Ramon Zallo.

Mariano Ferrer eta bake kazetaritza

2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Elixabete Garmendiak koordinatutako liburuan parte hartu dugunok (Mariano Ferrer. El periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa, Erein, 2023) miretsi eta maitatu egiten genuen Mariano bizirik zela, eta gogoan dugu duela lau urtetik, joan zenetik. Liburua, beraz, esker onez egin diogun omenaldi bat da: eman zigunagatik, eta haren memoriak iraun dezan.

Haren figura

Mariano Ferrer hainbat gauza izan zen aldi berean. Zutabegile gogoetatsua izan zen, slow journalism delakoa egiten zuena: kazetaritza patxadatsua, alegia. Analista politikoa ere izan zen, begi zolikoa, uste sendokoa, ikuspegi etiko errotukoa eta mugimendu sozialekin konprometitua. Muin-muineraino demokrata, kultua, poliglota, donostiarra izatearen harrotasunez betea, eta gizatasun barekoa.

Errealitateei disekzioa egiten zekien. Nolabait ere, auzi-mediku lanak egiten zituen gure gaitz endemikoekin eta gure balentriekin, eta euskal politikaren inguruan egiten zituen kronikei egia zerien. Horrez gainera, hizlari fina zen, ulermen geruza ugarikoa, sinplekeria eta manipulazioa erdeinatzen zituena. Zutabegilea, irrati kazetaria eta telebista gidaria izan zen, eta, gertakari politikoen atzean zegoena agerian uzteaz gainera, ideiak ematen zizkigun, eta esperantza.

Ideologiari dagokionez, zaila da hura etiketatzea —ez zuen ez tradizio marxistarik, ez sozialistarik eta ez komunistarik, ez tradizio nazionalistarik eta ez liberalik—, eta, hala eta guztiz ere, haren pentsamendua printzipioetan eta balioetan oinarritua zegoen. Humanista autodidakta zen, ezkerrekoa, irekia, bidaidea bokazioz, bitartekaria, euskaltzalea, erabakitzeko eskubidearen aldekoa, erradikalki indarkerien kontrakoa, eta jardunean aritu zen biolentzia zerabiltenek hura bertan behera uzteko giltzarriak aurkitzeko.

Hain zuzen ere, nekaezin aritu zen lanean euskal gatazkari konponbideak aurkitzeko. Ausarta zen, bakartia, eta haren pentsamendua ez zegoen inora lotua. Ez zuen egiten odol gaiztoko iruzkinik, ezta laidorik ere, baina nabarmen uzten zituen trakeskeria politikoak, ironiaz gehienetan eta haserrez gutxi batzuetan. Kazetaritza egiatia egiten zuen, kritikoa, hezigarria eta arduratsua.

Kezkatuta zegoen lanbidearen minbizitzat zeukanaz: uste zuen hedabideak adierazpen kazetaritzaren mende daudela, baita erredakzioak gatibu dauzkaten kabineteen mende ere, eta, beraz, muzin egiten diotela interes sozialagatik argitaratzeko irizpideari.

Kazetari handia izan zen, baina, oroz gain, pertsona bikaina, eta haren falta sumatzen dugu.

Mariano Ferrer etabake kazetaritza

Indarkeria goreneko urteetan, Mariano Ferrer ez zen izan bakarra Euskal Herrian lubaki kazetaritza egin ordez bake kazetaritza edo peace journalism delakoa egin zuena, baina bai gutxietako bat. Johann Galtungen definizioaren arabera, kazetaritza hori ez da neutrala; gatazka konpontzeko prozesuetan engaiatzen da, berreraikuntza eta adiskidetzeprozesuetan, eta egiarantz, gizarte zibilerantz eta konponbiderantz bideratuta dago.

Zenbait eskuliburutan Galtung, Tehranian, Center for Global Peace Journalism, Wolfsfend..., bildua dago zein diren bake kazetaritzaren ezaugarriak.

Ez ditu inoiz gatazka baten parteak bitara mugatzen; aitzitik, gatazkako parte guztien jarrerak eta interesak identifikatzen ditu. Informazio orekatua bilatzen du, askotariko iturrietan. Uko egiten die hala propagandari, nola «gu haien kontra» moldeko txosten polarizatzaileei. Zubiak eraiki, eta ikuspegi sakona eta testuingurua ematen ditu, indarkeriaren berri modu axalekoan eta sentsazionalistan eman ordez. Arbuio egiten die errepresentazio estereotipatuei, eta, kontrara, ahalegina egiten du konplexutasunari, xehetasunei eta eremu grisei argi egiteko. Kontrakontakizunak eskaintzen ditu, sinesgarritasuna kentze aldera hedabideek betikotutako pertzepzio okerrei.

Ahotsa ematen die biktimei eta ahotsik ez dutenei, eta ez du informatzen soilik eliteentzat eta boterearentzat, eliteei eta botereari buruz. Bake kazetaritzak kontu handiz hautatzen eta aztertzen ditu hitzak eta irudiak, surik piztu ez dezaten. Proaktiboa da, gatazkaren pizgarriak zein diren aztertzen du, eta elkarrizketa eta konponbide baketsuak sustatzen saiatzen da, baina panazeetan erori gabe.

Beti errespetatzen ditu printzipio etiko profesional hauek: zehaztasuna, egiatasuna, ekitatea eta duintasunaren errespetua. Informazioa frame batean jartzen du beti, hau da, esparru kontzeptual batean, eta zerumuga inspiragarri batean, non funtsezkoak diren giza eskubideak, demokrazia, aniztasuna eta berdintasuna. Aintzat hartzen du eragileak ez daudela posizio berean egitura informatiboari dagokionez, arreta berezia jarrita gatazka bateko edozein partetako eragile subalterno edo zapalduei.

Bada, horixe dena egin zuen Mariano Ferrerrek: hain zuzen, haren kazetaritzaren argazki bat dirudi deskribapen horrek. Hedabideen sistemaren parterik handienak, ordea hala euskal hedabideenak nola sistema zentralak, ez zuen bake kazetaritza egin.

Aitzitik, hedabide sistema menderatzaileak oztopo egin zien konponbideei, eta txitean-pitean tartekatu zituen jokabide hauek: gasolina dialektikoa erabiltzea egoera jakin batzuei su emateko; indarkeria nork edo zerk eragin, horren arabera beste alde batera begiratzea; eta funtsezko gaien inguruan isilik geratzea.

Laburbilduz, Mariano Ferrerrek egin zuenaz bestera, hedabide menderatzaileek ez zuten bake kazetaritza egin, hamarkada luze eta traumatiko haietan gure gatazkak bideratzen laguntzeko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.