Mafalda bineta batean melena askatuta eta buruari eragiten agertzen da dantzan, The Beatles-en musikarekin motibatua. Manolito hurbiltzen zaio, diruzalearen aurpegiko keinu narrasaz, eta esaten dio ez dakiela nola gustatzen zaion musika hori tutik ez badu ulertzen ingelesa. Mafaldak erantzuten dio jendeak izugarri maite dituela zakurrak, adibidez, eta haien hizkuntza ez dutela ulertzen. Quino komikigileak ongi menperatzen zituen komunikazioaren gakoak, ezbairik gabe.
Uda badoa eta harekin batera herrietako festen garai gorena. Aurten Bilboko Aste Nagusian Itziar Ituño izan da pregoilaria, Nerea Ugarte konpartsa kidea txupinera. Haien esku zeuden pregoia eta txupina piztea, jaiei eta Marijaiari sarrera emateko. Indartsu eta euskaraz aritu da pregoilaria Arriaga Antzokiko balkoitik, eta horrek zeresana eman du. Euskara hutsez aritu delako (gor-mutuen hizkuntzaz lagunduta). Ez da lehen aldia izan, beste batzuk ere izan dira aurretik, iaz Aiora Rementeria kantariak kantuz egin zuen pregoia euskara hutsean, Negua joan da ta kantaren doinuaz. Baina, aurtengoak zeresana eman du, nazioartean aktoreak duen sonagatik, edo batek daki zergatik.
Zeresana eman du, bai aldeko erreakzioekin (gehienak) eta baita kontrakoekin ere. Azaldu behar izan du euskararen egoera ahula erabilerak bakarrik indartuko duela, eta euskara ikastera animatu du jendea aktore euskaldun berriak, dotore eta tinko; galdetu diotelako hedabideetan zergatik egin duen euskara hutsean, jende guztiak ez badu ulertzen.
Aurkako egoera egunero bizitzen dugu euskaldunok. Esate baterako, hilabete batzuk lehenago, zubi bat harago, udaletxeko balkoian gertatu zen. Athletic futbol taldeko gizonezkoak ospakizun betean jendea agurtzera agertu zirenean, Espainiako Kopako saria besoetan zutela, ele bakarrean aritu ziren, baina, gaztelaniaz. Aukera paregabea izan zatekeen hura euskarari eta jarraitzaileei keinu maitekorragoak egiteko, jokalari bakarrak egin zuen hori, ordea. Ez dut uste inongo hedabideek azalpenak eskatu zizkienik, ez haiei ez klubari. Ez dezala inork errebantxa gisa ulertu, konstatazioa da.
Amaiezina den eztabaidan sartuko ginateke. Arrazionalizatzen zaila den gaia da euskararen erabilerarena. Gainera, ez du zertan beti arrazionala izan, nire irudiko. Motibazioaren gaiak hizkuntzalaritzan adar ugari ditu, eta horretan asmatzea dute helburu euskarara hiztun berriak erakartzeko ekimen ugarik. Gaur egun gazte, nerabe eta herritarren kontzientzia, sentsibilizazioa eta ahalduntzea dira gakoak euskararen erabilera areagotzeko egitasmoetan. Testuinguruak ere lagundu behar du, eta landu behar da, noski.
Oso gogoan daukat Ibarretxe lehendakariak zientzia, industria eta profesionalen eremuko ekitaldien irekiera hitzaldietan esan ohi zuena. Ikasten ari zenean, irakurriz egin ohi zuen euskarazko atala, eta ikasitakoan, gaztelaniaz egin ohi zuen eran, irakurri gabe. Nola aldarrikatzen zuen euskararekiko maitasuna. Ezaguna da hark euskara ikasteko motibazio gisa maitasuna eta pasioa izan zituela motore. Eta helduaroan gauzatu zuen ikaste prozesuak zenbat gogobete zuen.
Itziar Ituñok gozamenarekin lotu du euskara erabiltzeko aukera, eta festa giroa testuinguru aproposa dela, lotsa galduta, praktikatzeko.
Azken hilabeteotan murgilduta ibili naizen ikerlan batean, aukera izan dut kultura eta kirol munduko hainbat pertsona ezagunekin euskararen erabilerari buruz hitz egiteko. Galdetu diedan gauzetako bat izan da «Zergatik eta zertarako euskara erabili?». Maitasuna zerien haien erantzunei, eta leku intimoan duten baliabide gisa azaleratu dute bakoitzak euskararekin duen lotura. Izan ere, identitatearekin estu lotuta egon ohi da norberaren hizkuntza. Horietako batek hauxe zioen:
Nik uste dut hizkuntzak ematen dizula baita ere izaera bat, eta hizkuntzak ematen dizula zure sentimenduak adierazteko modu bat eta niretzat hori euskara bakarrik da. Ni ez naiz gai erderaz ehuneko ehun ni izateko. Bai segun eta zein gaitan espresatzeko esan nahi dudana, zeren azkeneko urteetan ikasi dut.
Euskarazko ekimenak ezin dira intimitatean geratu, ezta getthoan ere. Euskarak plazan jarraitu behar du, ez dadila horregatik inor sumindu, maitasunez eta maitasunagatik egiten baitugu, eta bizirik irauteko. Uda badoa, izango dira gehiago.