Urtetan zehar, Rodolfo Martin Villak ez du sekulan inolako enpatiarik erakutsi, bera Barne ministroa zelarik, indarkeria polizialak eragindako biktimekin. Are, inoiz ez du barkamenik eskatu eragindako kalteagatik. Madrilen, foro ekonomiko batean, berriki heriotza haien erantzule politiko eta penala izan daitekeela erran baldin badu, eta gehitu eroaldiren batean egile materiala ere izan zitekeela, kutsu ironikoan bota du. Duela 40 urte bezala, egun mantentzen jarraitzen duena da heriotza haiek akats bat baizik ez zirela izan, akats txikiak Trantsizioaren itunekin hark berak eta beste gizon batzuek erdietsi zuten handitasunarekin alderatuta.
Gaur den egunean ukaezina suertatzen da Trantsizio espainiarra ez zela eredugarria, eta ezta gutxiago ere, baketsua izan. Hor daude datuak: izen-deiturak dituzten 188 pertsona erailik 1975eko urritik 1983ko abendura bitarte, polizien edo talde parapolizialen indarkeria politikoaren ondorioz. Horiei gehitu behar zaizkie bidegabeko atxiloketak, torturak, isunak, karga polizialak eta eskubide eta askatasunen bestelako urraketak. Ikerketa fidagarriak, indarkeria instituzionalak zauritutako 1.000 pertsonaz mintzo dira. Izan ere, 1976-1977 aldian, ez zen manifestaziorik gabeko egunik izan, eta haietan karga polizialak izan ziren, zeinen ondorioz makina bat lagun makaturik, zauriturik, atxiloturik, hilik... suertatu baitziren.
Eta hori jakin badakigu ez liburuetatik ikasita. Trantsizioan, erregimen frankista ezerezteko haustura demokratikoaren alde eta Estatuaren aparatuak desegin eta garbitzearen alde egin zuten pertsona anitz bizirik baitaude, gertaera haietako protagonistak (beste protagonistak, paperetan agertzen ez direnak) izan zirenak.
Zuzenean ezagutzen dugu Trantsizio espainiarra hitzarmen ekonomiko eta sozialen multzoa izan zela, Moncloako hitzarmenak, Konstituzioa, Amnistiari buruzko legea... eta haietan elementu frankistek (Fraga, adibidez) eta buruzagi falangistek (Suarez edo Martin Villa) esku hartu zuten, patronal handiaren, Eliza katolikoaren eta zenbait indar politiko eta sindikalen ordezkariekin batera.
Proiektu politikoa zen, frankismoko elite berberen botereak segituko zuela bermatzeko, diktaduraren Estatu aparatua ukigabe mantenduta: Francok berak inposaturiko monarkia ondorengotza, haren errepresio aparatuaren iraupena, nazional katolizismoan eraikitako epailetza eta armadaren jarraitutasuna, eliza katolikoaren pribilegioak bere horretan mantentzea, Espainiaren batasuna sakralizatzea...
Erregimen frankistarekin haustura demokratikorik ez izatea zekarren proiektu politiko horrek harekin batera zeraman inpunitate osoa kolpistek eta ondoko diktadurak gauzaturiko krimenendako; erabateko ahanztura eta amnesia aurreko aro demokratiko errepublikarrarendako, haren gaineko edozein aipu desagerraraziz; eta inpunitatea hedatzea Trantsizioaren beraren krimenendako.
Proiektu hura gauzatu baitzen eskubide sozial eta demokratikoei uko egitea auzitan paratzen zutenen kontra. Erresistentzia hori iberiar penintsulako puntu geografiko guztietan gauzatu zen, eta ez ziren «terroristak», Martin Villak erdeinuz dioen bezala. Eta toki horietan guztietan indarkeria sistematiko eta orokortua aplikatu zen denboran zehar.
Horregatik daude bi bertsio kontrajarriak Trantsizio espainiarrari buruz: su eta gar, pilotakada polizialen bitartez ezarri zutenena, eta haren mugen aurka, bortizkeria eta errepresioa pairaturik, egin zutenena.
Halaber, garrantzizkoa da Trantsizioaren ikuspegia gaurkotasunetik mantentzea, hor ere ematen baita pertzepzio dualtasuna. Batetik, gaurko gaitz politikoen aurka egiten ari direnena (ustelkeria, askatasunen murriztea, austeritate neurrien ezarpena, bizi eta lan baldintzen andeatzea). Eta, bestetik, gaurko sistema defendatu eta hitzarmen haiek eredu hobe ezintzat hartzen dituztenena, gaurko erregimenaren oinarrizko harria bailiran, auzitan paratzeak pikotan jartzea ekarriko baitzuen. Eta sektore horretan boterearen sostengatzaile guztiak dauzkagu, banka eta enpresari handiak direla, bloke konstituzionalaren alderdi politiko eta sindikatuak direla.
Horregatik, Martin Villak boterearen kontakizuna azpimarratzen segitzen du, hots, jardun demokratikoa gauzatu zela eta Trantsizioan, diktaduran bezala, deus ez zela deliturik izan, gehienez ere akats barkagarriak. Gauzaturiko krimen guztiak, goi mailako ondasuna zen Trantsizioa lortzeko eta «terrorismoaren» aurka borrokatzeko justifikaturik zirela. Baina, zer terrorismori egin zion eraso Poliziak, 1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, ankerkeriaz, jendea metrailatu zuenean, edo 1978ko sanferminetan, 20.000 pertsonak beteriko plazan, nahierara tiro egin zuenean?
Hori dela kausa, gaur den egunean, Martin Villak inputatuta segitzen du kereila argentinarrean, eta Servini epaileak ikertzen jarraitzen du haren inplikazio zuzena Estatuko geografia ia guztian gertatutako erailketetan, indar polizialek gauzatutakoak, bera, ministro izaki, goi mailako erantzule zelakoan.
Krimen horiek, erregimen frankistarekiko haustura demokratikoaren alde borrokatzen zirenen aurkako indarkeria sistematiko eta orokortuaren testuinguruan gauzatu baitziren. Eta, horregatik, diktaduran gauzatu zirenak bezala, gizateriaren aurkako krimentzat hartu behar dira.
Horregatik guztiagatik, memoria eta justiziaren aldeko borrokan segitzen dugu. Jendartearekin dagoen eta oraindik kitatutzat jotzen ez dugun zor demokratikoa delako.
Martin Villak inputatuta segitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu