Langileen grebak etengabeak izan ziren 1976an, Euskal Herrian. Horren haritik, milaka langile borrokatzen ziren espazio publikoan, ordainsari bidezkoagoen eta lan baldintza hobeen alde. Langileak oso ongi antolatuta zeuden, eta beren borroka plana lantzen zuten, kide zituztenen bermearekin. Martxoak 3 egun zituen batean, poliziak oldarka sartu ziren Gasteizko San Frantzisko elizan; gremioen arteko bilera bat antolatua zuten, eta han bildutako guztiak irtenarazten hasi ziren, negar gasak eta mota guztietako neurri zapaltzaileak baliatuta, beren zeregina bururatzeko bost heriotza eragiteraino. Memoria historikoari iraunarazteko asmoz eta egintza haiek ez ahazteko, euskal herritarren talde batek plataforma bat eratu zuen: Martxoaren 3 elkartea izenekoa; horren helburu nagusia da justiziari galdegitea zigor ditzan 1976. urtean langile haiek erail zituztenak, eta, hala, hein batean arin dezan orduan eragindako kaltea bai bizia galdu zutenei eta bai haien senitartekoei eta kideei.
Aurten beteko dira 36 urte egintza deitoragarri haiek gertatu zirenetik, eta, oraindik ere, justizia egin zain daude biktima haien senitartekoak eta lagunak; era berean, jendaurreko erreparazio moral baten zain daude, eta horren bidez Estatuak onar ditzan hala jarduera gaitzesgarri haiek nola 1936ko uztailean erakunde demokratikoen kontraizandako altxamendu militarrean gertatutako krimen guztiak. Horren haritik, 1976ko martxoaren 3aren inguruan aurten egingo den oroitzapen ospakizunak, batetik, gertaera historikoa sendotzeko balio beharko du, eta, bestetik, memoria historikoak erabat bizirik eta indarrean dirauela aldarrikatzeko, zeina egiaren hainbat batzorde abian jarrita baino ez baita zilegi izango.
Diasporakook ere elkartasunez bat egiten dugu 1976ko martxoaren 3an gertatutako erailketak oroitarazteko ekitaldiekin, eta egia, justizia eta erreparazioa galdegiten; horrela baino ez da amaitu ahal izango 1936. urtean hasitako gaualdi luzea, gaur egunera arte luzatu baita eta egia historikoa erabat indarrean egotea eragozten baitu.
(Erredakzioan itzulia)
Martxoaren 3a: egia, justizia, erreparazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu