Memoria inklusibo eta ez-partzialaren alde

Jose Luis Martinez Ocio, Idoia Zabalza, Gabriel Eusebio Martinez Moreno, Jorge Perez Jauregi, Jon Etxabe, Mertxe Urtuzaga, Rafa Isasi, Nekane Borde, Aitziber Berrueta, Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Idazki hau sinatzen dugunok errealitate desberdinetatik gatoz. Hala ere, bada lotzen gaituen elementu tragiko bat: giza eskubideen urraketa larrien biktimak gara. Estatuak hainbat garai eta testuinguru historikotan baliatutako indarkeria jasan dugu, eta gure errealitateek ez dute lekurik Gasteizen eraikitzen ari diren memorialean.

Batzen gaituen errealitate mingots horretatik haratago, sinatzaileok ez dugu bloke homogeneo bat osatzen. Eta gure aniztasun ideologiko horretatik, gure ibilbide pertsonal desberdinetatik eta etorkizun berri bat bakean eraikitzen jarraitzeko moduari buruz ditugun ezberdintasunetatik, honako gogoeta hauek zabaldu nahi ditugu gaur, modu kolektiboan eragiten digutelako eta uste dugulako eztabaida publikora plazaratu behar ditugula, bizikidetza demokratikoaren eraikuntza helburu izanda.

Jakin badakigu Espainiako Gobernuak laster Gasteizen inauguratuko duen memorialarekin lortu nahi den helburu nagusiak gehiago erantzuten diola egiari eta indarkeriari buruzko kontakizun ofizialaren inposizioarekin lotutako premia estrategiko bati. Kontakizun ofiziala interes politiko eta ideologiko zehatzetatik abiatzen da; hain zuzen ere, memorial honek gogoratzen dituen baino biktima gehiago daudela ukatzea helburu duten interesetatik. Zoritxarrez, Euskal Herrian, 36ko altxamendu faxistaz geroztik gutxienez, bortxazko continuum bat egon da, eta indarkeria elementu komuna izan da garai historiko guztietan. Gu gara horren froga.

Guk, giza eskubideen urraketen biktima garen aldetik, Estatuaren aparatuetatik eragindako indarkeria eta horren ondorio latzak jasaten ditugunez, memorial hori erabat arbuiatu besterik ezin dugu egin. Memorial horren oinarria biktimen zati baten sufrimenduaren erabileran oinarritzen da, horrela, Estatuaren indarkeriak eta terrorismoak eragindako milaka biktima daudela ukatzen duen diskurtsoan sakontzeko, eta konpondu gabe dirauen gatazka politikoaren existentzia ezkutatzeko.

Guztiz immorala deritzogu biktima batzuen mina beste biktima batzuen aurka egiteko arma gisa erabili nahi izateari. Guztiz immorala politika publikoen bidez egun existitzen den biktimen arteko kategorizazioa are gehiago zabaltzeko saiakera egiteari. Tristura sentitzen dugu, berriz ere biktima batzuen mina interes eta etekin politikoak eskuratzeko instrumentalizatzen delako eta nahastu egiten delako, beste behin, biktimen sektore bat omentzeko beharra kontakizun lerratu baten inposizioarekin, gure gizartean bizitako errealitatea osorik azaltzea saihesten duena.

Euskal Herriko jendarteak, azken urteotan, giza eskubideen defentsan eta errespetuan aurrerapauso sendoak eman dituela erakutsi du.

Bakearen eta bizikidetzaren eraikuntzak beti hartu behar du abiapuntutzat pertsona guztien eskubide guztiak errespetatzea. Bizikidetza adiskidetsua eta demokratikoa sustatzea gizarte osoaren erantzukizuna da, eta botere publikoen kasuan, beren betebeharra, jatorri desberdinetako indarkeriaz betetako hamarkadetan zehar eragindako giza tragediaren oroimenak berriz ez gertatzeko berme gisa balio dezan. Guztiok bizi izan dugun tragedia, hain zuzen ere.

Bizikidetza horrek zerikusia du, halaber, memoria inklusibo batekin, non gizarte osoak integratuta sentitu behar duen. Memoriak, gizarte anitz batean bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko ariketa gisa, ezin du inola ere aintzat ez hartu kolektibo batek bizi izan duen errealitatea. Memoria ez da inongo korronte ideologikoren, ezein siglaren edo inongo gobernuren ondare esklusiboa. Memoria guztiona da. Hori dela eta, ezin da beste interes batzuen mende jarri, ez bada funtsezko ideia honi erantzuteko: indarkeriazko hamarkada luzeen ondoren sortutako sufrimendu guztiaren errepikapenaren aurrean gizartea blindatzea.

Azkenik, memoriaren alorrean lanean diharduten hainbat elkartek eta Estatuaren indarkeriaren biktimen ordezkaritza zabal batek gai horri modu integralean helduko dion memoria publiko inklusiboaren alde Gasteizen hilaren 10ean aurkeztu zuten dinamikari lotuta, publikoki aditzera eman nahi dugu artikulu hau sinatu dugunok bat egiten dugula Memoria Osoa egitasmoarekin, eta dei egiten dizuegu norbanako zein kolektiboei egitasmoari zuon atxikimendua eman diezaiozuen www.memoriaosoa.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.