Lander Majuelo.

Memoria eta matematika

2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Iluntzea gertu genuela hurbildu ginen. Lagun on bat ibili da bizi naizen hiri lausoan. Hurbildu ginen, asko galdetu eta gutxi erantzunez, Rosa Luxemburgen hilobira. Begira, alboan du Sophie Liebknecht, hainbeste eskutitzen ostean. Begira, hemen dira 1919koak, Weimarkoak, gure gerra zibilera eroriak, haien gerra zibilekoak. Hor dago Ernst Thälmann ere, hor atzean Käthe Kollwitz, semea kendu zioten. Iparraldetik datoz altxamenduaren galderak, hegoaldetik erreakzioarenak. Ohitura dut jada ezer ulertu ez eta denek azaltzen ahal dituzten arazoetan galtzea. Jano irudi dugu iparrera edo hegora begira, bi buru buruz behera, urtarrila datorrela.

Gerrarteko egun berun hauek denei eskainia zitzaien normaltasuna ekarri digute. Ohikoa dugu opari. Borondate onez ari, baina ezer gutxi aldatzen duen ezkerra, eskuin ustel baina eroso bat, denei zer egin esaten dioten ikasle listo batzuk, beldurrik ez duen patronala, ulertzen ez diren bi sindikatu antzekoegi. Eskerrak oraindik ere mugimendu feminista hor den. Ezbai faltsu batek orrazten du inguruko politika. Kapitala edo erreakzioa. Batek ez badu bestaz besta bestea sortu. Besteak ez badu bata berdin babesten. Matematika eta memoria datozkit soilik bidera. Matematikaz ez dakit deus, Memoria oroitarazi behar izaten didate.

Herrira joateko autoa hartzen dugunero gertatzen zait. Ibero aurrean hogeita hamabi. Izkue ertzeko zubian gehitu bizpalau. Mendateko errepidean ez dakigu zenbat batu. Etxaurin berrogeita hamasei. Etxe azpian beste lau. Garesera bidean askoz gehiago. Ia denak Erriberakoak. Faxismoaren matematikak. Herri askotan bezainbeste biztanle ditugu lurpean. Historia errepikatzen ez den bezala dakigu erreakzioaren desirek soberan dituztela gure begiradak. Eskatu zigun Bertolt Brechtek ostera jaio garenoi, izan gintezela bihozberak faxismoaren aurkako borrokaren gogorrak desegindako generazio harekin. Bazuen esperantza etorkizuneko egunotan. Ez ditugu hain hitsak eta halere. Ustela zena ustela da gerrarteko egun normaldu hauetan.

Bizi izan ditu bakoitzak bere ezpalak euskal gatazkan, ezein malko da propio sufritua. Nik soilik nire generazioaren zati batena dakart. Bi mila eta hamaikan ETAk borroka armatua alboratu zuela gatazka betirako aldatu zen. Gure buruan amaitua zen mundu bat. Hogeita hiru urte genituen soilik, beste batzuk 15M-arekin esnatzen zirela gu politikoki jubilatu berriak ginen. Lotura sakonagoa genuen hogeita hamar urte lehenago Gernikan Espainiako erregearen aurrean kantuz altxatu zirenekin herriko plazan biltzen ari ziren gazteekin baino. Hor genituen, eta ditugu oraindik, torturek, kartzelek edo deserriak zaurituriko lagunen zaintzak. Bizi izandakoen intentsitate eta oroimena. Lehenaldi lainotu berri bat.

Egun hegoaldetik etorrian bizi dugun sumendi politikoa, bare oraingoz, diktaduraren amaiera faltsu eta trantsizioaren zentzuarekin elkarlotzen da. Memoriaren berreskuratzeak etorri beharko du garai hartan borroka egin zutenen eskutik egungo generazioetara. Garaian langile eta herri mugimenduak saiatu eta lortutakoak datozenei azaldu eta eskaini. Nafarroan ez dira gauzak gaizki egiten ari. Baina memoria ez da aski. Gure generazioak ezin dio egoera berriz ere lantzeari uko egin mapak goizegi aldatu bazizkiguten ere. Gatazkaren herentzia oroimena baino gehiago da. Egun Europa zeharkatzen dituzten kalteak datozkigu etxera ere, hain gara normalduak. Kapitalaren eta erreakzioaren arteko aukera. Zarata min bat. Ez da faxismoaren aurrean jubilatzerik.

Iraultzailea da historialaria. Bereziki iraultza denak galdu baditugu. Bizitakoaren memoria ez da nahikoa. Bataila berriak badatoz ez dugu denak galtzeko luxua. Laurogei urteren ostean, basakeriaren memoria ezpalak jasotzen ibiltzea baino balio badu bizipen propioa salbatzeak. Rosa Luxemburgek behar baino goizago amaitu zuen Friedrichsfelden, Iberoko hogeita hamabiek ere bai. Matematikaren zikina. Bertolt Brechtek eskatu zigun euren mesedetan. Zenbat gogortu beharko dugu guk geuk?

Faxista bat jada gehiegi da. Horra matematikaren garbia. Froga memoriak dakar. Ezer ez da emanen eman zen bezala. Mapak eduki ez arren beharko dugu gutxienekoetan ados jarri, berdin Bizkaiko erresidentzietan edo Peraltako baratzan, berdin Udalan edo Gaztetxean, ez badigu datorren olatuak kalea ostuko. Oinarri antifaxista zabal bat. Duintasunaren haria ez galtzeko beharrizanez. Europa osoa da desegiten ari, ez gara irla bat. Partidak irabazten hasten ez bagara beste batzuek irabaziko dizkigute aspaldiko partez.

Laguna abiatu eta hurrengo egunean nator Reinhard Heydrichen hobira. Ustekabez lortu genuen jakitea non den. Ez da bertan oroitarririk, baina loreak ekartzen dizkiote oraindik. Ohitura dugu gaizki gaudela etortzea ttu egitera. Behar zuena baino lehenago ekarri zuten hau ere bi lagunek. Memoriaren onurak iparrean. Jan Kubi? eta Jozef Gab?íken bestan agertu eta ez zen sekula bereak egitera itzuli, zakurra. Bada astia matematikak antolatzeko. Urte berri on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.