Mariano Ferrerren falta sumatzen dugu

Sabino Ormazabal eta Ramon Zallo
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Eta haren falta sumatzen dugu bai alderdi afektiboan —pertsona ona zen—, bai komunikatzeko eta gogoeta egiteko zuen gaitasunean. Zer pentsatuko luke gaur? Zer jarrera izango luke munduan gertatzen ari diren aldaketa handien inguruan?

Uztailaren 14an, hiru urte beteko dira Mariano hil zela, eta batzuk elkartu gara hark egindako ekarpena gogoratzeko, eta gogoeta egiteko bai hark emandakoaz, bai gaur egungo komunikazioaren eta kazetaritzaren alderdi etiko eta politikoez; EHUren udako ikastaroetan ariko gara, ekainaren 22an eta 23an. Asmoa da erakustea Mariano Ferrerrek zer pentsamendu modu zuen eta kazetaritzan nolako metodoa erabiltzen zuen analisi politikorako euskarri batean eta bestean: prentsa idatzian, irratian eta telebistan...

Marianok kazetaritza zintzoa, librea, kritikoa, hezitzailea eta arduratsua egin zuen. Horretaz guztiaz hitz egin nahi dugu egun horietan Donostiako Miramar jauregian. Izena eman daiteke oraindik, eta han elkartzeko deia egin nahi dugu; saioak goizez izango dira, eta hori guztia eta gaur egungo errealitatea aztertuko dugu.

Marianok gogoeta egiten laguntzen zigun, zioenarekin ados egon ala ez. Gauzak hainbat ertz eta ikuspuntutatik begiratzen laguntzen zuen, eta, gehienetan, jarrerarik ahulenak eta zaurgarrienak sendotzen zituen. Dotore egiten zuen, gainera, espantu egin gabe eta ahotsa goratu gabe. Bazekien denborak menderatzen. Desadostasunak zeudenean, arrazoia ematen zizula zirudien hasieran, baina segituan esaten zituen «baina», «hala ere», «honako hau ere kontuan izan beharko litzateke» eta halakoak... Eta, orduan, irmoa zen. Arrazoinamenduaren fenomeno bat izan zen, eta edukiak sotiltasun dialektiko handiz aletzen zituen.

Kosta egiten zitzaion ezetz esatea. Askotariko proposamenak bidaltzen zizkioten hainbat eta hainbat tokitatik laguntza eske, eta denak onartzeko prest zegoen. Gutxitan esaten zuen ezetz ekitaldi batean arbitratzeko eskatzen ziotenean, eztabaidetan eta topaketetan moderatzaile gisa aritzeko esaten ziotenean, hainbat plataformatan parte hartzea eskaintzen ziotenean —halaxe bozeramaile izateko eskatu ziotenean ere, 18/98 kasuan bezala—, oso urruneko jarrera zutenen artean bideratzaile izateko erregutzen ziotenean... Hala, alderdi askotan inplikatu zen: Elkarri mugimenduak antolatutako Bake Konferentziak moderatu zituen, SOS Arrazakeria taldean sartu zen, Donostiako Zinemaldiko prentsa zuzendaritzan ibili zen, eta Egin bidea bakeari egitasmoan ere lagundu zuen, Donostiako bulebarrean aulki batzuk erabilita egindako borobilean.

Marianok harreman bitxia zuen bere irakurleekin; jarrera irekia izateko eskatzen zien, eta, horretarako, erreferentzia eta gako asko ematen zituen, bakoitzak nahi zuena pentsa zezan. Politikaren ikuspegi etiko bat izan zuen beti, haren miserietan asko sakondu zuen arren. Gure kontraesanak zorrotz aztertzen zituen. Ez zen ohiko zutabegile bat, eta ez zitekeen aurreikusi zer idatziko zuen. Errealitate poliedrikoko puzzle desberdinetarako piezak egiten zituen; argudioak testuinguru eta guzti ematen zituen beti, eta inoiz ez ziren izaten aldez aurretik espero bezalakoak. Behin eta berriro begiratzen zion aztertu beharrekoari ikuspegi guztietatik. Metodo induktiboa zuen, lerroak ateratzen zituen, eta, etorkizuna beti zalantzazkoa denez, zer gerta zitekeen deduzitzen zuen. Bere metodoan, distantzia hartzen zuen, baina ez goitik, alde batetik baizik, hurbiltze-urruntze teknika erabilita. Ez zen frankotiratzaile bat, baina bazuen otso bakarti baten antza, arrunt maite baitzuen bere independentzia. Gorroto zituen eslogan bitarrak, silogismo sinplistak, beste egia batzuen aurka botatako egia handiak eta «dagoena dago» esanez etsitzen zutenak. Ihes egiten zuen onen eta gaiztoen mapetatik, eragileak beren egoeren eta aukeren aurrean jarri, eta gehiago kritikatzen zituen aukerak, aukeren bultzatzaile zuen background-a baino.

Mariano Ferrerren hausnarketa kritiko batekin amaituko dugu testu hau, Lo que dije y digo (Esan nuena eta diodana) liburuan Imanol Muruak jasotakoa; Muruak ere parte hartuko du ekitaldian. Muruak galdetu zionean gertatzen denari buruzko egia bilatzeaz ahazten ari ote garen, Marianok honela erantzun zion: «Kazetaritzak onartu egin du garaian garaiko politikariaren esku uztea tituluak. Informazioa ontziratuta doa, prêt-à-porter, informazio bera batean eta bestean; ez da ahaleginik egiten informazio propioa emateko, jakina ez dena ikertzeko. Hitzen eguneroko apar moduko hori jaso besterik ez du egiten, gertaerak ia kontuan hartu gabe. Informazioa eta iritzia nahastea ekarri du horrek. Kazetariak ez daukanez datu adierazgarririk esku artean, jolasean aritu behar du adjektiboekin, literaturarekin, iradokizunekin eta, noski, iturri anonimoekin». Horretaz guztiaz hausnartu nahi dugu.

Hitzaldiak eta mahai inguruak amaitzean, Eli Garmendia ikastaroaren edukiei buruzko elkarrizketa bat abiatzen saiatuko da, hau ez baita ekainean amaituko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.