Batzuetan, mehatxuak azaldu behar dira arriskuan dagoenaren garrantziaz jabetzeko. Eta horren tamainaren araberakoa izaten da balizko erasoari erantzuteko barruko indarra. Konturatu orduko, buru-belarri ari zara, galtzeko arriskuan dagoena babesteko; jakinda, egin ezean, zeu ere galduta zaudela. Antzuolan berrehun metroko bi aerosorgailu behar izan ditugu Meaka eta Irimo mendien defentsan aktibatzeko.
Urtebete pasatu da Antzuolako Udalak herritarrak bilera informatibo batera deitu zituenetik –2023ko azaroaren 7an–. Bertan, udal ordezkariek Cilda Energy enpresako –Capital Energy taldekoa– ordezkariekin izandako bisitaren berri eman ziguten.
Orduan erabaki genuen talde bat osatzea eta Meaka eta Irimo babestearen alde lan egitea. Horrela ekin zion Meaka-Irimo herri-plataformak ultra-maratoi honi. Ultra-maratoi diogu, jakin badakigulako oso epe luzeko borroka dela eta une gogorrak ere etorriko direla.
Horretaz, hasi eta berehala jabetu ginen. Aitziber Sarobek eta Alvaro Camposek emandako hitzaldiekin argi ikusi genuen formazioa behar genuela gertatzen ari zenaren dimentsioaz jabetzeko. Aldi berean, konturatu ginen aurrean genuen erraldoia ez zela nolanahikoa eta baliabide guztiak zituela eskura, ez guk bezala: dirua, denbora eta erabakiguneen eta negozioaren funtzionamenduen ezagutza. Eskerrak hasiera hartan udalak lagundu zigun, eta, ahal zuen neurrian, babestu zituen lehen urrats haiek.
Orain arteko bidean, mugarri izan zen enpresak Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektuari alegazioa jartzeko epea. Hilabete intentsoak izan ziren, ezjakintasun handia bizi genuen. Pertsona askoren laguntza izan genuen alegazio dokumentuak osatzen. Gero zuek azaldu zineten, mahaira sinatzera gerturatu zinetenok; kanpotik ere etorri ziren sinadurak, asko modu digitalean. Orotara, 4.000 baino gehiago.
Hau idazteko unean, oraindik ere, ez dugu erantzun ofizialik; beraz, ez dakigu zein izango den Meakaren eta Irimoren etorkizuna. Komunikabideetan azaldutako informazioaren arabera, ordea, jakin izan dugu enpresak urte bukaera arteko epea hartu duela Trekutz deitu duen proiektu horrekin zer egin erabakitzeko, jakiteko proiektua «bideragarria den ala ez». Ezin ukatu berriak harritu egin gintuela. Nola abiatu inbertsio handiak egitera, jakin gabe proiektua bideragarria den ala ez?
Akaso, Capital Energy Trekutz proiektuaren berri emate hutsarekin hasi zen irabaziak jasotzen? Ezaguna baita enpresek inbertsio iragarpenak egiten dituztenean, euren kotizazioak –irabaziak, alegia– igo egiten direla. Are gehiago, tartean Next Generation funtsak azaltzekotan. Diru publikoa beti baita erakargarria, eta burbuila elikatzeko ezin hobea. Burbuila lehertu arte.
Espekulazioak espekulazio, Meaka-Irimo herri-plataforman lanean jarraitzeko asmoa dugu. Asmoa bakarrik ez, indarra ere bai. Denbora ez baita alferrik pasatzen, eta talde honek, egindako bidean, aukerak sortu ditu energiaren ertzetan arakatzeko, eta jasotako ezagutzan, zalantza berriak azaltzearekin batera, indarra ere aurkitu dugu. Lehen hilabete haietan senari entzundakoa berretsi egin dute Antzuolara etorritako hizlariek eta eskuartean izan ditugun idatziek.
Orain benetan bizi dugu mundua ez dela hemen hasi eta bukatzen. Izan ere, gure mendi horietan egin nahi duten txikizioak lotura zuzena du munduaren beste puntan gertatzen diren bortizkeria mota askorekin. Biodibertsitate eta bizitza galerak, berdez margotuta, ez direla berreskuratuko ere ikasi dugu.
Agerikoa da herri-plataforma hau osatzea erabaki genuenok aldatu egin garela, urtebetean ikasitakoek eta desikasitakoek orduko pertsona multzoa lantalde bilakatu dutela, eta hori berri ona da.
Balio dezala desgrazia honek munduan egoteko beste modu bat asmatzeko, eta gorputz txiki eta hauskor hauen neurrira itzultzeko, hori baita planetaren muga.