Itaia

Matxismoaren zabalpenaz eta eraso matxisten normalizazioaz

Irene Ruiz eta Maitane Urkola
2024ko azaroaren 3a
05:00
Entzun

Egunero izaten dugu eraso matxisten berri albistegietan, gure herrian, gure inguruan. Horrek, alde batetik, gero eta eraso gehiago salatzen direla erakusten digu. Beste aldetik, ordea, eraso matxistek oraindik gizartean matxismoa errotuta dagoela adierazten digute. Hein batean, erasoak egunerokoaren parte bihurtu dira: eraso bat, beste bat, baina gure bizitzek aurrera jarraitzen dute. Dena den, indarkeria matxista kasuek gero eta inpaktu txikiagoa eragiten dute gizartean. Hain zuzen ere, erasoen normalizazioak erasoen aurkako kale erantzuna apaltzea eragin du.

Halere, indarkeria matxistak gure bizitzak zapaltzen jarraitzen du. Indarkeriak askotariko formak ditu, horien artean: prostituzio sareak, batez ere, egoera zaurgarrienean bizi diren emakume etorkinek jasaten duten errealitate gordina; familiaren baitan jasaten dugun indarkeria, gainera, erasoen ehuneko handienak bertan gauzatzen dira; sexu erasoak; eta erailketak, 2024an Euskal Herrian jadanik bost emakume izan dira erailak.

Errealitateak haserretzeko eta antolatzeko arrazoiak ematen badizkigu ere, bada eraso matxisten aurrean ideia erreakzionarioak indartzen jarraitzen duenik. Hain zuzen, joera erreakzionarioa indarra hartzen ari da munduko hainbat lekutan eta gurean ere badu eragina; oldarraldi horrek gizarteko sektore zaurgarrienei eragiten die. Eskuinak darabiltzan hiru ideia aipatu nahi ditugu, gizartean zabaltzen ari diren diskurtsoak baitira.

Lehenik, emakumeon aurkako zapalkuntza ez dela existitzen diote. Modu horretara, emakumeon eskubideen aldeko neurriak gizonen aurkakoak direla defendatzen dute: beraien proposamena emakumeok urteetan lortutako eskubide formalak desegitea da. Horrela, berdintasunaren aldeko aldarriaren atzean politika atzerakoiak aplikatzeko nahia ezkutatzen dute. Emakumeok egiturazko zapalkuntza jasaten dugu, emakume izateagatik jazartzen eta hiltzen gaituzte, eta proposamen politiko askatzaile orok errealitate horretatik abiatu behar du.

Bigarrenik, indarkeria matxista diskurtso arrazista zabaltzeko bakarrik erabiltzen dute. Izan ere, eraso matxistak etorkinek gauzatzen dituzten ideia zabaldu nahi dute. Gainera, horretarako lan kultural handia egiten dute, eta horren adibide dira CISko azken datuak: Espainiako Estatuko biztanleriaren kezka nagusia immigrazioa da eta indarkeria matxista 28.na. Baina argi izan behar dugu emakumeoi erasotzen digutenak sektore guztietakoak direla: gure nagusiak, familiakoak, bikotekideak,... Halere, gure ingurua seinalatzea baino errazagoa zaie beste aldera begiratzea eta etorkinak kriminalizatzea.

Azkenik, hirugarren ideia segurtasunik ezarena da. Eskuinak gizartea beldurtu nahi du, eta ustezko segurtasunik ezari indar polizialen eta neurri autoritarioen areagotzearekin erantzun. Aldiz, poliziak nola eskainiko digu segurtasuna, bera bada erasotzen diguna? Izan ere, udako datuei erreparatuko bagenie, erasoen %15 poliziek eginak dira.

Mundu digitalizatu honetan, etengabe jasotzen dugu informazio nahasia: irudiak, titularrak, albiste interesatuak... Gerra kultural horretan diskurtso arrazistak eta matxistak ari dira gailentzen. Sozialdemokraziaren azken urteetako politikagintzak desatxikimendu handia eragin du, batez ere, gazteen artean; izan ere, beraien politikak emakume langileon beharrei erantzun beharrean, neurri batean, transgresoreak soilik itxuran eta arribistak izan dira. Bien bitartean, ordea, zapalduon bizitzek okerrera egiten jarraitu dute. Horrek gizartearen baitan sozialdemokraziaren eta feminismoaren aurkako erreakzioa eragin du, eskuinerantz.

Guk, ordea, diskurtso arrazisten eta matxisten aurkako kontzientziazio lana egin behar dugu; hain zuzen, politika instituzionaletik harago eta sozialismoaren printzipiopean eratuko den antolakuntza politikoa dugu oinarri: langileon interesak erdigunean jarriko dituena eta, beraz, emakume langileon aurkako indarkeria matxista behin betiko amaitzeko baldintzak jarriko dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.