Irantzu Varela.

Marimutil itsusiez eta parte-hartze politikoaz

2016ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gizon nagusi, itsusi eta fatxa batek bere burua zilegi jo du egunkari batean honako hau galdetzeko: «Zergatik izan behar dira Bildu eta CUPeko emakumeak hain itsusiak?».

Orokorrean hitz egiten zuela alde batera utzita —badakit gizon horrek ez dituela «emakume independentista» guztiak ezagutzen, ez behintzat Bildukoak—, haserrea eta kezka eragiten dit onartu behar izateak haren ausardia ez dela ez arraroa eta ez harrigarria.

Gizon horrek argitara eman du beste askok pribatuan —eta ez beti— pentsatu eta zabaltzen dutena: jaungoikoak (edo patriarkatuak) ezarritako irizpideak betetzen ez ditugun emakumeak ez garela atseginak.

Bizi dugun menpekotasun sistema patriarkal honek emakumeoi askatasun limosna txikiak eman izan dizkigu, urteak joan urteak etorri. Bozkatzeko, gidatzeko, lan egiteko, dibortziatzeko edo kontu korrontea izateko aukera eman digute denborarekin. Alabaina, erailak, bortxatuak eta baztertuak izaten gara oraindik ere, gehiengoaren atsekabearen eta axolagabekeriaren aurrean. Hori bai, gero eta jende gehiagorentzat oso gauza gaitzesgarria da. Baina inolako asmorik izan gabe neurri zehatzak hartzeko edo jokabide matxistak emakumeek gizartean duten paperarekin zerikusia duela onartzeko.

Bada esklabotza mota bat zeinetik askatzeko aukera inoiz emango ez diguten, sistema bera haren gainean eraiki dutelako: gure lekuan egotearena, gure papera betetzearena, gugandik espero dena egitearena; besteen desirak eta beharrakasetzea, alegia. Zaintzea eta apaingarri izatea.

Gure espazioa eremu pribatuarena da, gure betebeharra besteen gustukoa izatea eta besteen zerbitzura egotea; gai garrantzitsuak, berriz, gizonezkoentzat dira, jendearen erdia bakarrik diren arren.

Eta esklabotza horretatik at bizi nahi duen emakumea zigortua izango da. Hemen ez ditugu harrikatuko, zehatuko edo estaltzera behartuko. Hemen, eremu publikoan aritzera ausartzen garen emakumeoi —gure eskubidea balitz bezala—, gizen, itsusi, argal edo zaharrak garela esango digute. Gure orrazkera, gure janzkera eta gure gorputza bilakatzen da hizpide.

Izan ere, politikan aritzera ausartzen garen emakumeok desobeditu egiten dugu. Izan ere, gizonezkoen sistema matxista honetan, inor ez da harritzen ordezkaritza eta erabakitze guneetan gizonezkoak bakarrik ikusita; inoren harridura ez du eragiten alderdien zerrendetan gorbatak eta bizarrak bakarrik ikusteak, baina asaldagarria da emakumek batek egin beharko ez lukeena egitea: negoziatzea, protestatzea, edozein forotan hitz egitea, edozein gaiez iritzia ematea, bere ikuspegia defendatzea edota bere interesak besteen interesen parean jartzea.

Hori egiten duten emakumeak lekuz kanpo daude gehienentzat; desatseginak eta deserosoak dira. Horretan aritzen garen emakumeok, nahita edo nahi gabe, patriarkatuaren oinarriari desafioa egiten diogu: gizonezkoek agintzen dute, eta beharrak dituzte; guk, obeditu, eta behar horiek asebete egiten ditugu.

Baldarra, zaharkitua eta gainditua dirudien arren, ez da hala. Azken mendeetan emakumeok gainditu izan ditugun esklabotza guztiek— errebelatu izan direnei esker betiere— hobetu egin dituzte gure bizi baldintzak eta gizartean dugun lekua, baina ez dute ekarri, inondik inora, gure menpekotasunezko lekua lagatzea. Gure menpekotasuna haien asebetetzea baita.

Zaintzaile moduan eta ederrak izanik asebetetzea. Inposatzen diguten eremua pribatua da, bertan bete behar dugulako zaintzaren inposizioa. Eta edertasunaren baldintza ere inposatzen digute. Aurrez ezarritako edertasunaren kontzeptua irreala, arbitrarioa eta bidegabea, eskuraezina delako. Ia inor ez da egokitzen eredu horretan, baina oso bestelakoa da kontzeptuarekin bat ez datorrena emakumea bada.

Hala, emakumea eremu politikoan murgiltzen denean, eremu pribatuan bakarrik aritzeko duen mandatuari desobeditu egiten dio, eta inork ez dio barkatuko edertasunaren mandatua ere ez obeditzea.

Beraz, emakumeak, politikan parte hartzearekin batera, ikusgai egin beharko ditu bere gorputza, aurpegia, sexualitatea, arropa eta orrazkera, ondasun publikoak izango balira bezala; inposatutako ereduak betetzen ez dituztenean guztien barre, iritzi eta umilazioak pairatu beharko balituzte bezala, trufatzen aritzen direnak eredu horietatik oso urrun egon arren.

Emakumeak, bidezko deritzonaren alde borrokatzeko eskubidea praktikan jartzearekin batera, onartu beharko du bigarren mailako aurkari edo aliatutzat joko dutela aurrean dituen gizonezkoek, eta ondoan dituenek ere bai; diskurtsoari baino bere bularrei arreta handiagoa jarriko dietela eta bere ileari dituen proposamenei baino garrantzi handiagoa emango diotela.

Arazoa da halako gauzak gizon nagusi, itsusi eta fatxa batek esaten dituenean matxista erradikalenek bakarrik txalotzen dutela, zeinak, Jule Goikoetxeak dioen legez, eskasak eta aspergarriak diren. Zer egin, ordea, berdintasunez eta kide gisa ikusi beharrean etsai eta lorontzi gisa ikusten gaituztenak gureak direnean...?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.