Andres Krakenberger.

Memoria osatugabea

2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Egia, Justizia eta Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko Bermeak dira giza eskubideen urraketa larrien biktimentzat Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak bultzatzen dituen Memoriaren prozesuei lotutako lau printzipio erraldoiak.

Egia bilatzeko esparru horretan kokatu du Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren Sailburuordetzak berriki argitaratutako txostena, ETAren terrorismoaren ondorioz Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideek eta haien senideek jasandako injustiziari buruzko txostena (1960-2011).

Segurtasun Indar eta Kidegoak izan dira ETAren indarkeriak gehien kaltetu dituen taldeetako bat, zuzeneko eta familiako biktimentzat eragin dituzten sufrimendu larri eta amaigabeekin. Hori guztia txostenean azaldu da, bertan ematen diren datu kuantitatibo eta kualitatiboen bidez.

Hala ere, hori ez da egia osoa, baldin eta, azterlan horrek dioen bezala, «errealitate hori ezagutzea eta euskal gizarteak memoria kolektiboan oinarritutako hausnarketarako elementuak izatea» bilatzen bada.

Irakurri ondoren, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak une oro ereduzko arduraz eta jardueraz jokatu duten ideiara garamatza azterlanak; hitzez hitz dio: «Segurtasun-indarrak izan dira oinarrizko eskubideen araubidea zaintzeko borrokaren aitzindariak, bai eta ordezkatzen gaituzten erakundeak ere».

Txostena 1960. urtetik hasi denez, baina, nola uztartzen da gogoeta hori erregimen frankistako segurtasun-indarren jokabidearekin?

Jakina den bezala, Polizia frankista erregimenaren zerbitzura egon zen eta zigorrik gabe jardun zuen diktadura defendatzerakoan, krimen larrien eta giza eskubideen urraketen erantzule izanik. Bestela esanda, frankismoaren errepresioaren beso betearazlea izan zen.

Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Kontseiluak (CPT), bai eta Amnesty International bezalako elkarteek ere, terrorismoaren aurkako legediaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jarraitzeari buruz dituzten ebidentziak asko dira, eta bat datoz IVAC-KREI erakundeari (2017) enkargatutako Eusko Jaurlaritzaren txostenarekin, zeinak 4.000 tortura kasu baino gehiago erregistratu baitzituen 1960 eta 2014 artean.

Hala ere, txostenak ez du inolako bereizketarik egiten edukiak zeharkatzen dituzten aldi historikoen artean, eta ez du testuinguruan kokatzen. Horrek biluzik uzten du egia, osatugabea eta ulertezina bihurtzen du.

Johan Galtung gatazken konponbidean adituak dioenez, indarkeria ezin da bere espazio-denbora testuingurutik bereizi, eta gatazkaren azterketa sakon baten beharra azpimarratzen du, haren dimentsioaniztasuna ulertzeko, balizko diagnostiko okerrak saihesteko.

Argituz-ek ere dokumentatu izan ditu segurtasun-indarrak pairatutako bizitzarako eta osotasun fisiko eta psikikorako eskubidearen urraketak, «Memoria partekatu baterantz, tokiko lanei buruzko txostenetan».

Zalantzarik gabe, diktadurako, trantsizioko eta aro demokratikoko Segurtasun Indar eta Kidegoetako kide asko ETAren indarkeriaren biktima izan dira (azterlan honek 357 hildako eta 711 zauritu jasotzen ditu, 1960tik 2011ra bitartean).

Baina, zalantzarik ez dago ezta ere, agente horietako asko biktimarioak direla edo izan direla, eta hala geratu da frogatuta horri buruzko lege bat egiteko beharra ikusi zen unetik. Eusko Legebiltzarrean, 2016an, onartu zen uztailaren 28ko 12/2016 Legea; 1978-1999 aldiko Poliziaren gehiegikerien legea bezala ezagutzen dena, ahaztuta eta baztertuta izan diren biktimei zuzendua. Oraindik ere, erakundeak zorretan daude biktima horiekin.

Lege horren babesean, gaur-gaurkoz, Sailburuordetzak bultzatutako Balorazio Batzorde bat martxan dago, Eusko Legebiltzarraren aginduari jarraituz, arau horren xede diren kasuak aztertu eta, hala badagokio, onartzen dituena. Horixe da batzorde horren helburua, legez kanpoko polizia-jardueren biktima izan zirenen aitortzeko-eskaerak aztertzea, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek eragindako kaltea ofizialki aitortzeko eta ordaintzeko.

Bi ekimenek, txostenak eta batzordeak, gai bera jorratzen dute ikuspegi desberdinetatik, baina alde batekin: lehen kasuan, dagoeneko, azken ondorioa atera da: Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak modu nabarmenean pairatu zituzten ETAren indarkeria eta gizarte-isolamendua. Hori horrela da, baina non geratzen da Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak inplikatzen dituen gainerako guztia?

Ez dago ñabardurarik, ez dago testuingururik, gainerako guztia ez dago. Begirada bakarra erabiltzen da, zuzenean aurrera egiten duena, errealitate oro eraikita dagoen korapiloetan eta kontraesanetan gelditu gabe; eta indarkeriaren iraganaren bertsio sinplifikatua ematen du, gertatutako guztia barnean hartzen ez duen eta azaltzen ez duen heinean.

Hala, angelu estu hori Batzordearen orbitan sartzen da, nolabait, Txostenaren eta Batzordearen arteko lotura tematiko horretan polizia-kidegoen errugabetasuna adierazten duen «epai orokor bat» lerratzen baita. Beraz, polizia-jarduera zalantzan jartzen ez duen txosten honen argitan, non geratzen da biktimaren aldeko begirada? Ingelesek esango luketen bezala, hau ez da fair play bat.

Amaitzeko, artikulu honen hasieran aipatu dugun memoria kolektibora itzuliz, Argituz-en uste dugu hausnarketa edo kontakizun kolektibo bat lortzeko beharrezkoa dela aurretik memoria partekatu, barneratzaile eta integratzaile bat eraikitzea.

Egia da memoria kolektiboa lan delikatua dela, gizarte gisa memoria inklusiboa eta partekatua negoziatzeak ia ezinbestean norberarena eta besterena alderatzera garamatzalako. Horregatik, garrantzitsua da gizarte osoak eta, bereziki, biktimek jasandako sufrimendua aztertzea, ezer eta inor baztertu gabe. Horrek esan nahi du fokua norberarena bezala bizitako sufrimenduetatik haratago zabaltzea eta urrunen senti daitezkeenengana hurbiltzea; eta hori kosta egiten zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.