. Joera hori ikerketa metodologietan eta marko teorikoetan islatzen da, baina baita ikergaitzat hartzen diren gaiak eta prozesuak hautatzeko irizpideetan ere. Konparazione, bakanak dira euskaldunek Amerikan esklabo afrikarren salerosketan izan zuten rolaz gogoeta historikoa egiten duten lanak. Litekeena da gaia hain berandu aztertzen hasteko arrazoia ez izatea iturri eskasia, arlo hori ikertzeko material ugari baitago hasiera-hasieratik. Aitzitik, gaiari ez ikusi egin zaio, lotura estua baitu Europako inperialismoarekin, eta, moralaren ikuspegitik lantzeko arazo zaila izaki, ez baitzen interesgarritzat jotzen. Halere, egia da ikerketak argitaratzeko modua eman zitzaien euskal ikertzaileentzat ez zela inongo kontraerrana izan Espainiako Inperioak Amerikan eta Hego Euskal Herrian gauzatutako konkista eta kolonizazioa aldarrikatzea.
Uste dut, errealitate horren gibelean dauden askotariko faktoreen arteaneuskal diasporaren inguruko egungo historiografiaren anakronismoaz ari naiz, hots, haren ikuspegi inperialista eta negazionistan antzematen dugun horretaz, badirela zenbait kausalitate zientzia historikoaren alde politikoari erantzuten diotenak, bereziki politika publikoei, horietatik abiatuz eraiki eta sortzen baita historia ofiziala; hau da, jakintza historikoa sortzen den testuinguruari erantzuten diote kausalitate horiek, jakintza horri bide ematen dioten eta haren existentzia eta nolakotasuna zehazten duten baldintza politikoekin loturik. Gobernuak gizartearen eta haren iraganaren artean diseinatzen duen harremanaz ari naiz.
Hipotesi horrek azaltzen du erakunde publikoetan egindako historiografia ez dela kritikoa, eta anakronikoa dela, eta hamaika kasu aztertuta frogatu daiteke; errate baterako, efemeride historikoen inguruko politika publikoan. Efemeride horiek existitzeko arrazoia hauxe da: modua ematen dute gizartea instrumentalizatzeko eta ideologikoki kontrolatzeko, tokiko besten, folklorearen eta sinbolo identitarioen bidez, barneko gizarte kohesio bat eratze aldera. Bestak dira gobernuek, erritualizazio sinbolikotik abiatuz, komunitate nazional bat sortzeko erabilitako teknologietako bat.
Kasu jakin bati erreparatu nahi diot, hura baita izan diren guzien artean gaurkotasunik handienekoa eta polemikoena: 2016an, Euskal Diasporaren Egun izendatu zuten irailaren 8a munduko euskal etxe guzietan. Egun hori edukiz hustutako eta zentzurik gabeko ekitaldiekin ospatu zen; izan ere, ekitaldi horien helburua zen euskaldunak mundu zabalean presente daudela ospatzea, horretarako Espainiako Inperioaren zerbitzura egondako itsasgizon bat, Sebastian Elkano, oroituz. Jakin dudanez, hori izan zen diasporako boto gehien bildu zituen efemeridea Eusko Jaurlaritzak egindako deialdi batean. Nahiz eta oinarri demokratiko horrek zilegitasuna ematen dion zalantzazko erabaki politiko horri, ez du erantzukizuna arintzen; izatekotan, erakusten du nolabaiteko axolagabekeria ofiziala dagoela gure historiari buruzko interesari dagokionez, edo are: Espainiako Inperioak Euskal Herria asimilatu dezan laguntzen du, Eusko Jaurlaritzaren politika publiko gisa, gainera. Hori erran dut kontuan hartuta kontraerran esplizitua eta agerikoa dela gehien-gehienetan bortxaz migratu zuten euskaldunak, askotariko bortizkerien biktima izandakoak, Elkanoren, hots, sekula migratu ez zuen norbaiten irudia oroituz omentzea. Kontraerran horrek, gainera, neutralizatu eta deuseztatu egiten ditu efemeridearen ustezko zentzua eta erranahia, eta, hala, isilarazi egiten ditu migrazio horien zergatia azaltzen duten askotariko memoria kolektiboak eta identitateak. Bertzalde, nik ezin dut Diasporaren Eguna ospatu Espainiako Inperioaren zerbitzura aritu zen euskaldun bat oroituzinperio horrek berak konkistatu baitzuen Nafarroa, su eta gar, 1512an, hots, sumisioa ospatuz, Martinez Garatek nabarmendu zuen bezala. Zer ote? Stockholmgo sindromea, norbere historiaren inguruko ezjakintasuna, edo euskal gizarteak Espainiaren menderakuntza naturaltzat jotzeko beharra?
(Erredakzioan itzulia)
Memoria politikak eta iraganaren erabilera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu