Idazlea

Martxoak 8: auska eguna

2025eko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Egutegia gogoetan berriro idazten hasi naiz. Alde batetik, borborka asaldatzen nauena aske utzi ezik ez duelako bizitzak gorpuzten behar den ondoen jarraitzerik. Bestetik, nire buruarekiko konpromiso feminista jomugan, idatzizko berbaz osaturiko aldarriak hedapen esanguratsua badakarrelakoan, asaldura bera milaka milioi emakumerena ere bada eta.

Urteko bigarren hilabetea joan zaigu. Arinegi, neguko iluntasunetik udaberriaren argi bila arrapaladan ihesari emateko beharturik esango nuke, urtarrila bezalaxe. Egia esan, urte batzuetatik hona, bizitza lasterketan parte hartua denaren sentsazioak bereganatu nau. Batek daki denbora, emozioduna ez den arren, faxismoaren beldurrez oharkabeko iragatea nahiago. Dena dela, hogeita zortzi egunetako joana den pasarte labur horrek sufrimendu oparoa utzi digu munduan zehar, baita bortizkeria matxistaren arloan ere. Geografia hurbilekoari erreparaturik, Feminicidio.net atarian adierazten denaren arabera, Estatuan lau emakume erail dituzte gizonek, horietako bat Hego Euskal Herrian. Hortaz, astean emakume bat hil du gizonezko indarkeriak batez besteko. Urtarrilari dagokionez, kasik bi andre, kalkulu bera erabilia, burutu diren emakumezko zazpi erailketako bat Bizkaian jazo delarik. Bortizkeria matxistari buruzko estatistikaren berba hotzek, zenbakiak baino, sistemaren erro heteropatriarkalak erakusten dizkigute, emakumeon bizitzak etengabe kolokan jartzen dituztenak.

Hilabete berria agertu zaigu. Hogeita hamaika egunen ibilaldia arineketan be hasia martxoaren 8ari heldu diogu ia ustekabean: Emakumeen Nazioarteko Eguna. Asko dira oraindik gaurko datan jasotzen ditugun «zorion-mezuak», beste emakumeengandik zein gizonen hitzen bidez; «borondate onean» oinarriturik omen direnak. Alabaina, «politikoki zuzena» esamolderantz batzuen joerak mesede txikia egiten dio mugimendu feministari, ez eta behar beste iritzi kritikoz hornitu beharreko kontzientziari. Zeharo estuturik bizi gara mikromatxismoen harresiei buru egiten, eurengandik hedatzen diren esapideen kontra arau naturalak kontrajarri nahian. Tentuz ibili behar dugu oraingoan ere, egunaren mamia aldrebes ez diezaguten. Izan ere, gizarte-maila guztion erantzukizuna da dataren esanahia aintzakotzat hartzea, iraultza feministaren edukia itxuragabetua izan ez dadin. Zeren eta honetarako den martxoaren 8a: aliantza feministak eten ez daitezen, sare antifaxisten bitartez borroka astintzeko denbora-gunean, gure eskubideen defentsan elkarlanari ekiten, munduak gerla eta militarizazioaren kontran ikus gaitzala.

Feministok 2018ko gaurko datan Nazioarteko Greba Orokorra antolatu genuen, sistema kapitalista heteropatriarkalari planto eginez. Ahizpatasun indarraren erakustaldia lortu genuen, behar beste aldizko gaitasuna azpimarraturik. Erabateko kolektibo zaurgarritzat hartzen gintuzten, baina oker ez daitezela, apurka-apurka, egunez egun, emakumeak izateagatik mendeetan zehar pairatu egin ditugun bortxakeriez blai, nekez eta malkoz, errainetatik tinko, lorpen txikiak garatuz eta beraien ospakizunez gozatuz feminismoaren ardatza sendotu dugu, eta memoria kolektiboaren babesean, katebegiz katebegi, aitzindariak eta ondorengook bat egin dugu kontrabotereari eutsiz. Haziak gara, lehendabiziko garauen herenilobak, biharko adar nagusiak, kima berrien sorkuntza-egitasmoan buru-belarri. Horrexegatik gaur egungo umeteria, etorkizuneko garatzailea, funtsezko eraldaketa estrukturalaren aktiboa zaiguna, sistema kolonial faxistari aurre egiteko kontzientziatu behar dugu, errealitatearen asimetria jota.

Ezer gutxi balio dute marko instituzionalean adosten diren akordioek, erakunde zein politikariengandik iragartzen diren baliabide teorikoak, Berdintasun Sailen eskutik eratzen diren txostenek, eta abarrek, pedagogia komunitarioa zinez ezarria ez den bitartean. Askoz be baliabide pedagogikoagoak behar dira curriculumera egokituak. Bai, berriz heziketa kolektibora jotzen dut, eta norbanako ezinbesteko erronkaz gainera, irakasletza arloak makala ez den eginbeharra badu haurren heziketaren bidez gizartearen pentsamoldeak eta botere harremanak goitik behera eraldatzeko, zer esanik ez, Botere Judizialaren ikerketa independentea barne.

Idazteari eman orduko oso sakoneko ardura azaleratzen zaigu idazleoi: zinez eta minez mugiarazten gaituenaren arrazoibidea, hasi aurretik, ezinegonean bukaeraraino garamatzana. Askapena alde batera uzterik ez, barnetik aritzearen zirrarak hitzez ibiltzen ikas dezan, larrua biluzte modukoa den arren, irakurlearekiko komunikazio tarte emankorra sorrarazi arte, hau da, irakurralditik at, hausnarketaren argitan nahi bezain gertuan espazioan iraun asmo duena, hain zuzen ere.

Berdin gertatzen da emakumeon ahalduntze prozesuan, androzentrismoaren egitura inperialistak inguratzen duen mundua burujabe izan arte amore ematerik ez dago, atzera-bueltarik gabeko ekimen iraunkorra sustatzen duen zeregin kontzientea, borondatezkoa eta transbertsala baita feminismoa. Karta-jolasetarako utz dezatela nahastea, beraz, eta gorde ditzatela zorionak urteak beteko dituen hurrengorako, ezen indarkeria matxistak legez, itxurakeriak emakumeon zapalkuntza ugari eta heriotza ekarri egiten ditu berekin.

Nork bere gain har dezala rola, ondorioz: parekotasun eskubideak praktikan bermatuko dituen berdintasun eraginkorrerako ibilbidean konplizea ala eragilea izan nahi duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.