Beatriz Zabalondo.

Martin Ugalde, oles

2014ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ugalderi buruz hitz batzuk esateko paradak barrura begira jarri nau. Denbora-espazio antzinakoetara eraman nau. Ez oso urrutikoak, baina beste garai batekoak, gaurkoak ez bezalakoak. Beste Euskal Herri batekoak, kasik. Haren bizitza eta obra aztertu dutenentzat utziko ditut munta handiko gogoetak. Behar-beharrezkoak direnak zabaltzea, bestalde.

Etxe honek aita ponteko izan zuen: bihotz-arimak jarrita bultzatu zuen Euskaldunon Egunkaria, bere aldean gazte zituen euskaltzaleak bidelagun zituela; bera bezala barru-barrutik euskal prentsan sinesten zutenak. Hamar urte dira, gaur, utzi gintuela. Hobe genuen ilunpetan galdu zuen zoritxar malapartatu hura ezagutu izan ez bagenu! Bai, mila bider! Haatik, hark utzitako itzalari argi eustea da egin diezaiokegun omenaldirik onena.

Ugalderen nortasuna miresmena sortu ohi duten horietakoa dela ez da gezurra. Gaur ere asko ikas dezakegu haren hitzetatik. Haren eginetatik bezainbeste. Deserri etengabeko batean bizi izandako gizonaren bihotzak hunkitu izan nau beti. Haren barruan zer ote zegoen, hainbesteko eskuzabaltasunez jokatzen jakin zuen eta! Arerio politikoekin eta alderdikideekin, ikasle gazteekin eta euskaltzaleekin. Gazte euskaltzale eta ikas-goseekin. Erbestean, erkideekin; herrian, erbesteratuekin. Tokietan, kanpotarrekin. Jauregietan, herritar xumeekin. Langile-etxeetan, ahaldunekin. Hemen eta han. Erbestean bezala etxean. Helburuak, garbi. Jokaeran, garbi. Asmoetan, tinko. Beti apal. Mugarria, herria. Euskal Herria.

Gerra aurreko kontuetatik hasi eta bizitza osokoak deskribatu dizkigu bere liburuetan eta artikuluetan. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko urteetan belaunaldi gazteekin harremanetan ibili zen. Amets bat zuen gailen: «Herri kultu eta trebea izaten ikasi behar dugu». Bai, letra larriz idatzitako herria nahi zuen. Eta hark jakin lorpenak ez datozela zerutik, lanaren ondorioz baizik. Indar eta sendotasun handikoa behar du izan guztiaz gabeturik hutsetik hasteko gaitasunari heldu zaionak; behar gorritik lanari ekiteko beldurrik ez, eta, aldiro, gogor ekin izan dionak. Lanaren ohantzean zaildutako etorkizuna ikusten zuen; eta bada, bai, non lan egin: «Seme-alabei euskaraz bizitzen erakusteko; euskaldunok betidanik ezagutu ditugun balioak irakatsi eta praktikan jartzeko; euskaraz irakurri, hitz egin, irakurri, idatzi eta ikus-entzuteko; gure gizartea librea, justua eta emankorra izango dela ziurtatzeko; Nafarroako eta Iparraldeko gure anai-arrebengana hurbiltzeko; eta, azkenik, lana, geuk egindakoa eta geu garena, gure erakundeen ispiluan ikusita, munduak ezagutu, onartu eta errespeta dezan».

Jardun horretan bertan antzematen da haren adierazpide soila, barne gogo hain oparoari hitz doiak eskaintzeko zuen dohaina. Ugaldek bere-berea du euskaldun izaera, eta hortxe dauka ardatza jarrita. Haren erreferentzia sistema da euskara, eta hortik hedatzen da bizitza guztia, bizitzaren beste guztia. Euskararik gabe ez da bizitza. Organismoaren ezaugarria bada euskara, organismoaren atalak euskaradunak dira; ezin dira atalak eta euskara bereizi.

Baina lanaren fruitua jasoko badugu, trebezia beharrezkoa da; lana «janzteko», trebezia behar dugula dio: «Gu geu geure herriaren egoeraz jabetu eta besteei ulertarazteko; gure asmoak kanpoan ere onargarriak eta erakargarriak izan daitezen; non eta nola kokatu asmatzen jakiteko; gure helburuak pausoz pauso lortzen jakiteko». Alegia, argitasuna. Hori da behar duguna. Lanerako indarra izatea ez da nahikoa; orain esango genuke: «Saltzen jakin behar da». Ez, Ugaldek finago eta dotoreago diosku: lana janzten jakin behar dugu. Eta ez norberaren lanari erreparatzeko, ezpadaze Trebezia Kolektiboa eta Trebezia Historikoa eraikitzen jakiteko: Herri kultua eta trebea izaten ikasi behar dugu eta.

Ekoitzi zuen lan handia ez ezik, haren izaera intelektualaren dimentsioak ere ezagutu behar ditugu, haren ametsezko kultura eta trebeziak iristeko. Nik, eta zuk, irakurle, eta guztiok ekin beharko genioke Ugalderen lan-gogoari. Beldur naiz postmodernitatean bizitzeak ez ote digun gure aurreko jakintsuengana hurbiltzeko patxada erauzi. Edo ezabatu. Nola ezagutarazi gaurko gazteei XX. mendeko halako gizon-emakume handi askok idatzita utzi zigutela nola eraiki behar zen gure etorkizuna? Nola eraikiko dute haiek berena, ez badiegu erakusten gure herriaren erreferenteen zutoinak non dauden bermatuta?

Bizitzaren zailtasunen aurrean elkarlanak laguntzen du. Eta elkartasunak. Bidean lagunak aurkitzea da antidoto bakarra hondamendiaren, bakardadearen eta triskantzarik ankerrenaren aurka; eta, ondo dioenez Ugaldek, lana bezala, geure-geurea dugu elkartasuna —auzolana, esaten diogu gaur, sarriago—. Non galdu ditugu, edo galtzen dihardugu, geure izaeraren ezaugarri izan ditugun balioak? Ez genuke utzi behar organismoa euskararen iturriaz gabetzen. Ezta elkartasunarenaz ere, nik uste.

Ugaldek idatziak utzi zituen gauza asko. Historia ikasteko, hizkuntzetan —euskaran eta gaztelanian— zailtzeko, literaturaz gozatzeko, edota kazetaritzan trebatzeko irakurgairik ez zaigu falta; geure herri izaeraz, egoera sozialaz, politikaz, abertzaletasunaz eta beste hamaika gai hizpide hartuta jardun zitzaigun. Eskerturik egon behar dugu Ugaldek utzitako altxor paregabeari, eta batez ere, saiatu behar dugu zabaltzen eta gazteei helarazten. Gure unibertsitateetan, etorkizuneko euskal kazetariek Ugalde nor izan zen ez jakitea larria da. Are larriagoa iruditzen zait hori ez gertatzeko biderik urratu ez izana. Martin Ugalde katedra bat sortzea mesedegarri lukete gure Unibertsitateak eta gure Herriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.