Martxoaren 3ko manifestazioa, Naves agurtzeko modurik onena

Karmen Uribesalgo, Javier Fernández, Emilio Ordoñana eta Imanol Olabarria
2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk joan zitzaigun (fisikoki bakarrik) Jesús Fernández Naves, gasteiztar gehienentzat Naves. Langile klasearen antolakuntza autonomoa eta militantzia antimilitarista oinarri, mundu justuago baten alde egiteagatik maitasunez oroitzen duten herritar askok ez du izan hura nahi bezala agurtzeko aukerarik, gaur egungo egoera dela eta.

Bere ingurune hurbilenetan (lagunartekoa, lanekoa, militantea edo familiakoa) parte hartzeko plazera eta harrotasuna izan dugun pertsona batzuek uste dugu ez dugula huts egiten pentsatuaz Jesúsi, Navesi, pertsonalismoak eta lidergo protagonistak bultzatzeari uko egiten zion norbaiti, ez lioketela graziarik egingo, ez omenaldi ofizialik, ez aintzatespen instituzionalik. Eta atsegin izango lukeen agur herrikoi motaren bat baldin badago, hori izango litzatekeela, zalantzarik gabe, maite dugun pertsona guztien parte-hartzea Martxoaren 3ko manifestazioan. Gure omenaldia urteroko herri-mobilizazio handi horren espirituaren parte ere izan dadin: Gasteizko martxoaren 3aren inguruan langileen borrokaren memoria eta gaurkotasuna aldarrikatzen jarraitzea, eta sarraskiaren eta haren inspiratzaileen salaketa.

Horregatik, hurbileko pertsona batzuen artean lerro hauek idazteko erabakia hartu dugu, bai eta aurtengo Martxoaren 3ko manifestaziora Agur Naves: botere osoa asanbladari leloa duen pankarta bat eramatekoa. Langileen borrokari egin dion ekarpena ondoen kondentsatzen duen esaldia dela uste baitugu. Era berean, manifestazioa antolatu duten antolakundeekin adostu dugu bere testigantza publiko ezagunenaren zati garrantzitsu bat entzunaraztea ekitaldi politikoaren amaieran: Martxoaren 3an eraildakoen aldeko hileta-egunean Katedralean esandakoak.

Badakigu pertsonak joan egiten direla, baina haien eginak eta testigantzak mantentzen dira, eta denbora izango dugu Jesús Navesenak ahoskatu eta berreskuratzeko. Ez bera gurtzeko edo erramuak eskaintzeko, baizik eta galdu ez daitezen, langile mugimendu autonomo eta herrikoiarentzat hain beharrezkoak diren ekarpen eta ikasgaien parte izan daitezen. Navesek bizitza osoan bultzatu zuen jendarte benetan justu eta beharrezko horren aldeko borrokaren jarraipen bezala. Ahots batzuk ihes egiten ari zaizkigu, eta arnasa itzuli behar diegu. Ametsak eta antolaketa modu horizontalak, gardenak, parte-hartzaileak berreskuratuz. Su matxino haren arrastoak berraurkitzeko, zeinaren parte izan ziren Gasteizko beste herritar askorekin batera. Arriskatuz… bere berreraikuntzan.

Hori izango da modurik onena ozen eta argi esateko: Jesús, ez zaitugu ahazten. Ez zu, ez 76ko Martxoaren 3ko ondarean parte hartu zuten ehunka pertsonak, 45 urte hauetan modu anonimoan eta isilean utzi gaituztenak gure aipamen, agur edo besarkada publikorik gabe. Aurtengo Martxoaren 3ko manifan parte hartzea da bururatu zaigun modurik onena, ziurrenik Jesúsek ukatuko ez lukeen Agur herrikoi bakarra emateko. Bertan ikusiko dugu elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.