Erriberrin, 1570ean, mila gazte inguruk, mozorrotuta, zintzarriekin zarata eginez eta koplak abestuz, matraka bat antolatu zuten Jeronimo de Carrion eta Maria de Estradaren, ezkontzen ziren herriko bi alargunen, kontra. Sortutako istiluengatik salatuak izan zirenean gazteek esan zutenez, «aspaldidanik eta urteetatik hona, Nafarroako erresuma honetan, Erriberriko hirian ohitura dago honen antzeko matrakak egiteko alargun batzuk ezkontzen direnean, koplak abestuz. Eta horiek jasotzen dituztenek onartzen dituzte herriko ohitura moduan».
Ia hogei urte geroago, Cascanten, 1599. urteko otsailean, «ilundu ondoren, herriko gazteak kuadrillan ibili ziren Cascanteko kaleetan, pertsona zintzo eta nagusi askori matrakak emanez». Urte batzuk geroago, 1602ko otsailaren 17an, zehazki, Cascanteko herrian berriro ere, gauerdi aldera, Esteban Ruiz, 24 urteko morroia, Juan Ruiz, bere anaia eta ezkongabea, Jerónimo Enríquez eta Jerónimo Calvillo, jostuna, matrakak egiten hasi ziren. Bizilagunek ez ezagutzeko asmoarekin «euren hizkera aldatuz» esan zioten Graciana alargunari «atso hori, noiz hilko zara? Zeren zain zaude?». Eta, beste lekuko baten arabera, «zaharra, zure semea, Juan Perez, alokatuta bizi da zure erruz, hil zaitez behingoz».
Matraka, txaribari edo cencerrada hauek oso ohikoak izan ziren gure iraganeko herrietan eta, orokorrean, protagonistak gazteak ziren. Gazte bat bere komunitateko eskubide osoko kide izatera, ezkontzaren bidez pasatzen zen. Ezkontzean, familiaren zegokion ondarea eskuratzen zuen, gainontzeko ezkonduekin lehen lerroetan eser zitekeen elizan, eta tokiko batzarretan erabakiak hartzeko ahalmena eskuratzen zuen ere. Baina gertatu zen mende haietan ezkontzeko adina atzeratzen joan zela, ondorioz gazteek atzeratuta ikusi zuten gizartean erabat integratzea. Ezkontzara berandu iristeak komunitateko kide gazteenei zegokien familia-ondarea kontrolatzea eragozten zien eta, hala, frustrazioak areagotu egiten ziren. Beraz, argi dago Cascante edo Erriberriko gazte hauek belaunaldi-aldaketa eskatzen ari zirela.
Mende zailak eta gatazkatsuak izan ziren; ezkontzara iristeko aukerarik gabe, Antzinako Erregimeneko gazteriak bere frustrazioa ito zuen erritu hauen bidez. Gauez mozorrotzen, isekak egiten, koplak kantatzen, idazki difamatorioak zabaltzen, beren bizi-proiektua garatzea eragozten zien gizarte heldu baten aurka.
Gaur egun, komunitatearen parte izateko moduak aldatu egin dira. Zalantzarik gabe, ezkontza ez da ezinbesteko baldintza gizarteko eskubide osoko kide izateko (nahiz eta ukaezina den gaur egun oraindik ere gure munduaren ikuskera heteropatriarkalean abantaila batzuk ematen dituela). Zein izango litzateke XVI. mendeko ezkontzaren egungo baliokidea? Lan-mundurako edo etxebizitzarako sarbidea? Ba, horri so egiten badiogu, gaur egungo gazteen egoera ez da ere oso ona. Etxebizitzari dagokionez, Emantzipazioaren Behatokiaren azken datuen arabera (2019koak, pandemia eta haren ondorioak ia ikusten ez zirenean), oso kezkagarriak dira. 2008. urtean burbuilak eztanda egin zuenetik, 30 urtetik beherako Estatuko gazteek emantzipatzeko adina atzeratu behar izan dute. Joan den urtearen amaieran, %18,7 soilik bizi ziren familiaren etxetik kanpo, gehienak alokairu-erregimenean ( %58,8). Soilik %38,4k zuen etxe bat jabetzan edo hipoteka bat ordaintzen ari zen. Gainerakoak (%2,8) lagatako etxebizitza batean bizi ziren. 30 urterekin etxebizitza dutenen proportzioak behera egin du 1980tik aurrera jaiotakoen artean.
Gazteek (eta ez hain gazteek) etxebizitza propioa eskuratzeko dituzten oztopo nagusiak bistakoak dira: hasierako inbertsioaren kostuak aurrezteko zailtasunak eta hipoteka baten hilekoari aurre egiteko baliabide falta dira. 2019ko amaieran, 30 urtetik beherako pertsona batek hilean 1.000 euro baino gutxiago kobratzen omen zituen, 30-34 urtekoen taldean, zertxobait gehiago. Zifra horiekin, Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren (CJE) mendeko Emantzipazio Behatokiaren azterlanaren arabera, Estatuko gazte batek gaur egun jasotzen duenaren bikoitza kobratu beharko luke etxe bat erosi ahal izateko.
25-29 urteko pertsonen erdiak baino gehiago gurasoen etxean bizi dira. Gazteen emantzipazioa gizarte-arazo bihurtu da dagoeneko, eta are larriagoa izanen da COVID-19aren krisiarekin; izan ere, biztanleriaren zati hori ahulagoa izanen da krisi ekonomikoarekiko. Izan ere, eta lan merkatuari dagokionez, gazteen artean egoera latza da: langabezia tasak Europan gazteen artean jasanezinak badira, zer esanik ez Espaniako datuak begiratzen baditugu.
Erakundeek eta gizarteak berak osasun-krisiaren erantzukizuna leporatzen dien bitartean —harreman moduengatik, legez kanpoko botila festengatik—, nik neure buruari galdetzen diot nire 39 urteetatik, zer egiten nuen nik 16, 18, 20, 25 urterekin? Ikasteaz gain, niretzat garrantzitsuena nire gizarte-taldea zen, harremanak izatea, dibertitzea. Adin horretan gure nortasunaren eraikuntza amaitzen da. Tarte horretan bizi dira lehen sexu-harremanak, lehen lan-esperientziak, familia-nukleotik kanpo bizitzeko lehen aukera. Zer eskatzen diegu gure gazteei? Heldu askok ere, baliabide ekonomiko propioak, etxebizitza propioa eta bizi-proiektua martxan izanik, egiteko gai ez garena.
Errituak kendu dizkiegu sistemaren aurka matxinatzeko. Eta, orain, pandemia betean, ostikadarako eskubidea ukatzen diegu aisialdirako inolako alternatibarik eskaini gabe —kontsumo logikatik kanpo ez behintzat—, sortu ez duten krisiaren errua leporatuz. Etxebizitzarako, lanerako eta etorkizunerako itxaropenik gabe, zer geratzen zaie? Ez diegu matrakak ospatzen uzten, baina guk matraka ematen jarraitzen dugu.
Matraka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu