Berandu, beti berandu, baina azkenik Osakidetzako II. Euskara Planaren ebaluazioa amaitutzat jo dute. Ez dute badaezpada argitara eman, ez plazara atera, ez mundura jalgi. Jendaurrean biluztea, norberaren lotsak erakustea, ez baita ona; ahal bada hobe barruan gordetzea, Osakidetzako paradisuaren itzalean. Elhuyarren eta Euskara Zerbitzuaren arteko elkarlanaren emaitza da ebaluazioa. Boterearen aginte zurrunari aurre egitearen beldurrez, jakinduriari uko eginez, ez diote jaramonik egin sugeak esandakoari eta ez dute sagar ale goxorik jan. Aitzitik, biluzik eta euren buruak jantzi gabe, fruitu mingotsa besterik ez dute jaso, morrontzaren eta ezjakintasunaren uzta.
Besteak beste, historia klinikoa euskaraz egiteko erronka aipatu dute eta, beti bezala, paziente eta mediku euskaldunak erruarekin zamatu, euren arteko harremanak (batez ere idatzikoak) euskaraz izanez gero segurtasuna kolokan jar dezaketela adieraziz.
Zer pentsatuko luke feminista batek bere segurtasuna bermatzearren etxean gera dadila esango bagenio? Arropak arduraz eta ez nolanahi aukeratzeko gomendatuko bagenio, bortxa ez dezaten?
Gezurra da Elhuyarrek, Euskara Zerbitzuak eta Ixa Taldeak diotena: medikuok euskaraz eta gaztelaniaz idazten dugula paziente baten ebolutiboa, alegia. Nik behintzat pazientearen arabera idazten dut: euskaraz euskalduna bada eta gazteleraz erdalduna bada, ez ele bietan. Izan ere, historia klinikoak horrela izan behar luke: pazientearen araberakoa. Hanka sartze galanta, uste badute itzultzaile automatikoak (UEU eta EHUren gerizpean) egoera konponduko duela. Pandemiak ondo erakutsi digu teknologia bidezko zerbitzua ez dela medikuntza, jendeak aukeran nahiago duela aurrez aurreko arreta, bere hizkuntzan.
Ebolutiboak «profesional bakoitzak nahiago duen hizkuntzan» (sic) baino gehiago, pazientearen lehentasunezko hizkuntzan egon beharko lirateke. Horretarako, arreta bere osotasunean euskaraz bermatzeko eta aldi berean euskaraz lan egiteko, euskararen ibilbideak edo zirkuituak proposatu genituen. Arretaren normalizazioa, ebidentzian oinarriturikoa eta protokolizatua, ahalbidetzeko, eta ez inondik inora itzultzaile automatiko baten plazeboa.
Ez dakite medikuntza zer den, ezta osasun arretaren helburuak eta oinarriak zeintzuk diren ere. Ez dute irakurri, antza, mundu osoan zehar hizkuntza eta osasuna uztartzen dituen literatura oparoa. Ez omen dakite itzultzaile automatikoak ez direla onargarriak. Eskaintza aktiboa, zirkuituak edo historia klinikoa aipatzen dituzte, zer diren jakin gabe.
Hau guztia azaltzen saiatu gara azken urteetan, artikulu eta argitalpenen bitartez, bai hedabideetan bai maila akademikoan, unibertsitatearen udako ikastaroetan eta hizkuntza eta osasuna lantzen duen graduondokoan. Alferrik. Ez dugu ezer ikasi. Neronek idatziak dira graduondoko horren justifikazio memoria, bibliografia guztia eta modulu oso bat. Jakinda Osakidetzako euskara teknikari, Elhuyar, Ixa Taldea, UEU eta EHUko adituentzat euskaraz jardutea arriskutsua dela, ez dut gehiago parte hartuko horrelako ekimenetan. Ezin dut mezu zital eta anker hori berretsi.
Ebak ez zeukan errurik. Aldiz, arrazoia zeukan: ezagutzaren eta askatasunaren fruitua lehenetsi zuen, sugeak eskainitako sagarra, morrontzari eta ezjakintasunari uko eginez. Bere gogoa jantzi zuen. Horrenbestez, otoi, Asklepio, Higea eta Panazea, arren: indarra, kemena eta ezagutza emaguzue, ikertu, ikasi eta pazienteen alde jardun dezagun. Morrontzaren paradisutik kanpo, bizitzan, heriotzan eta zaintzan, sugea izan dadila gure bidelaguna. Ezagutza eta jardun onaren fruitua jaso dezagun.
Medikuntza, morrontza eta Asklepioren sugea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu