Gazte torturatu batzuen aitak egindako galderari erantzunez, Grande-Marlaska epaileak esan du behar bezainbeste neurri hartzen dituela, «prebentzio gisa», torturak ebitatzeko. Gezur galanta, zeharo uko egin izan baitie beti nazioartean torturaren prebentzioan lan egiten duten erakunde guztiak hamar urte luzez eskatzen dabiltzan hiru neurri prebentibori. Hain zuzen, Auzitegi Nazionaleko beste hiru epailek hartzen dituzten neurriak: atxiloaldia grabatzea, konfiantzako mediku batek atxilotua ikusi ahal izatea, auzi medikuarekin batera, eta atxilotuaren senitartekoei hura non den esatea.
Errealitate gordina da iaz 63 inkomunikatuk salatu zituztela tratu txar edo torturak eta horietatik 41 Marlaskaren ardurapean zeudela; %65, alajaina! Aipatu neurri prebentiboak hartzeari uko egiten dioten beste bi epailek, bestalde, salaketen %32 jaso zituzten. Eta neurri horiek aplikatzen dituzten hiru epaileei dagokienez, berriz, soilik haiek inkomunikaturiko bi atxilotuk, %3k, salatu zituzten tratu txarrak. Atxiloaldia grabatzea epaileek agindu bai, baina oso maiz poliziek itxuraz betetzen ez dutelako gertatu ohi dira halakoak, baina begi bistakoa da neurriak hartu eta hartzeari uko egiten dioten epaileen arteko ezberdintasuna tortura salaketei dagokienez: batzuk salaketen %97 eta besteak soilik %3, alajaina!
Hain zuzen, iaz Marlaskak agindutako sarekada baten ondorioz Guardia Zibilaren barne txosten bat agertu zen oso argi uzten zuena egiazki zer gertatzen zaien espainiar Estatuan inkomunikaturiko atxilotu gehienei. Hori bai, txostenak lehendik ere nabarmena zena besterik ez zuen esaten: badirela taldetan banaturiko agente bereziak, txostenean haien ezizenekin identifikatuak, euskal militanteei legez kanpoko galdeketak egiteko prestatuak daudenak eta galdeketa horien zioa aldez aurretik finkaturiko autoinkulpazioak eta «aitorpenak» lortzea dela.
Izan ere, legearen arabera, atxilotuak deklaratu nahi baldin badu, betiere instruktorearen, idazkariaren eta abokatuaren aurrean egin behar du, azken hori inkomunikatuen kasuan beti ofiziokoa delarik, ez atxilotuak aukeratua. Beste edozein galdeketa legez kanpokoa da, baita legedi antiterrorista aplikatzen denean ere. Baina legez kanpokoak izanik ere, halako galdeketak guztiz arruntak dira, eta haien zioa torturatuak gero galdeketa legalean «aitortu» beharko duena prestatzea izaten da. Eta han uko egiten baldin badio aldez aurretik prestaturikoa errepikatzeari, torturatuak badaki zer izango duen zain: infernua, berriro.
Barne txostenak zehazten zuen nola jokatu sarekada hartako atxiloketa eta galdeketetan, eta azpimarratzen zuen hamar atxilotuetatik lauri, hiru abokaturi eta artista ezagun bati, tratu ezberdina eman behar zitzaiela. Lau haiei «une oro» tratu ona eman behar zitzaien, eta Madrila poliziaren furgoietan eraman behar zituzten, eta ez auto kamuflatuetan beste seiak bezala.
Agindu horiek guztiak hitzez hitz bete zituztela jakiteko, nahikoa da ikustea zer deklaratu zuten hamar atxilotuek, bost egunez inkomunikatuta izan ondoren, Marlaska epailearen aurrean. Tratu «berezia» jaso behar zuten laurak salaketarik egin ez zuten bitartean, beste seiak tratu txar eta torturak salatu zituzten, tartean «poltsa» eta emakumeen kasuan baita sexu erasoak ere.
Epaileak halakoetan ohikoa duena egin zuen: batere kasurik ez zien egin. Izan ere, bere aurrean ehunka inkomunikatuk salatu izan badituzte ere torturak, behin bakarrik egin baitu Marlaskak beti egin beharko zukeena: salaketa dagokion epaitegira bidali. Hori soilik Portu eta Sarasolaren kasuan egin zuen, frogak hain nabarmenak izanik, beste erremediorik geratu ez zitzaiolako.
Orain Marlaskak dio tortura salaketetan «egiazki gutxieneko seriotasuna» behar dela berak hartu beharreko neurriak har ditzan, eta azpimarratu du horretarako «gutxieneko elementu batzuk» behar direla. Pertsona batek tratu txar edo torturak salatzen dituen bakoitzean halako elementuak egongo ez balira bezala!
Hasteko, argi utzi beharra dago salaketa hutsa jada arrazoi nahikoa dela kontuan hartua izan dadin. Are gehiago jakinik torturak salatu izan dituzten gehienak aurretik autoinkulpatzera behartu dituztela polizia egoitzetan eta ondoren epailearen aurrean «aitorturiko» guztia ukatu dutela. Eta frantziar Estatuan ez dela inoiz halakorik gertatzen.
Oso argigarria da halaber Europar Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteak, CPT, espainiar Estatura bisita egin izan duen bakoitzean sinesgarritasuna eman izan diela Auzitegi Nazionaleko epaileek mespretxaturiko hainbat tortura salaketari. Froga faltaren aitzakiapean mespretxatu ere. Ukaezina den bezalaxe Euskal Gobernuak, Arartekoak eta Kriminologiaren Euskal Institutuak argitaraturiko ikerketetatik ez dela preseski ondorioztatzen euskal militanteen tortura salaketak gezurrezkoak direnik.
Horren guztiaren aurrean, ozen esan beharra dago Marlaska epailearen jokabidea torturatzaileen konplize batena dela eta gure indar guztiekin eskatu behar dugula lehenbailehen Egiaren Batzorde bat osa dadin, torturatzaileek eta haien konplize guztiek kontuak eman ditzaten haren aurrean.
Ea zer azalpen ematen dituen orduan Marlaskak!
Marlaskak ezkutatzen duena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu