Matrikulazio kanpaina abian

2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Astelehenean hasiko da datorren ikasturterako matrikulazio kanpaina. Datorren ikasturterako ikasleak zein hizkuntza eredutan matrikulatuko diren erabakitzeko unea da. Ukatua den Euskal Herrian eta euskara ofiziala ez den honetan, matrikulazioak tramite hutsa izatetik edukiz eta argudio politikoz betetako ekintza beharko luke.

EAEn, jakin badakigu ereduen eztabaida gehiengo zabal batek etengabean mahaigaineratu duela. Ez dago bete-betean euskalduntzen duen eredurik. A ereduak ez du euskalduntzen. B ereduan 2/3ak ez dira euskalduntzen. D ereduan 1/3 ez da euskalduntzen.

Datuok kezkagarriak izanik, ezer gutxi egin dute gobernu ezberdinek euskalduntzen duen eredu bakarraren alde. Are eta gutxiago, Celaá-ren HiruEle programak euskara bigarren mailako bilakatu nahi izan zuen, ingelesaren mesede. Egun ere, Uriarte Sailburuak mahaigaineratutako Heziberri 2020 programarekin, euskarari emandako trataera lotsagarria da, atzerapausoa.

Uriartek gure jendartea eleaniztuna dela badio ere, argi izan dezala ez dela horrela. Euskal jendarteak diglosia egoera pairatzen du euskara bigarren mailako hizkuntza delako. Normalizaturik ez dagoelako, alegia.

Nafarroan, egoera larriagoa dugu. Orain 27 urte PSNk inposatutako Ley del Vascuence delakoarekin, azken hamarkadan UPNk baliatuta, euskararen kontrako lege arrotza izan da. Zonifikazioaren ondorioz, euskara ez da Nafarroako lurralde osoan ofiziala, eta horrek hizkuntzaren jabekuntzan atzerapen ikaragarria dakar. Eta, orain, PAI (Programa de Aprendizaje del Inglés) delakoarekin euskararen kontrako beste trikimailu batekin datorkigu UPN.

Gainera, azken asteetan, euskararen, D ereduko irakasleen eta euskal hezkuntzaren kontrako sorgin ehiza esponentzialki hasi da. Eskuin muturreko sektore ezberdinek bultzatuta, D ereduko irakasleen kontrako ikerketa txostena abiarazi du Guardia Zibilak eta hauek kriminalizatu nahi izan ditu.

Egoera, baina, I-Ek aurkeztutako mozio batera garamatza. Ereduen arteko ustezko bizikidetza omen du helburu. «Getizazioarekin» bukatu nahi, eta eredu guztietako ikasleak nahastu nahi ditu mozioak. Hau, euskararen kontrako eraso berri bezala kokatzen dugu. Harritzekoa izan da, gainera, Bildu eta Aralarrez gain, gainontzeko indar politiko guztiek honen alde egin izana; Geroa Bai barne.

EH Bilduk, aipatutako guztiagatik, euskara eta euskal hezkuntza jasatzen ari den erasoaldi asimilatzailea salatu nahi du, eta herri gisa erantzuteko premia azpimarratu.

Honekin batera, Euskararen Kontseiluak osatutako dokumentuaren alde egiten dugu, jendartean eta hezkuntza eragileen artean kontsentsu zabalena lortu duen planteamendua delako, eta egun, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen bakarra delako, eta beraz, Euskal Herria euskalduna eraikitze bidean mahai gainean dugun tresna eraginkorrena delako.

Beraz, ikasle euskaldun eleaniztunak heziko dituen eredu bakarraren bidean, euskaraz matrikulatzeko hautua egin dezaten dei egiten diegu familiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.