Euskara irakaslea

Marmotaren eguna Frantzian

2025eko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Frantziako egoera politikoa barre egiteko modukoa ala negargarria den, hori ez daukat batere argi. Alabaina, erabat ziur nago nirekin bat etorriko zaretela, honako iritziari dagokionez: dagoeneko Frantziako lehen ministro ohi Michel Barnierrek gutxi iraun bazuen, François Bayrou gobernuburu berriaren agintaldia ere arras laburra izango dela, bere aurrekoaren ibilbidearekiko paraleloa. Macronen erabakia berbera izan da bien kasuan, horregatik da horren aurreikusgarria pauetarraren patua. Egin dezagun azken hilean gertaturikoaren errepasoa. 

Duela pare bat hileko artikuluan, Barnierren gobernu berriaz jardun nuen. Artikulu hartan, Marine Le Penen ohartarazpenez eta zentsura-mozio baten arriskuaz aritu nintzen, lider ultraeskuindarrak mehatxuzko doinuz gaztigatu baitzuen Macron, adieraziz RNk (alegia, Bilgune Nazionalak) ez zuela gobernagarritasuna bermatuko. Eta halaxe izan da: ezkerrak eta ultraeskuinak zentsura aktibatu zuten abenduaren 4an, Barnier eroraraziz. Hasiera batean zemai hutsa izan zena errealitate bihurturik, Macronek bere alfilaren ondorengoa bilatzeari ekin zion. Halabeharrez, jakina. 

Abenduaren 4an bertan, bazuen presidenteak zeruaz tipula egin eta ezkerrera begiratzeko aukera. Bigarren aukera. Behin egia bilakatuta LFI Frantzia Intsumisoaren eta Fronte Popular Berriko gainerako indarren abisua, batzuek bazuten oraindik gobernuaren osaeran aldaketa substantzialak egongo ziren igurikimena. Alderdi Sozialista historikoa prest zegoen botere exekutiboaren gidaritzaren ardura bere lepoaren gainean hartzeko. LFIren eta macronzaleen artean egonda, Olivier Faure edo PSko beste kideren bat ongi posizionatua egongo zen ezkerraren nahiz zentro-eskuinaren babesa lortzeko. Nazio Biltzarreko kideen gehiengo absolutua. 

Ba ez. Macronek, berean setatuta, bere jatorrizko asmoei eutsi die: zentro-eskuinaren eta eskuin gaullistaren gobernua, ezkerreko partiduez paso eginik. Kasik kanbiamendurik ez: Barnierren kabinetean zeuden alderdi bertsuek osatzen dute Bayrouren gobernua. Barnierren Les Republicains, Macronen Renaissance partidua, Bayrouren Mugimendu Demokrata, Horizons liberala, Jean-Rene Etxegarai menbru duen Demokrata eta Independenteen Batasuna, Alderdi Erradikala... Hori duk hori berrikuntza! 

Lurraldeen Kudeaketarako ministro François Rebsamen-en Federakunde Progresista (FP) da alderdi berri bakarra. Pentsatuko zuen presidenteak, FP Alderdi Sozialistatik irtendako hainbat politikarik sortu zutenez gero, partiduak kutsu aurrerakoia emango ziola Bayrouren kabineteari. Bayrou bera izendatzea bezalaxe (Bayrouren alderdia, Mugimendu Demokrata, Barnierren Les Republicains baino pitta bat progresistagoa da; ez, ordea, bere izendapena handikiro ospatzeraino). Ezta hurrik eman ere! 

Itsasoz Haraindiko Lurraldeetarako ministro berria, Manuel Valls, aurrerazaletasunaren antitesia da. Vallsek immigrazioaren kontrako kuotak defendatzen ditu; gaizki iruditzen zaizkio zentral nuklearren eta elikagai transgenikoen aurkako manifestazioak; adierazi du jubilatzeko, bere ustez, 41 urte eduki behar direla kotizatuta; eta, gainera, Barne Ministerioaren arduraduna zela, ijitoen kontrako gurutzada ahalkegarria abiarazi zuen. Susmoa dut ez ote duten izendatu Le Peni gustua egin eta bere sostengua segurtatzeko. 

Alderdi berberek sostengatuko dute Bayrou. Alderdi berberak izango ditu oposizioan. Zentsuraren itzal luzeak ospelean edukiko ditu ministro izendatu berriak datozen hiletan. Noiz arte iraungo du Bayrouren taldeak? Barnierrek hautsitako laburtasun-errekorra hautsiko du berak ere? Ba al dauka C planik Macronek bere lehen ministroa ordezteko momentua ailegatzen denerako? Hamsterraren gurpilean harrapaturik, Frantziako politika paralisi-egoeran dago, iduri eta Matignon hotelean marmotaren egunean bizi direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.