Mario Onaindiaren nazioa

2012ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Mario Onaindia ez da gure artean behar bezain ezaguna, ez idazle bezala eta ez pentsalari bezala. Ez zaio merezi duen lekurik aitortu, ez euskal literaturan ez euskal pentsamenduan. Hala ere, ekarpen nabarmengarriak egin zituen arlo bietan.

Literaturaren arloan, euskara erabili zuen sorkuntza lanetarako. «Gizaki ororen aberririk barnekoiena bere haurtzaroa bada, Mario Onaindiarentzat euskara izan zen aberri horren hizkuntza». Euskaltzale porrokatua izan zen. Haren euskarazko lan guztiak (nobela, ipuin, artikulu, itzulpen…) Mario Onaindia Biblioteka-n bilduta daude, Manu Gojenolaren ahaleginari esker.

Oraindik orain, Mario Onaindiari buruzko saiakera bikaina kaleratu berri du Fernando Molina Aparicio historialari bilbotarrak (Mario Onaindia (1948-2003) Biografía patria, Biblioteca Nueva, Madril, 2012). Liburua, funtsean, nazioari buruzko gogoeta da. «Ezin baztertuzko lana» dela iritzi dio Juan Pablo Fusi pentsalari donostiarrak.

Mario familia nazionalista baten altzoan jaio zen. Militante jeltzalea izan zen 1964 eta 1967 artean. Hasiera hartan, nazioaren kontzepzio «kulturalista» defenditu zuen, Txillardegiren edota Krutwigen arrastoan. Gertakari objektibotzat zeukan nazioa (hizkuntza, paisaia, historia, memoria). Norberaren gainetik legokeen izaki transzendental moduko bat zen berarentzat. Helburu absolutu edo erlijioaren ordezko bat balitz bezala.

Bigarren une batean, nazionalista ezkertiarra izan zen. Teoria marxista besarkatu zuen eta abertzaleen nazioa euskal langile klasearekin uztartzen ahalegindu zen («pueblo trabajador vasco»). Horrela, Burgosko epaiketan, Eusko Gudariak abestuz batera, «gora Espainiako langileria» oihu egin zuen. Marxismoa eta nazionalismoa bateragarri bihurtu nahi izan zituen. Ahalegin horretan, zenbait testu marxista euskaratu zituen kartzelan zegoela (Louis Althusserren Pour Marx famatua, horien artean).

Borroka armatuaren bidea hautatu zuen. 1967an sartu zen ETAn, Bosgarren Asanbladaren ondoren. 1969an Bilbon atzeman zuten. Pedro Alberdi idazle eibartarrak Marioren bizitzako lehen zati horren berri eman digu Carlos esaten zioten gizona izeneko narrazio atseginean. 1970ean heriotzara kondenatua izan zen Burgosen. Zortzi urte preso eman ondoren, Belgikara erbesteratua izan zen 1977an.

Handik aurrera, nazionalismotik urruntzen hasi zen pixkanaka, gaztetan nortu zuen nazio erromantikoarekin hautsi arte. Euskadiko Ezkerraren sorreran parte hartu zuen. EE eta EPKren batasuna bultzatu zuen. Autonomia Estatutua onartu ondoren, indarkeria nazionalista gaitzetsi zuen. Eta, berehala, heroi izatetik traidore izatera pasatu zen (bizkartzainek babestuta bizi behar izan zuen).

Ondoren, PSE-EE alderdia sortuz, abertzaletasuna eta espainiartasuna bateratu nahi izan zituen. Postnazionalismoaren bolada izan zen hura. Euskal autogobernuaren ikuspegi foruzale eta liberalaren atzetik ibili zen. Foruak eta Konstituzio espainiarra bateragarritzat zeuzkanXIX. mendeko foralismoan aurkitu uste zuen euskal hiritarra izateko modu egokia.

Azken unean, bere «giro civilista» delakoa egin zuen. XVIII. mendeko errepublikanismo ilustratuan antzeman zuen zein litzatekeen hiritar baten benetako aberria (horri buruzko doktore tesia idazten ari zen). «Nazio» ideia modernoaren eta «aberri» klasikoaren arteko bereizketa nabarmendu zuen: nazioan berez gaude kokatuta; aberriak, berriz, askatasunez bizitzea ahalbidetzen du.

«Marioren aberria errukiz blaitutako askatasuna da». Hiritarraren askatasuna bermatzen duen lurraldea («el lugar donde se es libre»). «Ez jaiotzen garen herria, libre bizi nahi dugun herria baizik». Ez al digu honek Xabier Lete zenaren «aberri poetikoa» gogorarazten? («amesten dut aberri libreago, ederrago eta gizakoiago bat»).

J. M. Ruiz Soroak dioen moduan, «Mario no se hizo nunca constitucionalista español, sino que se convirtió en constitucionalista a secas, intentanto abstraer en la libertad la esencia de su trayectoria vital». Horixe besterik ez da Jürgen Habermasek proposatu duen «abertzaletasun konstituzional» delakoa: hiritarren askatasuna eta berdintasuna bermatzen dituzten erakunde batzuekiko leialtasuna. Garrantzitsua ez da Konstituzio zehatz baten letra, hura inspiratzen duten printzipio unibertsalak baizik.

Bizitzako azken zatian, nazioaren kontzepzio laiko, tolerante eta pluralistaren alde egin zuen. Gupida, solidaritatea, tolerantzia eta, bereziki, askatasuna dira nazio zibikoaren ezaugarriak. Nazioa ez dago herritarren gainetik, hauen menpe baizik. Euskal nazioak komunitate nazionalistaren eta komunitate zibikoaren artean hautatu beharra daukala adierazi zuen. Seguruenik, FernandoBuesaren eta Miguel Angel Blancoren hilketek zerikusirik izango zuten Marioren azken biraketa horretan.

Nazioa, izan, kontakizun edo komunitate imajinatua da (B. Anderson). Norberak modu ezberdinez lantzen du «nazioaren narratiba». Mariok gertaera pertsonal bihurtu zuen nazio identitatea. Bere bizitzako gaitzat hartu zuen («harentzat nazioaz hitz egitea bere buruaz hitz egitea zen»). Azken boladan, bere-berea egin zuen aberriaren ideia ilustratu eta errepublikanoa.

Marioren ibilbidea, beraz, bilaketa prozesu etengabea izan zen. Nazioari buruzko ideia behin eta berriz aldatu zuen. Izan ere, Kant handiak esan zuen bezala, jakintsuarena baita iritzia aldatzea. Nazionalismotik errepublikanismora egin zuen ibilbidea. Kanon abertzaletik urrundutako leialtasun zibiko bihurtu zuen bere gaztaroko nazioa.

Euskaldun heterodoxoa izan zen. Abertzale disidentea. Eta askok ez diote hori barkatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.