Maroto jauna, pertsona orok du duintasunez bizitzeko eskubidea

Belen Arrondo, eta Eva Blanco
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta-DBE eta, oro har, gizarte-laguntzak direla eta, etorkinak jomugan ipini dituen gezurretan oinarritutako kanpaina abiarazi dute Gasteizko alkateak eta PPk azken asteotan. EH Bilduk abiapuntu etiko eta zibiko argi batetik heldu nahi dio eztabaidari: euskal herritar guztiok, hemen bizi garen guztiok, hemen jaio, Afrikan jaio ala Madrilen jaio, duintasunez bizitzeko eskubidea dugu; Administrazioak duintasunez bizitzeko gutxieneko baldintzak bermatzeko eskubidea dugu. Eskubidea, diogu, pertsonak bezala guztiok dugun eskubidea. Ez da karitatea, inondik inora.

Ziur gaude euskal jendarteak bat egiten duela oinarrizko printzipio horrekin. Euskal jendarteak elkartasunean oinarritutako gizarte-sistema aurreratu baten aldeko hautua egin du, euskal herritarrok ez baitugu Estatu Batuen eredua inportatu nahi, han gaur enplegua eta etxea dituena bihar kale gorrian bizi baitaiteke, bere ondasun guztiak supermerkatuko orgatxo batean pilatuta eta inolako babes publikorik gabe.

Gure sistemaren gabeziak ukatu eta ezkutatu gabe, gu harro gaude. Euskal herritar guztiok harro egoteko motiboak ditugu elkartasunaren eta eskubide sozialen aldeko hautua egin duen jendarte horren kide garen aldetik, hein handi batean hautu horrek jendarte gisa dugun duintasunaren neurria adierazten baitu.

Hori hala dela jakiteak lasaitasuna ere ematen digu. Bai, lasaitasuna ematen du jakiteak bihar guk geuk edo gure seme-alabek, premia larrian egonez gero, duintasunez bizitzeko gutxieneko baldintzak sistema publikoak bermatuta izango ditugula, ez dugula supermerkatuko orgatxo bat beharko gure bizitza osoa hor nola edo hala gordetzeko.

Guztion artean eraiki dugun laguntza-sistema hori da jokoan dagoena; elkartasunean oinarritutako sistema da Maroto eta PP arriskuan jartzen ari direna. Gezurren bidez eta inolako daturik gabe, sisteman iruzurra erabat hedaturik dagoela sinetsarazteko gogoak azalpen bakarra du: sistema bera suntsitzea dela azken helburua. Horretaz jabetzeko aski da euren proposamenak aztertzea. Bat ere ez doa ustezko iruzurraren aurka. Aitzitik, PPren tesia garaile ateraz gero, gazte askok eta askok, DBE jasotzeko aukera galduta, emantzipatzeko aukera apurrak ere galduko lituzkete. Eta etxekoandre aritzearen lana duten emakumeei dagokienez ere egoera antzekoa litzateke, PPren planak menpekotasun ekonomikora kondenatzen baititu. Labur esanda, Marotok eskubideak murriztea besterik ez du proposatzen. Gaur DBE kobratzen ez duenak bihar ere ez du jasoko PPren tesia gailentzen bada; alderantziz bai, ordea, gazteek, emakumeek eta etorkinek oinarrizko beharrak asetzea ahalbidetzen dien hileko errenta hori galduko dutelako.

PPk etorkinen eta gezurren atzean ezkutatzen du hori. Estrategia bidegabea bezain zaharra da, faxismoak eta eskuin muturrak krisi garaietan behin eta berriz horretara jotzen dutelako: etxekoak lehenago, atzerritarrak kanpora! Ez Marotok ez PPk ez dute ezer asmatu. Frantziako Fronte Nazionalaren edota Greziako Urrezko Egunsentiaren mezuak hezurmamitzen du, funtsean, etorkinen aurkako PPren diskurtsoa, eta bere kanpainaren oinarrian etxekoak-kanpokoak dikotomia faltsu eta onartezina agertzen zaigu.

Historiak diskurtso horrek dakartzan ondorio latzak erakutsi ditu behin baino gehiagotan. Etxekoen eta kanpokoen artean lubakiak eta hesiak eraikitzea izugarrizko erasoa da bizikidetzaren aurka. Horregatik da garrantzitsua euskal herritar guztiok eraso xenofobo horri tinko aurre egitea eta ozen aldarrikatzea hemen bizi garen guztiok, salbuespenik gabe eta jaiolekuari begiratu gabe, duintasunez bizitzeko eskubidea dugula, eta harro gaudela guztion artean eraiki dugun sistema publikoak duintasunez bizitzeko gutxieneko baldintzak bermatu behar dizkigulako. Gaur, une honetan krisiaren ondorio latzak pairatzen ari direnei; bihar, gutariko edonori beharbada.

Erantzun publikoa indartzea, ez ahultzea, da hartu beharreko bidea, eguneroko errealitateak gizarte-laguntzen sistemak dituen gabeziak eta mugak azalarazi baititu. Egun asko dira, gehiegi, premia larrian eta inolako laguntza sozialik gabe bizi diren pertsonak, azken urteotan PPk eta PSEk EAJren oniritziarekin egin dituzten murrizketen ondorioz. Euskal herritar asko bazter batean geratu dira, sistemak alboraturik, bizi-baldintza duinak izateko eskubidea ez balute bezala.

Gutxienekoak bermaturik ez dauzkaten pertsona horiek sisteman txertatzea da jendarte bezala dugun erronka eta, beraz, edozein aldaketak edo erreformak norabide horretan joan behar du, euskal herritar guzti-guztiok, salbuespenik gabe, duintasunez bizitzeko eskubidea ez ezik, horretarako egiazko aukera ere badugula ziurtatu arte. Bidea ez da, ezin da izan, ahulenen artean ahulenei eraso egitea, horrek xenofobia ez ezik, haustura sozialean sakontzea ere dakarrelako.

Horregatik, etorkinen aurkako kanpaina arduragabea berehala bertan behera uzteko eskatu nahi diegu Marotori eta PPri, datozen hauteskundeetan okerren daudenen kontura boto gutxi batzuk eskuratu nahiak inolaz ere ez duelako justifikatzen bizikidetza arriskuan jartzea.

Halaber, euskal herritar guztiei dei egin nahi diegu PPren joko maltzurrean ez erortzeko, etxekoak-kanpokoak dikotomia faltsua ez onartzeko eta jarrera xenofobo horiek baztertu eta sozialki zigortzeko, hala egingo ez bagenu, jendarte gisa duintasuna galtze bidean egongo ginatekeelako. Eta hori ez Marotori ez inori ezin diezaiekegu onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.