LAB-Osasunbideko ordezkariak

Martxoaren 8ak emakume guztiak borrokan batzen gaitu. Jarrera korporatiboak tokiz kanpo daude

Izaskun Arteaga Urrutia, Marisol Saiz-Aja Franco eta Patricia Oloriz Espinal
2024ko martxoaren 11
16:30
Entzun

Martxoaren 8a borrokarako, salaketarako eta ospatzeko eguna da. Egun horretan, mugimendu feministak deitutako ekitaldiak izaten dira, eta sindikatu guztiek bat egiten dute horien inguruan. Aurten lelo nagusia zaintza-sistema publiko eta komunitarioaren erreibindikazioa izan da.

Egun horrek gure lorpenen eta ahulezien balantzea egiteko balio du, bai eta emakume eta langile gisa bizitzako arlo guztietan (lanean, arlo publikoan, arlo pribatuan eta zainketetan) zer erronka ditugun ikusteko ere.

Martxoaren 8aren bezperan, zur eta lur geratu ginen Osasunbideko erizainen, medikuen eta erizaintzako zainketetako teknikarien (SATSE, SMN, SAE) sindikatu korporatiboen salerosketa-jokoak ikusita. Erakunde horiek, mugimendu feministaren eskakizunekin bat egin beharrean, protagonismoa bilatzen dute, beren eskaerak lehenetsiz, gainerako lankide emakumeen erreibindikazioak ikusaraztea galaraziz eta, beraz, esparru honetan talde-lanak duen garrantzia gutxietsiz.

Izan ere, Osasunbidean argi eta garbi ikusten da zainketen feminizazioa. Emakume langileok kategoria feminizatuetan harrapatuak gaude; horregatik, sindikatuetatik elkarrekin lan egin beharra dugu gure aldarrikapenak lortzeko:

  • Kristalezko sabaiaren eta genero-arrakalaren aurka borrokatzea. Emakumeok, batez beste, gizonezkoek baino 7.000 euro gutxiago kobratzen dugu urtean.
  • Langileen lan baldintzak hobetzea, herritarrei kalitatezko arreta emateko.
  • Lan eremuetan gertatzen diren hitzezko erasoen eta eraso fisikoen aurka borrokatzea.

Horregatik, erabat tokiz kanpo dago egun honen indarra aldarrikapen korporatiboak egiteko erabiltzea; are gehiago ikusita aldarrikapen horiek, neurri handi batean, gainerako lankideek baino egoera ekonomiko hobea duten estamentuetatik datozela eta erakunde horiek azaroaren 30eko greba feministaren aurka kokatu zirela. Martxoaren 8a aprobetxatzea «nola doa nire kontu hori» aldarrikatzeko, gutxien-gutxienez, jarrera oportunista da.

LABetik, borrokan segituko dugu egiturazko desberdintasun horiek eragiten dituzten mekanismoak desager daitezen, eta eskua luzatzen diegu gainerako sindikatuei modu koordinatuan lan egin dezagun helburu hori lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.