Mauletik Tuterara, Euskal Herria Agosti Xahok baturik

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques, lehenbizikoz 1836an frantsesez argitaratua, Euskal Herriko epopeia nazional handia da. Bertan Agosti Xaho zuberotar idazleak, Lehen Gerra Karlistan Nafarroan iragan bi asteko iniziazio-bidaia baten bidez, euskaldunen historia, mitologia eta ohiturak biltzen ditu eta bere burua haien «azti» gisa aurkezten. Garai hartako herri mespretxatu bati duintasuna itzuli nahi zion Xahok.

Atharraztarraren arabera, 1835eko apirilaren 7an Tomas Zumalakarregi ormaiztegiarrarekin elkarrizketatu zen Lekunberrin. Dakigunez, egun horretan jeneral karlista ez zegoen Larraunen, Malerrekan baizik. Beharbada, dataz okertu zen Xaho. Litekeena da, baina, solasaldia, obra osoa bezala, alegiazkoa izan dadin. Ez da dudarik, ordea, 2015eko urriaren 26an, Xabier Zabaltza Euskal Herriko Unibertsitateko tuterar irakasleak Bizkaiko Leioatik gutun bat egin ziola Zuberoako Lakarrira Jakes Sarraillet mauletar euskararen inspektore eta euskaltzain urgazleari, bien artean Voyage euskara batuan eman zezaten proposatzeko. Honek sarri baietz ihardetsi zion. Zuberotarra eta nafarra itzulpena orrazteko zenbait aldiz bildurik, non eta Bizkaiko hiriburuan, handik ia hiru urtera, aurtengo martxoaren 13an, Bidaia Nafarroara euskaldunen oldartzearen denboran aurkeztu zuten Baionan eta Iruñean, Maiatz Lapurdiko argitaletxearen eskutik.

Euskal Herriko mutur banatako bi itzultzaileren arteko elkarlan honek merezi du ezagun izatea. Jakes Sarrailletek zuberotarrera itzulia zuen Xahoren lanik garrantzitsuena Mauleko Sü Azia argitaletxean, 2014an, Nafarroako bidajea izenburuarekin. Xabier Zabaltzak, bere kasa, argitaratu gabe, Voyage-ko hamabi kapituluetatik zortzi euskara batuan emanak zituenak, Sarrailleten itzulpena Baionako liburu-denda batean atzeman zuen. Irakurri eta gero hari idaztea erabaki zuen. Elkarrekin gauzatuko zuten itzulpen berria Sarrailleten lanetik abiatuko zen, Zabaltzarena kontuan hartuz eta frantsesezko jatorrizkoari orpoz orpo jarraikiz. Pasarte ilunenetan Justo Garatek 1933an argitaratu zuen gaztelaniazko itzulpen ez-osoa ere erabili zen. Ahalegin zinez akigarria izan zen, bi erdalki eta bi euskalkiren artean. Hala ere, bi itzultzaileek, batere kalapitarik gabe, testu bakar bat adostu zuten. Euskal Herri osoan, Maulen zein Tuteran (1965etik goiti senide etorririko hirietan, hain zuzen ere), euskaldun guziek aise konpreni zezaketen euskara batean.

Frantses joria du Agosti Xahok. Batzuetan zaila ere bai. Euskaraz pentsatzen zuelakoz. Etimologien bidez, saiatu zen frogatzen mintzaira guziak euskaratik heldu direla. Adibidez, erraten duelarik maitasuna gauza guzien sortzailea dela, bistan da, haren ustez, amour hitza «ama» eta «oro»-tik datorrela. Edo agneau eta blanc kontzeptuak lotzen dituelarik. Honek ez du zentzurik frantsesez, baina bai euskaraz («axuria» eta «xuria»). Xahok Surya Indiako eguzkiaren jainkoa zuen gogoan, aztien Kristoarekin berdintzen zuena. Beren itzulpenean, Sarraillet eta Zabaltza saiatu dira ezkutuko joko etimologiko (eta teologiko) hauek nabarmenarazten.

Bereziki gaitz izan da zazpigarren kapituluan aipatzen diren dozenaka animalia eta landareen izenak euskara batuan ematea. Xahok XVIII. eta XIX. mendeetako botanikari eta zoologoen hizkera zerabilen. Adibide bakar bat aipatzeagatik, arian zen hegazti baten izena garai hartako frantsesean. Jean Crespon ornitologoaren lanei esker, erdietsi zen jakitea espezie horren frantsesezko izena gaur egun vautour moine dela, «sai motza» euskaraz (Aegypius monachus latinez). Gauzak areago korapilatzeko, Xahok biltzen zuena Pierre Lespès editore baionesari eskuz idatzirik igortzen zion. Honek ez zekien euskaraz. Ez da harritzekoa Voyage-ko euskarazko hitzak maiz gaizki transkribaturik izatea. Hori horrela, eleberriko kontrabandista batek hauxe oihukatzen du momentu batean: «Debroin aha mala!». Honetan eta antzeko kasuetan, Sarraillet eta Zabaltzaren itzulpenean testua berreraikirik izan da: «Deabruak naramala!».

Atharratzeko jenioak buruz idazten zuen, datuak egiaztatu gabe. Hori dela eta, noizean behin, hutsegite historikoak egiten ditu. Tariq ibn Ziyad eta Musa ibn Nusair, Iberiako Penintsula VIII. mendearen hasieran konkistatu zuten buruzagi musulmanak, nahasten ditu. Orobat, Pedro Nafarra («Olivetoko kondea») eta haren nagusia, Gonzalo Fernández de Córdoba («Kapitain Handia»). Momentu batean omenka erraten du Toledo Printzerriko zenbait herritan euskaraz egiten zela. Egia da Extremadurako zenbait herritan gaur egun ere portugesa, ez euskara, mintzatua dela. Baskoniako dukeen eta Iruñeko lehen erregeen genealogiak, Merovingiarrekin lotzen zituztenak, asmatuak dira, XVII. mendean faltsifikaturiko Alaoneko Gutunetik hartuak. Bistan denez, hutsegite hauek ez dira zuzendu. Kontraerranak ere ez dira egokitu. Xahoren eta Lapurdiko gizon zaharraren arteko solasaldian, lerroalde gutiren aldean, vous eta tu bata bestearen ondoan dira eta, beraz, «zu» eta «hi» euskaraz ere bai. Laburbildurik: Xahok euskara batuan idatzi izan balu, haren testua ez zatekeen Sarraillet eta Zabaltzarenetik oso urrun ibiliko.

Agostik liburu bakar bat idatzi zuen euskaraz: Azti-beguia, 1834an. Uscal-Herrico Gaseta euskarazko lehen astekariaren bi ale ere argitaratu zituen 1848an. 2010az geroztik, Hector Iglesiasek itzulirik, 1845eko Aitor, légende cantabre ere irakurgai da gure mintzairan. Patri Urkizuk haren euskarazko kantutegi osoa argitaratu zuen 2006an. Hemendik goiti, 1836ko Voyage en Navarre, haren maisu-lana, zuberotarrez ez ezik euskara batuan ere irakurtzen ahalko da.

Resurrección María Azkuek gipuzkera osotua irudikatu bazuen, erran daiteke Sarrailletek eta Zabaltzak zuberera osotua sortu dutela beren itzulpenerako. Zuberoak, bere txipian, anitz baitu Euskal Herriari eta euskara batuari emateko. Itzulpen honen bide luze bezain malkarra gure herriaren batasunaren adierazgarri da. Nork bere moduan senti dezake, baina, atharraztar batek amets egin eta mauletar baten eta tuterar baten arteko lankidetzak frogatu duen bezala, egon badago Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.