Matrikulazio kanpaina eta erlijioa

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Espainiar Estatuko erkidego autonomoetan, etaberaz EAEn eta Nafarroan, eskola publikoan derrigorrez erlijioa eskaini beharra 1953an Francok izenpetutako eta 1979an berritutako konkordatuaren ondorioa da. Diktadorea hil zenetik, hainbat hauteskundetan, ezkerreko alderdiek agindu digute boterera iritsi bezain pronto hitzarmen hori ezabatuko zutela, baina, egia esan, agintea lortu duten guztietan gauzek bere horretan jarraitu dute. Egin duten aldaketa bakarra da 1992tik aurrera erlijio gehiagoren artean aukeratu daitekeela, katolikoak ez ezik islamdarrak, hebrearrak eta ebanjelikoak bere fedean sustatuak izan daitezke, denon diruaren kontura.

Egoerak ez du aldatzeko itxurarik, gero eta garbiago dago erlijioa eskoletatik irteteko modu bakarra dagoela: umeak ikasgai horretan ez matrikulatuz. Saiatuko gara joera honen aldeko arrazoiak ematen.

Ikasgaiaren alde daudenek eskubide hitza erabiltzen dute. Euskaltzaindiak dio «gizabanakoari pertsona izate soilagatik eta bere duintasunagatik aitortzen zaizkion oinarrizko ahalmenak» direla eskubideak. Hau da, eskubide berberak ditugu guztiok, eskola publikoan matrikulatzen garenean ere. Munduan eta gure eskoletan erlijio anitz daude; batzuk beren sineskerietan denon kontura sustatuak izatea, eta besteak ez, ez da eskubide bat, pribilegio bat da. Eta hezkuntzak, publikoak bederen, ez ditu pribilegioak bultzatu behar.

Umearen eskubideen aurkakoa da. Umeen eta gaztetxoen eskubideen hitzarmenaren 14. artikuluak zera dio: «Partaide diren estatuek umearen pentsamendu, kontzientzia eta erlijio askatasuna bermatu behar dute». Hau da, estatuak (eta gurasoek) ahal dutena egin behar dute umearen hezkuntza askea eta kritikoa izan dadin, gero berak bere hautuak egin ditzan inolako manipulaziorik gabe.

Erlijioa da aukerako gai bakarra Haur eta Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen zikloan. Hau da, ikasturte bakoitzeko ume hauek 40 bat ordu igaroko dituzte bere taldetik kanpo. Ez dugu esango horrek talde harremanak zailtzen dituenik, baina ezta errazten ere. Normalean gela bakoitzean gutxi batzuk dira erlijioa hautatzen dutenak, eta eskolak pilatzeko joera izaten du; beraz, ordutegiak egiteko lehenengo finkatzen dena gai hau da, eta gainontzekoak ondoren, horrela eskola osoko laneguna baldintzatuz. Izan dira saiakerak muturreko orduetan jartzeko (lehena edo azkena) eta ikaskideak etxean gera zitezen... baina Eliza Ama Santuak kexak adierazi zituen, badirudi muturreko orduetan fedea urritu egiten dela.

Eskola guztietan ikasleek ordu kopuru bera izaten dute, erlijioa emateko beste gai bati kendu behar zaio. Erraz ulertzeko adibidea: batxilergoan, gero USE unibertsitatean sartzeko ebaluazioaren nota (izen arruntez, selektibitatea) igotzeko aukerazko gaiak izango direnak ditugu, bi edo hiru ordukoak. Zertan dago desberdintasuna? Gaian? Ez, erlijioan. Ikasleren batek erlijioa ikasi nahi badu, aukerazko gaiari kentzen zaio; horrela, asignatura bera eskola batzuetan astean hiru ordukoa da, eta beste batzuetan bikoa. USEko azterketa egitean, nabaritzen da 37 ordu gutxiago eman izana.

Aipatzen den beste puntua heziketa etikoa da. Etika, mundu guztian eta denbora guztian balio duten jarrera eta arauak izan nahi dute: «guztiok gara berdinak eta baliokideak, beraz, eskubide berak merezi ditugu». Baina elizak eta fedeak morala irakasten dute, leku eta momentu zehatz baterako balio duten arauak: «guztiok eskubide berak ditugu baina emakumeak gizonak baino gutxiago dira eta, beraz, ezin dira apaiz/imam/errabino izan», adibidez.

Dotrina eta liburu santu asko arrazoiaren eta zientziaren aurkakoak dira. Zenbat denboran egin da unibertsoa, sei egunean ala milioika urtean?

700 milioi euro xahutzen ditugu urtero erlijioko irakasleak mantentzen. Katolikoen kasuan badakigu gotzainen onespena ezinbestekoa dutela, baina inork sekula ez digu esan zeinek eta nola aukeratzen dituen beste erlijioetakoak, eta, denon artean mantentzen ditugunez —beren soldata gure zergetatik ateratzen da; ez al dago beste zerbait hobeagorik zertan gastatu?, ez dakit... gazte eta zaharren ongizatean, adibidez?—, uste dugu eskubide osoa dugula jakiteko... kontuan izanik erlijiokoak direla irakasle bakarrak web-orrian azaltzen ez direnak. Beste guztion curriculum osoa hor dago, eta, beren kasuan, ezta zenbat diren ere.

Honengatik guztiagatik, eskolaren izaera laikoa aldarrikatzen dugu, Espainiar gobernuari eta gure politikariei behingoz eta betirako konkordatua eta beste erlijioekin egindako hitzarmenak ezabatzeko eskatzen diegu, eta zuei guztiei, zuen sema-alaben hezkuntzan zientziari eta pentsamenduari lehentasuna emateko, erlijioan matrikulatu gabe.

Hezkuntza publikoa laikoa, orain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.