'Mea culpa'-rik ez

2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Edo, izatekotan, nirea, idazle grinari men handiagoa egiteagatik militante ardurari baino.

Zelai erdian baloia loratuz kontrarioen arearantz sakontasuneko pase bat egin nahi nik, eta justu kontrakoa gertatu: komunikazio-ezaren hesiaren kontra jo eta errebotean nire ekipoaren ate barrura gola. Ergel aurpegi galanta gelditu zaidana; kamerek jasoa izango dute honezkero segurki, holakoetan futbolariek ohi duten ezinbesteko karkaxa- eta birao-jaurtiketarekin batera. Ezker abertzalea ere euskara serio hartzen ez duten gainerako alderdien zaku berean sartu dudala. Horixe geldituko da Txillardegiren omenaldi bihozbera bezain gogoetatsua izan nahi zuen nire Labartzari agur artikulutik, besterik ez. Ideia, kritika, iradokizun, sentimendu, zertzelada gehiago ere bazegoen testu hartan, baina alferrik da: politikak, zentzu hertsian, xurgatzen ditu beti gure adierazpenak oro, nireak eta beste edonorenak. Hori beti hala izan da, eta halaxe izango, dirudienez, aurrerantzean ere.

—Dena den, mea culpa-rikez, Joseba, eta ego te absolvo-rik ere ez, zer arraio. Nork nori, gainera? Ez, ez, hobe gauzak sinpleki esatea, baita deabrukiro konplikatuak direnean ere: pasa egin ninduan, bistan duk, nire susmo horretan —ez zakiat denok ere ez ote gauden dexente nerbiotatik jota, ni neu bai behintzat—. Itzulpenak nola egin behar izaten diren ondotxo zakiagu, eskarmentuz: beti korrika eta presaka. Batere harritzekoa ez, beraz, hiri, niri edo edonori hitz bat itzuri izana. «Una Euskal Herria euskaldun» = «Euskal Herria»…Ba, hik egin duala jakinda, itzuria ongi itzulia dagoela esango nikek, horra. Bazakiat-eta, hiretzat ere, Euskal Herriak adjektibo pleonastiko horrenpremiarik ez duela. Hori garbi, beraz. Baina, erne. Arazoa besterik baita, askoz ere bihurriagoa, askoz ere konplexuagoa. Ea, bada, esplikatzen naizen. Eta baloia galdu gabe oraingoan, baldinbaitere—.

Beharrezkoak iruditu ez zitzaizkidalako, jakintzat ematen nituelako, ez nituen esan, artikulu horretan, agian esan beharko nituzkeen gauza batzuk. Joseba Alvarezek aipatzen duen ezker abertzaleko kargu eta arduradunen mailako barne-iraultza hori batik bat, hizkuntza-praxiaren alorrean aspalditxotik baina batez ere azken urteotan barrena mamitua. Ezagutzen dut, hurbiletik bizi izan dut. Badakit zenbat kostatu den, eta zenbat lan egin behar izan duten batasunkide askok eta askok, Joseba bera tarteko eta buru, hori hala izan dadin. Beste ezein gizarte-kolektibotan ez dut ezagutzen ezker abertzalean dagoen euskaldun benetan euskaltzaleen dentsitatearen parekorik. Beste ezein alderdi politikok ez daukaHB-EHE-Batasuna-LegezKanpo-k —eta aurki LegezKanpoII-k?— daukan Hizkuntza Politika Orokorraren modukorik. Baina ez da nahikoa. Horixe besterik ez nuen esan nahi, funtsean. Ez garela gure hizkuntzaren hil ala biziko egoera endemikoak galdatzen duen erantzukizunaren araberako erantzunik ematen ari. Hizkuntza-politikak, gurean ere, bigarren «klikeko» gaia izaten darraiela; ez dela lehen «pantailan» azaltzen. Gero bai, kurtsorea atal horretan pausatuz gero, zabaltzen da panorama, zehazten dira argudioak, helburuak, programak, interbentzio-lerroak. Baina ez da nahikoa. Udal-Ordenantzak ere txukunak ditugu, botererik aski dugun udaletan (oraindik); txukunak ez ezik, bikainak ere bai, agian. Baina ordenantzok konpliarazteko adinako indarrik ez. Udaletxearen barruan beharbada bai —eta gainerako guztiek baino ganora handiagoz, konforme: instituzioetatik bota gaituztenez geroztik, alde nabaria, alde nabarmena omen dago, badakit—. Baina Udaletxearen lau hormetatik at, nekez. Adibide ziztrin bat aipatzearren —edo ez hain ziztrina beharbada, jende asko joan ohi baikara horrelakoetara astero erosketan—: merkatal zentroak, zentro komertzialak, merkataritza-guneak, edo dena delakoak, nola deitu ere ados jartzen ez garen azalera handiko hiper horiek. Megafoniatik erdara nagusi, eta gehienetan erdara bakar; errotulazioan, batzuetan nola-halako elebitasuna (zumos / zakuak: sic), eta beste batzuetan hitzik ere ez euskaraz; informazio-guneetan ere, interlokutore euskalduna lortzen duzunean —lortzen baita batzuetan, ez pentsa—, sekulako garaipena. Bada, ziur naiz herri horietako guztietako Udal-Ordenantzetan badela artikulu solemneren bat baino gehiago, euskaldunok herri horretako zerbitzu publiko eta pribatu guztietan euskaraz artatuak izateko dugun eskubide besterenezina aldarrikatzen duenik. «Artatuak», alegia, ez «hartatuak». Eta? …Galdera erretorikoa. Badakit-eta zer gertatzen den Ordenantza horiek konpliarazi nahi direnean. Berehala dator Espainiaren segakada, TJPV delakoaren bidez, «Corregidor»-earen bitartez, edo Madrildik zuzenean. Hala ere, beto inperialistarik ez balego ere, jabetzen al gara zenbaterainoko pressing etengabea egin beharko genukeen hizkuntza-politika berreuskalduntzailea gauza dadin? Erdararako ordezkapen-inertziari eurt eragin eta norabidez aldaraztearren?

Aurreko «Ukan» birusaren pixka bat es mucho-keriaren horteradatik oraingo «Munduoro euskaraz»-en lotsagabekeria inozora pasatu gara —«Ileapaindegia» non etaSamien herrian; «Etxea» non eta Venezian—. Zerbait egin beharko dugu, ba, «Linguae Vasconum Primitiae» beira artetik plazara, benetan, jalgiarazteko. UNESCOren adur txarreko profezia bete ez dadin. Nola edo hala, denon artean, Euskararen Biziraupenerako Hitzarmen Nazional moduko batez erdituz edo. Baina, horretarako, alderdi politiko abertzaleen agendan euskara-politikak orain duena baino askoz ere zentralitate handiagoa beharko luke, nik uste. Eta, horretarako, kaltegarria ez, ene irudiko, hastapenetik beretik, gure ahulezia apalki aitortzea. Denona. Batzuena besterena baino ahuleziago, noski. Baina denona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.