Martin Villaren motxila odoltsua eta PP

2017ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Ekainaren 28an, Erregearen eskutik, Espainiako Kongresuak Martin Villa kondekoratu zuen, Trantsizioaren lekuko ospetsu lez, nahiz eta Maria Servinik inputaturik eduki argentinar kereilan, gizateriaren aurkako krimenengatik. Martxoaren 3ko biktimen senideekin topo egikeran, Kongresuko korridorean, domina jasotakoa zena ez zen batere kikildu, eta betiko leloak bota zituen: «Ez nintzen ni Gobernazio Ministroa… Ez dut behar 1977ko Amnistiaren babesik… Nahi nuke hitzegin Argentinako epailearen aurrean». Zeren zain zaude?

Gasteizko beharginen asanbladan hildako bost langileak eta ehun zaurituak ez dira Martin Villari bizkarreratu dakizkiokeen bakarrak, Harreman Sindikalen buru zelarik. 1976ko uztailean Gobernazio ministro izendatu zutenetik, hildakoz eta zaurituz gainezka dago bere agintaldia: 40tik gora. Izendatu eta bi egunera, Maria Norma Mentxaka hil zuten parapolizialek, Santurtziko jaietan amnistiaren aldeko manifestaldi baten ondoren. Irailaren 8an, Hondarribiko jaietan, Jesus Maria Zabala hil zuten poliziek tiroz, kalezulo batean.

Batik bat odoltsua gertatu zen Amnistiaren Aldeko Bigarren Astea, 1977ko maiatzaren 8tik 15ra bitartean, bederatzi hildako eta 11 zauritu zenbatu baitziren Hego Euskal Herrian eta 25 Espainian, atxiloketa ugari eta tortura kasuekin batera. «Kalea nirea da», aitortu zuen Fragak, eta haren jarraitzaile Martin Villak Trantsizioko Manporreroa ezizena irabazi zuen. Baina hemengo hedabideetan, berdin beste tokietan ere, ez da aitatu haren agindupeko gertakari kriminalen zerrenda luzea. Hil berri den Carlos Slepoy argentinar kereilako abokatuak interes handia jarri zuen Madrileko Kontsulatuaren bidez kereilara bost testigantza eransteko, zentzuekin estutu inputatu harroaren aurkako setioa.

Hona kasu batzuk. [1977ko maiatzaren] 12an, Oreretan, Guardia Zibilak tiroka ekin zion jendetzari, eta 72 urteko Rafael Gomez Jauregi hil eta beste zazpi pertsona balaz zauritu zituen. 13an, Jose Luis Cano, Oreretako semea, Polizia Armatuak Iruñean hil zuen, jipoitu ondoren, garondoan eman zion tiroarekin. Gregorio Marichalar Ayestaran, 63 urtekoa, bere etxeko balkoian zegoela tiroz zauritu zuten, eta hamar egunera zendu zen. 14an, Iruñean hil zen Luis Santamaria Miquelena, 72 urtekoa, balkoian izan zuen tiroketarengatik bihotzekoak jota. 15ean, Ortuellan, Manuel Fuertes, 30 urtekoa, tiroz hil zuten guardia zibilek agur-afari baten ostean. Aste tragiko horretako azken hilketa Francisco Javier Nuñezena izan zen, sadismo eta ankerkeriaz betea. Bere alabatxoarekin zihoala, manifestarien kontrako indarrek besterik gabe jo zuten, eta handik bi egunera epaitegira salaketa sartzera joan zenean, bahitu egin zuten, jipoitu eta errizino-olioa koñakaz edanarazi, gibela lehertzeraino. Ospitalean hil zen, handik hamar egunera.

Villaren agindupean gertatu zen baita German Rodriguezen hilketa ere, 1978ko sanferminetan, polizia tiroz. Zezen plazan eta inguruetan eman zen agindua: «Ez izan hiltzeko ardurarik; jo tiroak». Gasteizko beharginen asanbladan emanikoaren berdina da. Ez da, beraz, kasualitatea; Francoren Erregimenari eustearren, Estatuak beldurra eragin nahi zuen, nolanahi.

Nekrologia horren guztiaren jokoa beti zen bera; erantzukizun politiko eta judizialak ez ziren behin ere behar bezala aztertu, ezta argitu ere. Epaitzen zirenean—ez beti, noski—, argudio merkea zuten: «Ezin da jakin zeinek jaurti zuen tiroa». Baina Gobernazio Ministroa zenekoz, Martin Villa da erailketa sail horren erantzule politiko zuzena.

Berrogei urteren ondoren, Estatuaren bortxakeriaren biktimek aitortu gabe diraute. Dominak ongi adierazten du Gobernuaren gaurko jarrera; Erregimen frankistarekin apurtu gabe, bizirik dirauen francozale ospetsuenaren sagaratzea. Gauzak horrela, Euskal Elkargoan PPko buruzagi gazteek dioten horrek —«nik pertsonalki gaitzesten ditut gerra eta diktadura frankistak»— ez du sinesgarritasunik. Madrilgo Gortetan gaitzetsi behar lituzkete denen aurrean. Inpunitateak Estatuaren arau bilakaturik jarraitzen du.

Bien bitartean, Martin Villa bere harrokerietan. Honela esan zien Martxoaren 3ko senideei: «Ez dit axola erantzukizun politikoak, baina ez naiz inolaz ere ustela». Zein esaldi bitxia! Nahiago duzu krimena, ustelkeria baino? Baina, gizona, lehenik eta behin, inputatua zaude nazioarteko epaitegietan; eta, bigarrenik, ate birakarien txapelduna zara, esate baterako, Endesaren Administrazio Kontseiluko okupa gisa; hain justu, pribatizatu zenuen enpresan. Hori ez al da ustelkeria?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.