Martin Villa, piromano frankista

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Madril. Diputatuen Kongresua. 1977ko urriaren 14a. Adiskidetze izpiritua sumatzen da hemizikloan. Amnistiari buruzko Legea ari dira eztabaidatzen. Lehen mailako ezpatariek, orpoz orpo, beren esku-hartzeak egiten dituzte. Azpimarratzekoak, Marcelino Camacho PCEko eledunarena eta EAJko Xabier Arzalluzena, PSOE, UCD, PSP, APrenak antzekoak diren arren.

Lehendabizikoak, Legea, PCEk 1956az geroztik defendatzen zuen adiskidetze nazionalaren emaitza dela azpimarratu ondoren, honako hau bota zuen: «Nola adiskidetu gintezke elkar hiltzen aritu ginenok, iragan hori behin betirako ez baldin bagenuen ezabatzen?». Arzalluz ez zen atzean gelditu: «Une honetan ez du balio odol ekintzarik hona ekartzea, odol ekintzak bi aldeetatik izan baitira. Beraz, ahantz dezagun dena». Komisaria, kuartel eta sakristia anitzetan ardo espainiarrarekin edo sagaratuarekin egin zuten topa.

Horrela, maila berean paratu ziren uztailaren 18ko kolpea eman zutenak eta legezkotasun errepublikanoa defendatu zutenak; 40 urtez diktadura kriminal bati atxiki ziotenak eta haren aurka borrokatu zirenak. Dena den, horrenbeste kriminali emandako amnistia hura bezain injustuak izan ziren eskatutako ezabatzea eta ahanztura.

Martin Villa Barne ministroak berehala ulertu zuen. Bi hilabete beranduago, UCD-Suarezen gobernuak onetsi zuen abenduaren 19ko Agindua, «Segurtasuneko eta Guardia Zibileko Zuzendaritza Nagusietako artxiboetatik administratiboki erabili ezin bihurtze, artxibatze eta garbitzeari buruzkoa, legez aitortutako jarduera politiko eta sindikalekin lotutako aurrekariei zegokienez». Hau da, hizkuntza garbira itzulita: Ez dadila inolako arrastorik geldi 40 urtez frankismoak gauzatutako errepresioaz.

Oscar Alzagak, urte haietan UCDko zuzendaritzako kide eta La conquista de la Transición liburuaren egileak, aipatu du artxibo polizial eta parapolizialetako suntsiketa metodiko, sistematiko eta orokorra izan nahi zuen hura, Martin Villaren zuzendaritzapean egina, betiere Suarez presidentearen adostasunarekin. «Milioika dokumentu polizial kamioietan kargatu zituzten, Guardia Zibilaren egoitza nagusiraino, non galdara handi bat paratu baitzuten bertan erretzeko». Alemania naziak bere artxiboekin egin zuenaren antzekoa, harengandik aunitz ikasi baitzuen polizia espainiarrak.

François Godicheau historialariak, berriz, Un Estado sin pasado. La misteriosa desaparición de los archivos de la policía en España artikuluan, kontatu du Espainiako Gobernuaren ordena publikoa ikertzen saiatu zenean, Barne Ministerioaren artxiboko zuzendariak erran ziola ezen, han zegoen guztitik (125,5 kilometro lineal espediente) 1980. urtea baina lehenagoko agiriak oso urriak zirela, ordura arteko historia existitu ez balitz bezala. Bistan denez, Martin Villak oso fin egin zuen lan.

Badaezpada ere erreketatik zerbaitek alde egin izan balu, indarrean jarraitu zuen Sekretu Ofizialen 1968ko Legeak, Ministroen Kontseiluari eta Estatu Nagusiko Buruzagien Juntari ahalmena ematen diona edozein dokumentu sekretutzat edo ezkutukotzat deklaratzeko, haien irudiko Estatuko segurtasuna eta defentsa kaltetu edo arriskuan paratzen ahal badu. Hau da, txeke zuria, denbora mugarik gabe, historialariei eta estatu indarkeriaren biktimei eragozteko dokumentazio sailkatua eskuratzea.

Memoria Demokratikoari buruzko Legearen gaurko proiektuak, egia historikoa berreskuratzeaz hitz egiten badu ere, Sekretu Ofizialen Legea indargabetu gabe segitzen du, eta, beste aldera begiratuta, erraten du hori geroago eginen dela. Bitartean, CNIk ukatu egin die Mikel Zabalzaren ahaideei Guardia Zibilak gauzatutako erailketaren inguruko dokumentazioa eskuratzea, eta Barne Ministerioak aditzera eman du 23-F edo GAL bezalako gaiek sailkaturik segituko dutela.

1978ko sanferminetako gertaerei buruzko informazioaren xerka, German Rodriguezen ahaideek (bera izan baitzen orduan erail zituzten bi gazteetako bat) hamar aldiz baino gehiagotan jo dute zenbait artxibotara: Defentsa Ministeriora, Barne Ministeriora eta Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzara. Beti, izan bada, erantzun ia berdina hartu dute, zeinetan, ahalke izpirik gabe, gertaera haien inguruko inolako dokumentaziorik ez dela existitzen erraten baita.

Uztailaren 8 hartan, Martin Villa Barne ministroa zelarik, mila polizia inguruk (bertako garnizioa gehi Logroño eta Zaragozatik ekarritako errefortzuak) Iruñea suntsitu zuten. Emaitza: hildako bat, balaz zauritutako 11 lagun eta 300 pertsona inguru osasun zentroetan artaturik. Bada, ofizialki baieztatutakoari jarraikiz, iduri du sarjentu, teniente edo komandante, inspektore, komisario edo gobernadore bakar batek ere ez duela jakinarazpen edo txostenik egin gertatutakoari buruz. Gauzak horrela, bietako bat: Barne eta Defentsa ministerioek ezkutatzen al dute hari guztiari buruzko dokumentazioa? Edo, aitzitik, egia al da erraten dutena eta Martin Villa edo bere ondorengoak izan ziren desagerrarazi zutenak?

Arestian erran bezala, Barne Ministerioaren artxiboko zuzendariak adierazi zuen egoitzan zituzten 1980. urtea baina lehenagoko ordena publikoko agiriak oso urriak zirela. Bada, Martin Villa 1979ko apirila arte Barne ministroa izan zela kontuan harturik, kontuak koadratu egiten dira: urte haietan demokrata bihurtutako hierarka franko-falangista Estaturako informazio konprometitua suntsitzen aritu zen, bere agintaldiko azken eguna arte. Gainera, hori egiteko arrazoi pertsonalak, izan, bazituen.

Horregatik Martin Villa piromano frankista epaitu beharko litzateke, haren agintepean gauzatutako krimen polizialetan (Gasteizko Martxoak 3, Amnistiaren Aldeko II. Astea, Madrilgo aste beltza, Tenerife, Malaga, 1978ko sanferminak...) izandako erantzukizun politiko zuzenagatik, baina baita frankismoak diktaduran eta trantsizioan gizateriaren aurka gauzaturiko krimenak ere ezkutatu dituelako. Zigor Kodeak horrela dio, 451. artikuluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.